Komunika sortu dute, publizitateko profesionalak eta ikasleak lotzeko

EHUko irakasleek eta ikasleek sortu dute elkartea, eta formakuntza ekitaldiak antolatuko dituzte

Joseba Etxebarriak jardunaldi batean aurkeztu zuen Komunika elkartea, atzo, Bilboko La Salve fabrikan. M. DEL VALLE / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Publizitateko eta harreman publikoetako profesionalen eta mundu akademikoaren artean lankidetza sustatzeko, Komunika komunikazioaren euskal elkartea sortu dute. Bi munduen arteko elkarlanean bereziki formakuntzari bideratutako ekitaldiak antolatuko dituzte. Atzo aurkeztu zuen elkartea Joseba Etxebarria Gangoiri EHUko publizitate irakasleak, Bilbon. Jardunaldi bat egin zuten, aurkezpen gisa, eta Kataluniako publizitateko eta harreman publikoen profesionalen elkargoko zuzendari nagusi Antonio Traugott gonbidatu zuten.

Etxebarria izan da elkarte berriaren sortzaile nagusia. «Asmoa da bide berriak bilatzea publizitate arloko mundu profesionala eta akademikoa elkartzeko. Unibertsitatean argi dugu harremanak sendotu behar ditugula arlo profesionaleko enpresekin eta langileekin». Elkarte horretan batik bat ikasleek parte hartuko dutela nabarmendu du Etxebarriak. Harekin batera, Komunika elkarteko zuzendaritza batzordean Angeriñe Elorriaga EHUko irakaslea —Arista enpresan eta Euskaltelen publizitate sailean lan egin izan du— eta Asier Moran Fuertes soziologoa daude.

Etxebarriak jakinarazi duenez, EHUko Publizitate saileko irakasleak prest daude harremanak sustatzen laguntzeko. «Oraingoz, irakasleak eta ikasleak gaude elkarteko batzordean, baina ateak zabalduko ditugu publizitate arloko profesionalak sar daitezen».

Atzoko jardunaldian mahai inguru bat egin zuten, eta bertan Bizkaiko publizitate agentzien elkarteko presidente Jose Felix Ruizek ea Ekonomialarien Euskal Elkargoko presidente Iñaki Ruizek parte hartu zuten.

Sektorea berpizten ari da

Elkartea Bizkaian sortu dute, eta beste herrialdeetara zabaldu nahiko luketela azaldu du Etxebarriak. «Gonbidatu ditugu Gipuzkoako eta Arabako profesionalak. Badakigu zaila dela horrelako elkarteek arrakasta izatea, baina badauzkagu harreman batzuk, eta posible den neurrian are gehiago sakonduko dugu harremanetan. Baliagarri izan nahiko genuke ikasleak sektorean lanean has daitezen ere. Agentziei ere esan nahi diegu mundu akademikoa hor dagoela, laguntzeko. Transformazio digitalera egokitzea ere garrantzitsua izango da guztiontzat».

Publizitatearen sektoreak urte txarrak izan ditu Euskal Herrian, krisialdi ekonomikoaren eraginez. «Orain berpizte fasean dagoela esango nuke», adierazi du Etxebarriak. «Profesionalek esaten didate sektorea bere onera itzultzen ari dela, baina, hala ere, garai bateko aurrekontuak baino txikiagoak izaten dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.