'Lur eta Amets, hau bai abentura!' saioa ematen ari da egunotan ETB

Marrazki bizidunetako atal bat ematen dute lehenbizi, eta, gero, familia umedunen lehiaketa bat

Lur eta Amets historiari eskainitako marrazki bizidunen fotograma bat. LOTURA FILMS.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun

Animaziozko Lur eta Amets filma Euskal Herriko makina bat herritan eta hiritan proiektatu zuten joan den neguan —otsailaren 7an estreinatu zuten ofizialki—, eta neska-mutikoek historian bidaiatzeko aukera izan zuten saioko bi pertsonaia nagusiei esker. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendutako lana beste formatu batean iritsi da orain telebistara: astelehenean estreinatu zuen ETB1ek Lur eta Amets, hau bai abentura! saioa, eta animaziozko telesail bat eta umeak dituzten familien lehiaketa bat uztartuko dituzte, hiru astez. 21:00etatik 21:30era ari dira ematen ETBko lehen katean; ETB3n, 15:30etik 16:00etara.

Proiektua Katxiporretaren, Ikastolen Elkartearen, Elkarren eta Lotura Films ekoiztetxearen artean ekoitzi dute. Miren Berasategi Lotura Filmseko ekoizleak azaldu duenez, programako hamahiru minutu Euskal Herriaren historia kontatuko duen animaziozko telesailari eskaintzen dizkiote. Beste hamahiru minutuetan, «irudi errealeko» saio bat prestatu dute: familien lehiaketa bat.

Gauero, Lur eta Amets pertsonaiak amonaren ganbaran elkartuko dira, emititu behar duten marrazki bizidunetako pieza aurkezteko. Igartza monumentu multzoan egin dituzte grabaketak, Beasainen (Gipuzkoa).

Lehiaketan, gauero bi helduk eta bi haurrek parte hartzen dute. Ikusitako animazio kapituluaren inguruko galderak, jolasak, ekintzak eta probak gainditu behar dituzte.

Hortaz, marrazki bizidunetako atal bakoitzean landutako garai historikoa hobeto ezagutzeko, askotariko probak egingo dituzte: mimikakoak, marrazketakoak, garai historikoen inguruko galderak eta esamoldeak. Izan ere, kapituluan agertzen diren esaldi batzuk euskaraz bestela nola esango liratekeen asmatu beharko dute partaideek.

Lehen bi egunetan, antzinako ehiztarien eta erromatarren gorabeherak plazaratu dituzte saioan. Gaur, hirugarren atalean, Orreagara (Nafarroa) bidaiatuko dute, 778. urtera. Ibañetan, Gartzea Aritzaren aginduetara, soldaduek aurre egingo diote Karlomagnori. Nafarroako Erresumaz arituko dira biharko atalean. Eta, astea bukatzeko, Erdi Aroko Gasteizera joko dute ostiralean, azokako ofizioak ikastera.

Datorren astean, Inkisizioa Zugarramurdira (Nafarroa) iritsi zeneko gorabeherak, Baionak txokolatearekin duen lotura historikoa, Arabako Errioxako ardoak, II. Karlistaldia eta Industria Iraultza jorratuko dituzte.

'3 ene kantak', ETB3n

Haurrentzako beste saio bat itzuli da aste honetan ETB3ko programaziora: 3 ene kantak. Ikusi eta ikasi atal berrian, ekologiari, naturari, sexuen arteko berdintasunari eta elikadura gaiei buruzko ezagutzak azalduko dituzte. Lorez lore atalean, berriz, Euskal Herriko hainbat naturgune eta txoko bisitatuko dituzte. 08:30ean eta 20:30ean ematen dute saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.