Txinaren agintea barreiatzeko bidea

Txinako ekialdetik Afrikaraino doan azpiegitura eta merkataritza sare erraldoia martxan jartzeko proiektuari bultzada eman dio Pekinek. Asiako erraldoia eta mundua elkarri lotzeko inoizko proiektu handinahitsuena da, baina herrialde batzuk ez dira fio zetaren bide berriarekin.

Xi Jinping Txinako presidentea, atzerriko agintariak gidatzen. DAMIR SAGOLJ / EFE.
Zigor Aldama.
Shanghai
2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
XXI. mendeko munduko ordenak zerikusi gutxi izango du XX. mendekoarekin.AEBen hegemonia ukaezinaren aroa igaro da, eta badirudi mendebaldeko blokearen nagusitasuna amaitzekotan dela. Txina eta gorabidean diren Asiako potentzien multzo handi bat ari da euren botere demografikoa baliatzen, eta munduan dagokien lekua exijitzen dute. Baina ez diote Europako kolonizatzaileen ildoari jarraitzen. Globalizazioak eskaini dizkien tresnak erabiltzen dituzte: eskulangintza, teknologia eta berrikuntza, barne merkatu handiak eta inbertsioak planeta osoan.

Zetaren bide berria —Xi Jinping presidentearen arabera, Txinan hasi baina «mundu osoarena» dena— adibide ona da ikusteko nola ari den Asiako erraldoia mendebaldearen lekukoa hartzen mundua egituratzeko orduan. Azpiegitura eraikuntza eta integrazio komertziala bilatzen dituen proiektu megalomanoa da: 4.400 milioi biztanle eta BPG globalaren %40 sortzen duten 68 herrialderen parte hartzea du. Lurreko eta itsasoko ibilbideen bidez lotuko dituzte. Ingurabidearen eta Bidearen Ekinaldia izen ofiziala jarri diote, eta joan den astean egin dute Pekinen lehen nazioarteko foroa orain dela hiru urte jaurti zen ideia zehaztugabeari edukia emateko.

Ekitaldian parte hartu duen estatuburu kopuru handia ikusita—proiektuak izan dezakeen indar ekonomikoa laudatu eta prest agertu direnak parte hartzeko—, badirudi mundua prest dagoela egoera berri bati ekiteko, non munduko boteregune nagusia ekialdera mugiaraziko den. Izan ere, hutsune garrantzitsuena, espero zena eta jakina zena, Donald Trump izan da. Azken finean,AEBetako presidentea da, iragarri dituen neurri protekzionisten ondorioz, Txina sustatzen ari dena globalizazioaren eta merkataritza librearen aitzindari gisa.

Ez dirudi Pekinek pasatzen utziko duenik aberats polemikoak eskaini dion abagunea, eta, zehaztasun gutxi izanagatik, dudarik gabe zetaren bideak izan dezake erregimen komunista gailurreraino eramateko indarra. Xik iragarri du 113.000 milioi euro bideratuko dituztela «bakea, integrazioa eta merkataritza librea» ardatz izango dituen bidea eraikitzeko. Txinako mandatariak ziurtatu du planarekin hautsiko direla «aurkakotasun eta botere diplomatiko jokoen» iraganeko eskemak.

Ekialde Urruneko Foroko espezialistak bat datoz ideia horrekin. «Munduarekin harremanetan jartzeko Txinak inoiz egin duen proiektu handinahitsuena da», diote azterketa batean. «Ideiaren sorrera garrantzitsua da. Txinak antzinatik Asiako auzokoekin dituen harremanetatik abiatzen da, Txinaren loraldiak dagoeneko bistako eragina duen herrialdeekin dituen harremanetatik». Australiako Unibertsitate Nazionaleko foro horrek azpimarratu du aukera handiak eskaintzen dituela, bost alor ezberdinetan neurriak proposatzen dituelako, integrazio ekonomikoa errazte aldera: araudiak, azpiegiturak, merkataritza eta inbertsioa, finantzak eta truke sozialak.

Zehaztasun falta

Dena den, oraindik askok galdetzen diote euren buruari —eta ez zaie arrazoirik falta— nolakoa izango den zehazki zetaren bide berri hori, Eurasia zeharkatu zuen iraganeko ibilbidetik haratago jo eta itsasotik Afrikaraino iritsiko dena. Kontrakoen ustez, azken helburua da izaera neokolonialeko marko bat ezartzea, Txinako ekonomiari mesede egiteko, batez ere: bere produktuak saltzea erraztuko duten trenbideak —Txina ekialdeko Yiwu hiritik Madrileraino doa bat—, Txinako enpresen eskuetan geratuko diren azpiegitura proiektu erraldoiak, eta milaka milioi euro inbertsio modura mozorrotutako maileguetan gutxien garatuta dauden herrialdeek Pekinekiko duten mendekotasuna areagotuko dutenak.

Kezka hori nabaritzen dute Pekin eta Singapur abiadura handiko bide baten bidez lotu nahi dituen proiektuan parte hartzen duten Asia hego-ekialdeko herrialde batzuk. Laosen eta Thailandian erresumina eragin du planak, ez baitiote justifikaziorik ikusten halako inbertsio erraldoi bati, ziur aski etekin handiena Txinan geratuko baita. Edonola ere, Asiako erraldoiko agintariek ziurtatu dute proiektu guztiek badutela horietan parte hartuko duten gobernu guztien babesa, eta elkarrenganako etekina bilatzen dutela. Win-win (irabazi-irabazi, ingelesez) modan dagoen kontzeptua da.

Nahiz eta zalantza asko ez argitu, joan den asteko foroak balio izan du proiektuaren handitasuna baieztatzeko, eta zenbakiak jarri dizkio Txinak atal ezberdinetan egin nahi duen apustuari. Gobernuak eman dituen datuen arabera, Pekinek 8.000 milioi euro jarriko ditu lurreko eta itsasoko bideetan obra zibilak egiteko. Era berean, bazkide txiroenak 265 milioi eurorekin lagunduko ditu, premiazko elikagai programak egin ditzaten. Bestalde, atzerriko 5.000 zientzialari eta administrari heziko ditu, Txinan ikertu nahi dutenentzat 2.500 egonaldi labur eskainiko ditu, eta elkarlanean egindako 50 laborategi eraikiko ditu proiektuan dauden herrialdeetan. Guztira, planaren diru funtsak 50.000 milioi eurotik gora ditu jada.

Kapital horren kudeaketan zeregin ezinbestekoa izango du Azpiegituretan Inbertitzeko Asiako Bankuak. Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren aldean sortu den proiektu paraleloetako bat da, erakunde horiek Txinari eragiten dioten mesfidantza tradizionalari jarraituz. Bistan da Xik —Mao Zedongen eta Deng Xiaopingen ondoren botere handiena izan duen Txinako presidenteak— bere arrastoa utzi nahi duela historian, oinarri militarra baino gehiago ekonomikoa duen munduko ordena berri bat sortuta. Haren hitzetan, «bidezkoa, arrazoizkoa eta gardena» den sistema berri bat sortu nahi du. Xirentzat, zoritxarrez, hor dago arazoa: hainbat herrialde eta gobernu ez dira hitzokin fio, hain justu ere Txinaren lidergoak opakutasun handiegia duela uste dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.