Gauzak behar ez duten tokian jarriz marraztu zituen Josiv Stalinek Kirgizistan, Tajikistan eta Uzbekistan. Ordutik, ehunka uzbeko bizi dira Kirgizistanen, eta tajiken kulturaren gune behar zuten hiriak erbesteratuak dira: Samarkand eta Bokhara okerreko aldean jarri zituzten, Uzbekistanen. Eta denen erdian, mugek hautsita, Fergana harana dago. Haren bihotzean Ox. Hiri horretan, berriz, bakerik ez aspaldion.
Hala nahiko zuen Stalinek. Mugak bidegabeki jartzea, izan ere, ez zen apetak emanik egindako zerbait izan, Asia erdialdeko herrialde haiek denak ahul mantentzeko estrategia baizik. Eta asmatu zuen Stalinek: berezko ekonomia unitaterik gabe, kultur gune eta talde etnikoak sakabanatuta, hiru herrialde horiek ez baitute gaur arte burua altxatzerik izan. Pobreziak eta diktaduren modura egindako demokraziek ito dute Asia erdialdea.
Errealitate horrek eragindako gaitz denak dituzte Fergana haranean; Ox eta Jalal-Abaden egunotan.
1. Gobernu berria
Kurmanbek Bakiev agintetik egotzi zutenetik, Kirgizistan nabarmen ezegonkortu da. Presidente izandakoaren aldekoak dira nagusi hegoaldean; eta han osatu dute, hain zuzen, Rosa Otunbaieva jarduneko presidentearen aurkako erresistentzia. Haatik hegoaldeko uzbekoak behin-behineko gobernuaren alde lerratu dira. Eta horrek bi etnien arteko ezinikusia areagotu du.
Otunbaievaren behin-behineko gobernuak ez du asmatu hegoaldea kontrolpean hartzen. Armada bidali du; baina, giroa baretu ez, eta indarra gehiegikeriaz erabiltzea egotzi diete soldaduei -adituen ustez, armadako buruzagien artetik asko Bakieven aldekoak dira-.
Azken gertaeren atzean, hain zuzen, Bakiev bera dagoela uste dute askok. Otunbaievaren iritziz, bederen, Bakieven familiak eragin ditu borrokak, hilaren 27an egitekoa den erreferendum konstituzionala boikotatzeko. Andrea Smichtz Asia erdialdeko politikako adituak, haatik, ez du horretarako gai ikusten: «Ez dut uste Bakiev hori dena antolatzeko gai denik, are gutxiago erbestetik, Bielorrusiatik. Hala ere, ziur naiz liskarrak haren gertukoek nahiz jarraitzaileek eragin dituztela. Argi gertatu da azken egunetan agintea eta baliabideak beste inoren eskuetan uzteko prest ez daudela».
Smichtzen hitzetan, antolatutako kriminalekin egingo zuten bat Bakieven jarraitzaileek, eta lehendik lehertzear ziren liskarrak sutu. Lekukoek aditzera eman dutenez, izan ere, erasotzaileak ongi antolatuta zeuden.
2. Etniak
Asia erdialdeko giza geografia askotarikoa da; hango etniek mosaikoa osatzen dute. Haien arteko elkarbizitza gobernatuko duen aginte sendorik, baina, ez du herrialde batek ere.Eta gutxiengo eta gehiengo arteko desorekan, gutxi behar izaten da etnien arteko gatazkak sortzeko. Kirgizistango hegoaldean, hala, hainbatetan lehertu dira uzbekoen eta kirgizen arteko liskarrak. 1990ean, kasu; orduan 300 bat lagun hil zirenOx hirian -tropa sobietarrak bidali behar izan zituzten liskarrak amaitzeko-.
Kirgizistanen bost milioi pertsona bizi dira, eta haietatik %15 uzbekoak dira. Fergana haraneko zenbait gunetan, baina, beste aldera egiten du balantzak: kirgizak baino gehiago dira uzbekoakgune horietan. Eta zenbakietan gain hartzen dietelako, Uzbekistanek aukera baliatuko duen beldur agertu dira; euren lurrak okupatuko dituzten beldur, hain zuzen. Adituen ustez, beldur horrek eragin ditu hein batean egunotako borrokak.
3. Eskualde ezegonkorra
Demokraziak huts egiten du Asia erdialdeko herrialdeetan. Horrek eragiten du egoeraren ezegonkortzea. Beti ez azaleratuagatik ere, urteetan irtenbiderik aurkitu ez dioten gatazka bizi dute, izan ere, Kirgizistanek, Tajikistanek eta Uzbekistanek. Mendekuak mendekua eragiten du, eta amaierarik ageri ez duen zirkulu makabroan, diktadurak berritzen dira.
Azken urteetan haren agintaldiak itxura txarra hartu bazuen ere, etnien arteko tentsioa baretzen asmatzeagatik egindako lana aitortzen diote Kirgizistanen Bakieven aurretik presidente izandakoari, Askar Akaievi. Bakievei, aldiz, agintea bere familia aberasteko baliatu izana leporatzen diote. Eta Otunbaieva gobernuan denetik, ez du egoerak okerrera besterik egin.
Haatik, harekin muga egiten duten herrialdeetan ere egoera ezegonkortuz doa. Eta lehendik ere ez zen herrialde horietako egoera samurra. Uzbekistanen, bestek beste, oposizioari arnasa hartzeko betarik eman gabe agintzen du Gobernuak. Tajikistanen, berriz, gerra zibilean egon ziren orain gutxi.
Pobreziak eta ezinegonak, gainera, muturreko islamista egin ditu asko; eta horrek are gehiago ezegonkortu du eskualdea.
KIRGIZISTANGO GATAZKA. Diktadoreak, sobietarren oinordeko
Josiv Stalinek herrialde ahulak izan zitezen sortu zituen Kirgizistan, Tajikistan eta Uzbekistan; gaur egun sobietarren legatu dira hiru herrialde horiek; hala, pobreziak eta etnien arteko gatazkek eskualde ezegonkor bihurtu dute Asia erdialdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu