Beti krisian, beti eraldatzen

Bederatzi hedabidetako bederatzi zuzendari eta kazetarik kazetaritza pasioz bizitzearen garrantzia nabarmendu dute Donostian, Deustuko Unibertsitateko ikasleen aurrean.

Bederatzi komunikabidetako ordezkariekin kazetaritzari buruzko bi mahai inguru egin zituzten atzo. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Belaunaldi desberdinetakoak izan arren, bi mahai ingurutan, zenbait kazetarik gogoratu dute unibertsitatean esaten zietela ez zutela lanik aurkituko. Ez zutela aukerarik izango kazetaritzatik bizitzeko. Susmo txarrak, ordea, ez dira bete kazetari horien kasuan. Urteak daramatzate lanean, sektorearen eraldatze guztietan egokitzen. Kazetaritza beti krisian egon dela aipatu dute behin baino gehiagotan. Periodismo 2030 taldeak antolatuta, Kazetaritza Berria jardunaldia egin zuten atzo Donostian, Deustuko Unibertsitateko komunikazio ikasleen aurrean.

Lehen mahai inguruan prentsa idatziaz mintzatu dira. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak nabarmendu du «subjektibotasun zintzoa» existitzen dela. Jose Manuel Navarro Crónica Vasca-ko erredaktore buruak ohartarazi du kazetaritza «gero eta transmediagoa» dela. Eduardo Iribarren Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendariak testuinguruaren zailtasunak azaldu ditu: «Jendeak kontziente izan behar du kazetaritzak prezio bat duela. Eta informazioa nahi duenak ordaindu egin beharko du».

Krisiak krisi, eraldatzeak bata bestearen atzetik, baina egunkariek paperean argitaratzen dute oraindik ere. Otamendik zera nabarmendu du: «Egunkariek ez dute papereko edizioa ixten digitalean soilik aritzeko, negozioaren egitura paperetik dator eta». Iraganeko kontu batzuk amaitu dira, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak oroitarazi duenez: «Urte askoan, egunkarien negozioa publizitatea, promozioak eta salmentak ziren. Baina egunkariak egun ez dira mass media-k, eliteentzat baizik: beraien inguruan eragina duten eliteentzat dira».

Otamendik aitortu du egun negozioa egitea zailagoa dela egunkari batentzat: «Publizitatea sakelako telefono batean saltzea oso zaila da». Sotok, halaber, nabarmendu du Facebookek eskuratzen duela trafikoa. Eta Iribarrenek, ildo berean: «Googlek jartzen ditu arauak. Eta ez dago horrentzat alternatibarik».

Juanma Velasco El Diario Vasco-ko zuzendariordearen ustez, kalitatezko eduki gehiago eskaini behar dira, «jendea horiengatik ordaintzeko prest egon dadin».

Miren Gutierrez Deustuko Unibertsitateko irakasleak moderatu du lehen mahai ingurua, eta egunkarien zuzendariei galdetu die ea zer eskatzen zaien praktiketan hasten diren kazetari gazteei. Otamendik «pasioa» eskatzen die kazetari gazteei. «Kazetaritza pasiozko ogibidea da».Velascok «ilusioa» aipatu du: «Formazioa garrantzitsua da, baina ondo baliatu behar da». Navarrok uste du funtsezkoa dela «jakin-mina izatea», baita «gai propioak lantzea» ere.

Irratiak ez du behera egin

Komunikabideetan praktikak egitea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Andrea Abasolo Onda Vascako multiplataforma koordinatzaileak. Jardunaldiko bigarren mahai inguruan ikus-entzunezkoez aritu dira, eta Abasoloren hitzekin bat egin dute Eva Domaika EAEko SEReko eduki zuzendariak, Arantza Ruiz EITBko albistegietako zuzendariak eta Usoa Zubiria EAEko TVEko kazetariak.

Ruizen iritziz, osasuntsua da kazetariak eta komunikabideak kritikatzea. «Baina pentsatu nahi dut ez gaudela hain gaizki. Gizartearentzat oso onuragarria den lan bat egiten dugu». Irratiari dagokionez, mezu eta datu baikor bat eman du SEReko kazetariak: «Azkeneko urteetan irrati entzuleen kopuruak ez du beherantz egin. Bestetik, uste dut komunikabideok itsasargi gisa jokatu behar dugula». Ruizek ere uste du irratiak etorkizun «polita» izango duela.

Bai lehen mahai inguruan, bai bigarrenean, testuinguru berrietara egokitu beharra nabarmendu dute. «Egokitzen denak biziraungo du», esan du Abasolok.

Domaikak, bestalde, iragarri du irratigintzaren eta kazetaritzaren etorkizuna kalitateari lotuta egongo dela: «Espezializazioa funtsezkoa da. Adituak garrantzitsuak dira».

Zubiriak, berriz, uste du kazetariak eta hedabideak albisteak gertatzen diren tokietan egon behar dutela. TVEko ordezkariak, halaber, azaldu du kazetariek hedabide guztietan aritzeko prest egon behar dutela. Jardunaldian aipatu duten beste kontu bat izan da, gainera, egunkarietan podcastak eta bideoak egiten dituztela, eta irrati-telebistetan idatzizko artikuluak argitaratzen dituztela.

Eduki sortzaileez galdetu dute ikasleek. Kazetariek erantzun dute belaunaldi bakoitzarentzat formatu desberdinak daudela, kazetaritzatik bereizi behar direla, baina etorkizunean formatu berriak ere iritsiko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.