Mahaiak errenkadan, eta ordenagailuak parez pare. Ez dirudi beste munduko toki bat denik, lantoki arrunt bat baizik, baina ordenagailuen aurrean lan egiten dutenek eginkizun garrantzitsua dute. Asteko lehen eguna den arren, jo eta su dabiltza lanean, eta ez da gutxiagorako, egun bat falta baita grabaketarako. Baina zer grabaketarako? Bada, Mihiluze programarenerako. Erredakzioko langileak hurrengo programetarako galderak eta probak prestatzen ari dira, gero ikusleek etxean disfruta ditzaten.
«Nahi izanez gero, inoiz amaitzen ez den lan bat da», azaldu du Goiatz Labandibar erredaktoreak. A ze pareak, Sokatira eta Zakuaren bila probetarako galderak prestatzeaz arduratzen da, eta kontatu du batzuetan, lanean ez dagoenean, kalean zerbait ikusi eta «honekin galdera bat egin dezaket» pentsatzen duela segituan.
Labandibarrek gehitu du norberaren esparrutik ateratzea dela zailena galderak prestatzeko orduan, azkenean norberak ezagunak edo gustukoak dituen gaien inguruan egiten baitira galderak. «Oreka lortzen saiatzen gara, bai lurralde historikoen aldetik, baita genero ikuspegitik ere», esan du.
Sokatira proba bi bikotek egiten dute, finaleko Zakuaren bila probara zein bikote joango den erabakitzeko. «Proba bakoitzeko, 40 galderako taula bat prestatzen dugu, eta zailtasunaren arabera sailkatzen ditugu», kontatu du Labandibarrek. Haren ustez, galdera-erantzun asko izaten dituztenak dira sokatirarik politenak.
Galderei neurria hartuz
Hasieran, galdera zailak egiten zituzten, baina horrek badu azalpena: «Jendeak zure galderei nola erantzuten dien ikusten zoazen heinean, neurria hartzen diozu probak sortzeari», esan du erredaktoreak. Grabaketa egunetan, bakoitza bere galderaren bat noiz aterako zain egoten da, Labandibarrek azaldu duenez.
Sokatira probarako zenbat galdera egin dituen galdetzean, kalkuluak egiten hasi da: «Astean 150 bat galdera egin behar izaten ditut»; hori esan bezain laster sakelakoko kalkulagailua hartu, eta, eragiketa batzuk egin ostean, hauxe esan du, harrituta: «3.000 galdera inguru; kontuz,Sokatira probarako bakarrik!».
Eroglio ezizena jarri diote Andoni Carnovichi; hura baita, besteak beste, Eroglifikoak egiteaz arduratzen dena. Ideiak, ordea, ez zaizkio hari bakarrik bururatzen: gainontzeko lankideen proposamenak jasotzen ditu. «Ez da hain proba zurruna edo zehatza; informalagoa da, eta horrek malgutasun pixka bat ematen digu hitz jokoak egiteko», aipatu du Carnovichek.
Sarritan, grabaketa asko dituztenean, biltegi zaharretara jo behar izaten du Carnovichek eroglifiko batzuen bila: «Modernizatu egin behar dira, urte asko pasatu baitira. Teknikoki, formatua eta kolorea ere aldatu behar dira, urte hauetan guztietan telebista ere aldatu baita», esan du.
Gaika antolatzen dituzte egindakoak, eta zailtasunari dagokionez, denak maila berekoak izan daitezen saiatzen dira; batzuk erraztu egin behar izaten ditu Erogliok, eta beste batzuk, aldiz, zaildu. «Datozen programetan Gabonetako eroglifikoak ikusi ahal izango dira», azaldu du. Bestalde, aurkezleen erronkei erantzunez, ikusleek proposamenak edo ideiak bidaltzen dituzte proba horretarako.
Xabier Zapirain da programaren zuzendaria, eta Mihiluze-ren bi alor garrantzitsuenak zeintzuk diren azaldu du: «Sareetako edukiak daude batetik, eta lan handiena ematen diguna bestetik: lehiaketari jaten ematen dion eduki guztia, hau da, probetako galderak». Zapirainek gehitu du oso garrantzitsua dela probei nolabaiteko gaurkotasun bat ematea, baina ez da lan erraza, hilabete pasatxoko aurrerapenarekin doaz eta: «Sagardo garaiarekin lotutako programak grabatzen hasi gara jada; urtarrilaren 15ean hasten da».
Lan hori errazteko asmoz, etengabe gerora begira dagoen lankide bat dago erredakzioan: hurrengo hilabeteetan dauden ekintza garrantzitsuak identifikatu, eta erredakzioan lana horren arabera banatzeaz arduratzen da. «Jendeari zenbat eta gaurkotasun handiagoa eman, orduan eta gustagarriagoa egiten zaio programa», gehitu du Zapirainek.
'Mihiluzeen' atzeko lana
Irailean itzuli zen 'Mihiluze', zenbait proba berrirekin. Programa horren erredakzioa bisitatu du BERRIAk, eta proba bakoitzaren atzean dauden prestaketa lanak ezagutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu