Euskal Fedibertsoa:https://t.co/2o5maGFIhA audioahttps://t.co/LYUQcglrAW foroakhttps://t.co/W6qAaY6kHq sare sozialahttps://t.co/0pfHxGNeCw. sare sozialahttps://t.co/rnHBwx1wl2 bideoakhttps://t.co/c2jRqx837A bideoakhttps://t.co/0FA8GrWq6V irudiakhttps://t.co/8fyyHAPAtw— Gorka Julio (@teketen) November 10, 2022
Luze gabe, aldaketak izango dira Twitterren. Juliok azaldu duenez, Muskek bi abiadurako sare soziala proposatuko du. «Ordaintzen dutenen eta ordaintzen ez dutenen arteko arrakala sortu nahi du. Zerbitzu bereziak eskainiko dizkie ordaintzen dutenei».
Informatikariak aipatu du oraindik inork ez dakiela kontu egiaztatuen sistema nola izango den. «Orain arte, pertsonaia publikoen kontuak egiaztatzeko zen tresna hori. Baina, orain, nabarmentasun publikoa izateaz gain, ordaindu egin beharko da. Horrek eragingo du jende gehiagok izatea egiaztatutako kontua». Baina ez dago argi nola aplikatuko duten kasuan-kasuan: esate baterako, Euskal Herriko txiolarien testuinguruan.
Musk dago fokupean, hark erosi du Twitter. Juliori iruditzen zaio, ordea, «huts larria» dela arreta harengan soilik jartzea. «Garaian garaiko fenomenoa da, eta interes jakinak daude haren atzetik. Eragile asko daude hura sostengatzen eta sustatzen».
Twitterreko erabiltzaileek —Musk iritsi aurretik ere— beste arazo bat ere badute: konpainiarekin harremana izatea oso zaila dela. Badaude kontakturako kanal batzuk, baina kale itsuak dira sarri. «Ez dago argi salaketak nola egin», kritikatu du Juliok. «Halako beste sare zentralizatuetan gauza bera gertatzen da».
Mastodon eta fedibertsoa
Plataforma teknologiko eta sare sozial handien afera ikuspuntu politikotik aztertu behar dela uste du Andoaingo (Gipuzkoa) kooperatibista eta informatikariak. «Kapitalismoaren dinamikek bide ematen diete metatzeei eta zentralizazioei. Gero, batzuek besteak jaten dituzte». Twitter, kasurako. Eta horrek komunikazio esparruari eragiten dio. Hedabideek kanal informatibo gisa hartzen baitituzte Twitter eta enparauak. Enpresa handiak dira, ordea, eta kontzentrazioa esku gutxi batzuetan gelditzen da. Haiek dute kontrola.
Horregatik guztiagatik, Juliok uste du sare sozial dezentralizatu eta federatuak izatea dela bidea. Mastodon.eus sare soziala da aukera bat —Mastodon ugari daude munduan, eta Euskal Herrikoaren erabiltzaileek beste Mastodon batzuen jarioa irakur dezakete—. «Protokolo irekia izatea garrantzitsua da. Kontuak eramangarriak izatea ere bai, toki batetik bestera eramateko». Eta bada beste gai garrantzitsu bat: algoritmo gardena. «Erabiltzaileak erabakitzea edo jakitea nola agertuko zaizkion sare sozialaren berrikuntzak».
Hartaz, euskarazko komunikabideei gomendatu die aintzat hartzeko «trantsizioa» egiteko aukera. «Bi tokietan egoteko aukera egon daiteke, Twitterren eta Mastodonen, eta gero ikusiko dute soilik Mastodonen gelditzen diren ala ez. Baina bietan egotea ez da batere kaltegarria». Aitortu du zaila dela ohiturak egun batetik bestera aldatzea, eta berehalakoan Twitterretik sare federatu deszentralizatuetara joatea.
Edonola ere, baikorra da informatikaria. «Fedibertsoa etengabe handitzen ari da. Aplikazioak ere gero eta gehiago dira». Euskal Herrian, Abaraska taldea sortu da, ekinaldi bateratuak egiteko. Youtuberen alternatiba den atari bat abiarazi dute: Peertube.