Denbora gutxian ikus-entzunezko merkatua eta kontsumoa streaming bidezko plataformetara joan da, ziztu bizian. Hala diote datuek. Baina ordainpeko plataforma horietan zenbat edukitan entzun daiteke euskara? Zenbat daude euskaraz? Herrialde Katalanetan sortutako Filmin plataforma da euskarazko eduki gehien biltzen dituena: 30 lan baino gehiago. Hego Euskal Herrian harpidetu daiteke, baina ez Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Ander filma (2009) da Filminera iritsi den euskarazko azken lana. Baserri giroko istorio bat da, eta Peruko etorkin baten eta baserritar euskaldun baten arteko harremana da ardatza. Homosexualitateaz harago doan istorio bat da. Filminen aurki daitezke 80 egunean, Loreak eta Amama film sarituak. Baita Bypass, Txarriboda, Sukalde kontuak, Eutsi, Dragoi ehiztaria, Dantza, Bi anai eta Bi txirula pelikulak ere. Halaber, euskarazko zenbait film labur topa daitezke katalagoan.
Haurrentzako Euskal Herriko animaziozko zintak badira: Nur eta herensugearen tenplua, Teresa eta Galtzagorri: Adiskidetasunaren magia, Olentzero eta Amilaren sekretua eta Elkano eta lehen mundu bira. Baita atzerriko animaziozko filmak ere, euskarara bikoiztuak: Le petit Prince, The Snow Queen, The Gruffalo, Ploey... Dokumentalen artean, besteak beste, honakoak ikus daitezke: Echevarriatik Etxeberriara, Bertsolari, Amerikanuak, Zuloak...
Amazon Prime Video plataforman, animaziozko bi film ikus daitezke euskarazko audioarekin: Dragoi Bola Z: F Berpiztua (2015) eta Dragoi Bola Super: Broly (2019). Besterik ez dago.
Munduan Netflix da liderra plataformen artean. Eta, bertan, euskarazko bi pelikula baino ezin dira ikusi: Handia (2017) eta Errementari (2017) —lehenago Loreak eta Teresa eta Galtzagorri egon ziren katalogoan—. Badira Netflixen euskarazko bikoizketa egina duten lanak baina euskaraz ikusi ezin direnak; TV3eko Merli telesailaren kasua da. ETBk euskarara bikoiztuta eman zuen telesail hori, baina plataformak ez du euskaraz ikusteko aukerarik ematen.
Gainontzeko ordainpeko plataformetan euskararik ezin den apenas entzun. HBOn eta Apple TV Plusen ez dago euskarazko edukirik. Movistar Plusen ez dago euskaraz ekoitzitako edukirik; edonola ere, ETA. El final del silencio dokumental saioan euskarazko zenbait elkarrizketa entzun daitezke. Era berean, Canal Plusek —Movistar Plusekin egin zuen bat 2015ean— hainbat telesailen euskarazko azpidatziak prestatu zituen, Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordio bati esker. Hartara, Movistar Pluseko zenbait telesailetan modua dago film batzuk eta telesail batzuen denboraldiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin ikusteko; Mr. Robot telesaila, adibidez.
Katalanez, askoz gehiago
Ikus-entzule euskaldun ugari azkenaldian kexu azaldu dira ez dagoelako apenas euskarazko telesailik —ETBk Ihesaldia estreinatuko du igandean, eta hiru telesail berri grabatuko dituela iragarri du—. Ordainpeko plataformetan ezin da telesailik ikusi euskaraz. Ez da hori gertatzen katalanarekin. Netflixen, esaterako, lau telesail ikus daitezke katalanez: Merli, Benvinguts a la familia,Si no t'hagués conegut eta Les de l'hoquei. Film batzuk ere ikus daitezke katalanez plataforma berean: Febrer (2004), Tempus fugit (2003), La propera pell (2016) eta Incierta gloria (2017). Eta, haurrentzako eskaintzan, berrikuntza bat gaineratu du Netflixek bere katalogoan: Sakura, la caçadora de cartes anime saioan katalanezko audioa jarri dute. Movistar Plusek katalanez ekoitzitako telesail bat estreinatu zuen joan den astean: Merli: sapere aude.
Baina benetan nabarmentzekoa Filmin.cat plataforma da. Bertan, 5.000 eduki baino gehiago ikus daitezke katalanez —katalanezko audioarekin edo katalanezko azpidatziekin—. Filminen euskarazko bertsio bat egiteko proiektua egon zen. Jaume Ripoll plataformako sortzailearen arabera, ez zen aurrera atera, Eusko Jaurlaritzaren interes faltagatik—Etzi.pm atariko elkarrizketa batean kontatu zuen hori Katixa Agirre EHUko irakasle eta idazleak—.
Galegoaren presentzia urria da plataforma handietan. Baina Netflixen bada galegozko telesail bat: O sabor das margaridas. Erresuma Batuan eta Irlandan arrakasta handia izan du ingelesera bikoiztutako bertsioak.
Zer ikus daiteke euskaraz?
'Streaming' bidezko ordainpeko plataformetan bakanak dira ikus daitezkeen euskarazko edukiak. Filmin plataforma da salbuespena: 30 lan baino gehiago ikus daitezke euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu