UDAKO SERIEA. Nola sortu genuen... (IV). Txotxongillo taldea. Enkarni Genua eta Manolo Gomez

Bizitza eskuetan

Enkarni Genua eta Manolo Gomez, Marionaeta Txirene panpinak soinean. GORKA RUBIO/ ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Euskararekiko maitasunak eta antzerki zaletasunak eraman zituen txotxongiloak eskuetan hartzera. Haiekin, milaka haur liluratu dituzte 43 urteotan.

Mariona magalean hartu du, etxeko egongelako sofan eserita dagoela, Enkarni Genuak. Haren aldamenean jesarri da Manolo Gomez, Marionaren neba Txirene soinean hartuta. Goxo eragiten diete beren eskuekin bi panpinei. Badakite nola mugitu, nola mintzarazi, nola biziarazi. Lau hamarkada pasa daramatzate horretan, hatzekin, egur zein metalezko helduleku baten bidez edo hariak mugituz, haiek sortutako panpinei bizitza ematen, Erreka Marirena bezalako istorioak onduz. 1971. urtean sortu zuten Txotxongillo taldea, eta gelditzeko asmorik batere ez dute. Txirenek berak argi utzi nahi izan du, Gomezen esku eta ahotsetik, «Enkarnik ez du jubilatu nahi» esanda. Barrez erantzun du Genuak, hitzok baieztatuz: «Hau egiteko, osasuna, energia beharrezkoa da, baina gero, hainbeste da ematen dizuna...». Txotxongiloaren arteari beren onena ematen jarraitzen dute gaur egunean ere.

Gaztetatik zuten antzerkiarekiko zaletasunak elkartu zituen. Donostian, Antiguako Luistarretan parrokian antolatzen ziren jarduera gehienetan parte hartzen zuten: mendi irteeretan, dantzan, umorearen karabana deitzen zen hartan, inude eta artzainetan..., baita antzezlanetan ere. «Gazteak ginen. Antzerkiarekiko zaletasuna lehenagotik ere bagenuen, baina garai hartan neska-mutilen artean elkartzeko modu bat zen, barre batzuk egitea...», dio Genuak. Urtero, pare bat emanaldi egin ohi zituen gazte talde hark, auzotarrei eskaintzeko. Gazteleraz aritzen ziren, Franco artean bizirik zela. «Orain, zaila egiten zaizue jabetzea, baina Donostia erabat erdalduna zen orduan... Gure inguruan, adibidez, inork ez zekien euskaraz, ezta guk ere. Hori geroago etorriko zen; guk ezkondu eta seme-alabak eduki ondoren ikasi genuen. Lehendabiziko alaba ikastolan matrikulatzean, gu ere euskaran matrikulatu ginen», azaltzen dute, barrez. Artean ez zekiten, baina euskara ikasteak eta antzerkiarekiko lehendik zuten zaletasunak beste bide batzuetara eramango zituen; tartean, Txotxongillo taldea sortzera.

«Alaba Jakintza ikastolan hasi zenean, guk ez genekien ezer euskaraz, eta pentsatu genuen, guraso arduragatik, ikasi beharra genuela, behintzat neskatoak ikastolatik kanta bat ekarriz gero edo txakurra esaten bazuen, hari ulertu ahal izateko», oroitu du Genuak. Baita Patxi Altunaren metodoarekin hasi zirela eta lehen irakaspena hau behatza da, hauek behatzak dira esaldiak izan zirela ere. «Alaba ikastolan, beste txiki bat sehaskan, eta hirugarrena bidean, ezin genuen euskaltegira joan, baina zorte handia izan genuen, etxera andereño fin eta jator bat etorri baitzen: Mari Karmen Garmendia». Haurrak oheratu ostean hasten ziren eskolak, gaueko bederatzietan. «Orduan konturatu ginen euskara gure hizkuntza zela, herri baten partaide ginela; beste mundu batean sartu ginen, eta jada ez ginen konformatu gabon kanta bat edo txakurra zer zen jakitearekin».

Garai hartan gurasoek ikastolen alde denetarik egiten zutela ere gogoan du bikoteak: «zozketa baterako patata tortillak egitetik, argia instalatzeraino». Horregatik, alabaren ikastolan jaialdi bat antolatu zutenean, beren burua eskaini zuten. Zein ekarpen egingo bi antzerkizaleek, eta txotxongilo emanaldi bat egitea otu zitzaien. «Andereñoek konforme zeudela esan ziguten, eta halaxe, gure euskara kaxkarrarekin... Eskerrak bideoa ez zen existitzen!», gogoratu du Genuak, barre artean. Txispa eta bere lagunak ikastolan izenburupean eskaini zuten lehen lan hura. «Gauza xume bat egin genuen, baina arrakasta izugarria izan zuen, orduan umeentzat ez baitzegoen ia-ia ezer euskaraz». Ikastoletako andereñoak maiz elkartzen ziren, eta azkar zabaldu zen inguruko eskoletara emanaldiaren berria. Deika hasi zitzaizkien Genua eta Gomezi. «Eta, handik aurrera, gelditu gabe, ahoz aho, euskaldun munduak jakin zuen gu existitzen ginela; gose handia zegoen gurasoen artean, izugarria, eta lan hura euskaraz zen. Hoberenak eta txarrenak ginen: horixe zen zegoena», barrez berriz.

Egin eta ikasi, aldi berean

Urtero leku beretatik deitzen zieten, eta, zer edo zer desberdina eskaintzeko, Txotxongillo taldekoek lan berriak sortzen zituzten aldiro. «Orduan jabetu ginen gure herrian zegoen hutsune bat betetzen ari ginela; gurea ez zela txantxetako lana, eta zer edo zer egin behar genuela gehiago ikasteko». Ez zuten eredu askorik: «Talde erdaldun bat zegoen, Colorin, udan Donostiara etortzen zena; makilaz elkar joka aritzen ziren txotxongiloen antzerki klasikoa egiten zuten. Lan handia egiten zuten, baina Colorinek euskaraz ez zekien agur ere esaten».

Bartzelona aldera jo zuten lehenik, Nova Canço mugimenduaren inguruan zebiltzan antzerki eta txotxongilo taldeengandik ikastera. «Joan Baixas eta Teresa Calafellen La Claca taldea ezagutu genuen, eta liluratuta geratu ginen txotxongiloak eskaintzen zituen aukerak ikusita. Eta esan genuen: hau da gure mundua». Ostean, Frantziara, Charleville Mezieresko urteroko jaialdira joaten hasi ziren. «Mundu hura oso zabala zela jabetu ginen; ez zela Colorin bakarrik, eta estilo eta aukera asko zegoela». Irakurriz, taldeen lanak ikusiz, jaialdiak bisitatuz..., horrela ikasi genuen. «Egin eta ikasi, dena batera izan zen».

Hastapenetan, agertoki klasiko batekin aritzen ziren. «Lehen emanaldiak euskal folklorean, mitologian eta ohituretan oinarritzen ziren». Esaterako, Sugea, gizona eta azeria Barandiaranek jasotako ipuina zen, Zezena plazan lanaren ardatza Xenpelarren bertsoak ziren, Behin batean Txindoki maldan ikuskizunak Pernando Amezketarraren pasadizoak zituen oinarri... «Eta, halako batean, Printze Txikia azaldu zen. Orduan, ume guztiek egiten zuten jaunartzea, eta opari derrigorrezkoa zen Printze Txikia liburua. Baina ez da 8 urteko haur batek ulertzeko modukoa, eta txotxongiloetarako egokitzea pentsatu genuen». 1983a zen, baina lan hura baino lehen ere hasiak ziren berrikuntzak egiten. Nabarmenena Erreka Mari-rekin iritsi zen. «Une berezi batean jaio zen», dio Gomezek, «eta ordura arte egiten genuen lan mota hautsi genuen, bai espazio aldetik, baita pertsonaien aldetik ere». Ez dute erreparorik lanik kutunena dutela aitortzeko. «Erreka Mari ikusgarria da, ederra, dekorazioa oraindik baliogarria da, eta ipuina ere ez da modaz pasa, desberdintasunei buruz eta natura zaintzeari buruz hitz egiten duelako. Haurrek maite dute, eta duela 43 urte bezala zoratzen dira egun eskaintzen dugunean ere». Ordutik, ehundik gora txotxongilo—denak dituzte gordeta— eta 22 lan sortu ditu bikoteak.

Izan ere, ikastoletako emanaldien ondotik, beste asko iritsi ziren; tartean, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoekin Donostiako Antzoki Zaharrean egindakoak. «Jende ilarak udaletxeraino iristen ziren!», oroitzen dute. Hastapenetan, batere kobratu gabe aritzen ziren; oroigarri gisa, koadro batean dute haien lehen soldata izan zen 500 pezetako billetea. Bai Gomezek eta bai Genuak beren lanbideei eutsi zieten hasieran; banketxe batean aritzen zen Gomez, irakasle Genua, eta asteburuak eskaintzen zizkieten txotxongiloei. «Jai egunetan, edo asteburuz, seme-alabak eta panpinak hartu, eta herriz herri ibiltzen ginen. Astean zehar bai hartzen genuen denbora panpinak sortzeko edo, baina emanaldiak beti asteburuz izaten ziren». Denborarekin, baina, astegunetan ere emanaldiak egiteari ekin zion Genuak. «Behin, Alemanian izan nintzen, elkartruke pedagogiko batean, eta, hartarako, Erreka Mari formatu txikira egokitu nuen, maleta batean sartzeko modukoa. Handik itzuli eta berehala, eskola itxi, eta langabezian geratu nintzen. Eta jendea astean zehar emanaldiak egiteko eskatzen ari zitzaigunez, horretan hasi nintzen», azaldu du Genuak.

'Euskal Herrian euskaraz'

Euskal Herri osoan barrena ibili ziren gerora, herriz herri, astebururo. «Euskal Herrian euskaraz leloa jaio baino lehen, gu horretan ibili ginen!», dio Genuak. «Tuteratik Garraldaraino, beti euskaraz egin dugu». Garai hartan euskararik apenas entzuten zen eskualdeetan ere bai. «Antolatzaileak animatzen genituen, esanaz euskaldun berriak ginela eta bagenekiela nola moldatu ulertarazteko. Horretarako abilezia handia genuen! Ez dakit horrek meritua duen, baina guretzat pozgarria da esatea guk ez ditugula inoiz obra baten bi bertsio izan; beti euskaraz egin dugu, lanak egokituz, jakinda ez zela gauza bera Goierrin edota Donibane Garazin aritzea».

TVEra ere iritsi zen euskara taldearekin, Xabier Kintanaren gidoiei jarraituz. Gomezek armairutik atera du Leire, 1975ean Pinpilinpauxa saioa aurkezten zuen panpina. «Leire izan zen telebistan euskaraz egin zuen lehen txotxongiloa». Ez zen kanpoan ariko ziren azken aldia izango, besteak beste Kuba, Mexiko eta Ekuadorrera eraman baititu gerora jaialdi eta bestelako proiektutan parte hartzeak. Baina urteotan guztietan ez diote utzi Euskal Herria alderik alde zeharkatzeari. «Behin, ukuilu batean aritu ginen Nafarroako herri batean; lastoz betetako ganbara batean Aia aldean... Edozein lekutan aritu gara, baita Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenian ere, edo Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin».

Bakarka bezainbeste aritu baitira beste batzuekin elkarlanean: Euskal Antzerki Biltzarreko eztabaidetan parte hartu dute, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia sortzen lagundu dute, Topic proiektua bultzatu dute... «Gure lanak sortzean ere —musika, ilustrazioak...—, diziplina asko elkartzen dira, eta denetan ezin zara izan trebea. Aspaldi gabiltza elkarlanean: lehen eta orain».

Euskal Herrian maila polita dagoela-eta, egungo egoera baikor ikusten dute. «Duela 40 urte baino askoz hobea da, dudarik ez. Lehen, hemen desertua zegoen, eta orain ez. Gainera, kontzientzia hartuz joan gara hau arte bat dela, eta mailan igartzen da hori; orain, badira zortzi bat talde arteari ekarpena egiteko kontzientziaz ari direnak»; antzerki munduan bigarren mailakotzat hartzeko ideia edo«umeen gauza» direna baztertuta. «Ni, jokatzen hasita, lehen mailan, Eibar bezala!», barrez, Genuak. «Gu maitatuak sentitu gara. Ez dugu uste Picasso edo Velazquez garenik, ez gara jenioak, eta badakigu zein den gure neurria, baina lan asko egin dugu, eta euskaraz».

Horregatik, atzera begira jarrita, egindako ibilbidearekin pozik daude biak. «Garai batean, hutsune bat bete genuen, eta txotxongilo mundu honen animatzaileak ere izan gara», dio Genuak. «Niretzat inportantea da gure asmoa beti izan dela leihoak irekitzea; muntatzeak, espazioak, panpinak eta abar beti ezberdinak izan dira, uste izan dugulako polita izango zela alde horretatik ekarpen txiki bat egitea, mundu hau oso zabala baita», Gomezen ustez. «Irudimena bezain zabala», gehitu du Genuak. «Gu makineria handi batek funtziona dezan eragiten duen gurpiltxoa gara; agian, gurpil hori ez da ezer, baina hemen gurpil guztiak beharrezkoak dira». Txotxongillo Taldearen gurpilak ibilian jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.