Ikasturte berezia izan da aurtengoa Arrosa sarea osatzen duten 25 irratientzat. Sareak urteurren biribila du aurten: hogei urte igaro dira martxan jarri zenetik. Lehen hazia, ordea, urtebete lehenago erein zuten. Euskal Herriko irrati libre batzuetako hainbat kide bildu ziren Joxemi Zumalabe fundazioak antolatutako topaketa batzuetan, eta hausnarketa kolektibo bati ekin zioten. Ondorio nagusia: beharrezkoa zen irrati horiek elkarlanean aritzea. Handik urtebetera, EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdian batu ziren ostera ere lantalde horiek, eta urte horretan landutako oinarrietatik hasi ziren sarea ehuntzen. Arrosan (Nafarroa Beherea) izan zen festibala, eta sorterriari zor dio izena sareak.
Herri, tamaina eta izaera ezberdinetako irratiek osatzen dute proiektua. Aniztasuna handia da, eta hori da Arrosaren bertuteetako bat, Iraitz Gesalaga koordinatzailearen arabera. Bada zerbait, ordea, guztiek komunean dutena: euskara. Euskaraz sortzen dituzte eduki guztiak, eta alde horretatik ere aniztasun handia daukate: herrialde guztietako irratiak daude sarean; beraz, alde bateko eta besteko euskalkiak entzun daitezke uhinetan. «Euskalki guztiak nahasten dira, eta horrek aberastasuna ematen du. Herri honen bizitasunaren isla da», dio Gesalagak. Izan ere, irratiak trukean aritzen dira, eta batek sorturiko saioak beste irratietan entzun daitezke.
Herri mugimenduen bueltan sortu zen sarea, eta bertako irrati libre asko ere inguru horretan dabiltza egun, ahotsik ez duten haiei ahotsa emanez. Halaxe azaldu du Gesalagak haien filosofia: «Komunikazioa enpresa handi eta interes ekonomiko eta politikoei erantzuten dien esparru bat da, eta hor mezu, ekintza eta mugimendu batzuek ez dute lekurik. Beraz, zuk zeuk sortu behar dituzu, eta ahotsa haiei eman».
Itzulera «amaren sabelera»
Hogei urteko ibilbidea ospatzeko, hainbat egitasmo egingo ditu Arrosak. Oraintxe bertan, beren historia islatuko duen dokumental bat grabatzeko prozesuan dabiltza buru-belarri. Hala Bedi irratiko bideogintza taldeak darama proiektua, eta hainbat protagonista batuko dituzte bertan: Arrosaren sorreran ibilitako kideak, koordinatzaile lanetan ariturikoak, eta baita egungo irratietako kideak ere. Gesalagaren hitzetan, «esperientzia polita» izaten ari da atzera begirako lana, eta parte hartzaile guztiek gogo onez erantzun diote deialdiari. Dokumentala udazkenean aurkeztu nahi dute, Arrosa irrati sareak antolatuko dituen topaketetan. Bertan ere izango dute ospakizunetarako parada.
Alabaina, iragan asteburuan izan zuten lehen urtebetetze festa. EHZ jaialdian sortu zen sarea, eta hara itzuli dira urtemugarako, «amaren sabelera», Gesalagak esan duen moduan. Zebrabidean arratsaldeetako magazin nazionalaren zuzeneko saioa eman zuten bertatik, ostiralean. Ikasturteko azkena izan zen, eta pandemia osteko lehen kaleko zuzenekoa: «Ederra izan da mikroak kalera atera eta kaleko sentsazio hori berriro bizitzea». Arrosaren urteurrenak bat egin du EHZ jaialdiarenarekin, mende laurdena bete baitu, eta saioan, bi egitasmoen historia izan zuten hizpide.
Garai berrietara moldatuz
Azken urteetan, azkar eta asko aldatu da ikus-entzunezkoen mundua, eta baita haiek erabiltzeko modua ere. Arrosa sareko kideei ere tokatu zaie garai berrietara egokitzea. «Irratia entzuteko moduei eta teknologia berrien garapenari oso adi egon da Arrosa, eta zentzu horretan izandako azkeneko erronketako bat podcastak dira», azaldu du sareko koordinatzaileak. Euskarri horiek asko zabaltzen ari dira azkenaldian, baita Euskal Herrian ere, eta gero eta komunikabide gehiagok txertatu dituzte beren eskaintzen artean. Baita Arrosak ere. Webgunean entzuteko edo sareko irratiek emititzeko podcastak sortzen hasi dira, eta datorren denboraldirako hainbat eskaintza berri izango dituzte.
Jakitun daude sukaldeetako irratiak eta zuzeneko entzuleak oraindik badiren arren bestelako joera batzuk nagusituz doazela; klik bakarrean eskaintza guztia eskura duten entzuleena, hain zuzen: «Egun, zu zoaz edukiaren bila, zuk aukeratzen duzu zer eta noiz entzun». Horregatik, webgunea indartu eta aplikazio bat sortu dute, aukera berriei bide emateko asmoz.
Hogei urte uhinak batuz
Duela hogei urte sortu zen Arrosa irrati sarea, Euskal Herria Zuzenean jaialdian, eta zuzeneko saio batekin ospatu dute urteurrena, handik. Egun, 25 irratik osatzen dute proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu