Koronabirusak jotako egoera honetan hezkuntza gaiez hitz egiteak gehienetan jadanik mahai gainean zeuden hezkuntza gaiez hausnartzea dakar. Azken hilabeteotako krisiak hezkuntza sistemaren argi-ilunak nabarmendu dituelakoan nago, eta lagundu ahal digu errazago identifikatzen zeintzuk diren aukerak, zeintzuk erronkak. Aukera eta aldi berean erronka horietako bat bada, nire ustez, irakasle lanbidearen izaera kolektiboa indartzea.
Irakasle lanbidea askotan irudikatzen da lanbide bakarti gisa; irakasleak bakarrik aurre egiten die bere gelan dituen haur-gazte taldearen (edota haren familiaren) beharrei eta bere irakasle-artearen arabera izango da irakasle bikaina edo ez. Eta modu horretan tradizionalki pentsatu izan da irakaslearena dela, maila indibidualean, bere gelan hezkuntza hobetzeko ardura, eta bere gain dagoela horretarako baliabideak garatzea. Azken hilabeteotako krisian ere fokua nabarmen egon da irakaslearengan, maila indibidualean, eta are gehiago, lehen gela barruko harreman ezkutuko horretan gordetzen zena orain agerian gelditu da. Horrek, kasu askotan, irakasle batzuen eta besteen arteko aldeak azaleratu ditu, eta ikusi da ikasleei egindako ikaste-proposamenen izaera, harremanetan jartzeko bideak eta moduak, ebaluatzeko irizpideak, erabilitako tresnak... desberdinak direla irakaslearen arabera.
Eta horren ondoan egun geroz eta indartsuago aldarrikatzen da irakasle lanbidearen izaera kolektiboa ,eta defendatzen da eskolak talde gisa jokatu behar duela, sortu behar direla irakasleen artean ikaste komunitateak gogoeta egiteko irakaskuntza nola hobetu, proposamen berriak esperimentatzeko eta haien eraginak ebaluatzeko. Sinisten da badagoela irakasle lanbidean jakintza bat, kolektiboa, gauzak nola egin jasotzen duena eta irakasleek talde gisa duten jakintza hori izango dela gakoetako bat eskolak aurrez aurre dituen erronkei aurre egiteko.
Haatik, irakaskuntzaren izaera kolektiboa indartu nahi badugu, garrantzitsua da eskolan bertan lan kolaboratiboa eskatzen duten formak sortzea. Askotan irakasleak kexu dira lan burokratikoetan ito egiten direla, eta ez dutela aukerarik «benetan garrantzitsua denaz» elkarrekin hitz egiteko. Lan kolektiboak nahi baditugu, ezinbestekoa izango da baldintzak eta aukerak sortzea hori posible egiteko; espazioak eta denborak birdiseinatu ditzakegu irakasleei aukera emateko elkarrekin pedagogiaz hitz egiteko, elkarrekin diseinuaketa inplementazioak egiteko, elkarren praktikak aztertzeko, eta horietatik abiatuta erabakiak eta konpromisoak hartzeko.
Eta ikasturte bukaera honetan, ez litzateke txarra irakasleek euren azken asteotako praktikaz modu kolektiboan pentsatzeko aukerak sortzea. Bizi izan dugun egoerak eskatzen du konfiantza giroan gertatutakoez hitz egitea, praktika on eta ez hain onak identifikatzea, beharrak ikustea, eta datorren urtera begira modu kolektiboan klaustroetan erabakiak hartzea, etorkizunera begira ditugun erronkei modu bateratuan erantzun ahal izateko.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Irakasleak talde-lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu