Josetxo Lizartza. Kazetaria

«Kaleratzean eman zizkidaten arrazoiak okerrak dira»

Bainet taldeak kaleratze gutuna eman zion Lizartzari urtarrilean, eta kazetariak auzitara eraman du ekoiztetxea. «Haserre» dago gertatu denarekin, «baina lanerako gogoz».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Herri Irratian gaztetan hasi zenetik, makina bat hedabiderentzat egin du lan Josetxo Lizartzak (Leitza, Nafarroa, 1956).

Urtarrilean BERRIAn esan zenuen «bat-batekoa» eta «ustekabekoa» izan zela Bainet taldearekin lan harremana bukatu izana. Zer gertatu da, zehatz-mehatz?

Pentsatu dutela ni gabe jarrai dezaketela. Niretzat mingarria izan da, Bainetekin inplikazio handia izan dut azken 27 urte hauetan.

Urtarrilaren 4ko pilota jaialdira ez joateko esan zizuten, ezta?

Bai, urtarrilaren 4an normal lan egin behar nuen. Egunkari batzuetan ere azaldu zen iragarkia nik egingo nuela emankizuna, Labrit pilotalekutik. Baina 3an, dei bat jaso nuen, eta gero mezu elektroniko bat, esanez ez agertzeko eta 7an Bilboko egoitzara joateko. Han eman zidaten kaleratze gutuna. Arrazoiak eman zizkidaten han, nire ustez okerrak, eta horren aurka egin nahian nabil orain. Enpresak esaten zuen ETBk bere narratzaileak jarri nahi zituela, baina hori gezurra da. ETBn pozik zeuden nire lanarekin, hori esana zidaten lehendik. Kaleratzea ezustekoa izan da, eta itsusia.

Zer sentimendu sorrarazten dizu horrela bukatu izanak?

Minduta nago, haserre. Baina horrek ez du ezkutatzen 26 urte hauek gustukoak izan direla. Baineteko nire lana ez da soilik larunbateko emankizunena izan;gauza asko egin ditut komunikazio arloan, publizitate sailekoekin, txapelketak diseinatzen, baita araudi alorrean ere, eta hainbat saiotan ekoizlea izan naiz. Ez naiz damutzen inplikazioarekin. Baina oso Baineteko aurpegia izan naiz, eta horrek beste ate batzuk itxiko zizkidan.

Lehendik beste nonbaitetik kaleratu al zaituzte?

Soilik Aranzazutik, asko haserretu nintzen. Oraingo kaleratzea ere oso bidegabea iruditzen zait. Ez dakit noiz izango dugun epaiketa. Nire abokatuen kontua da.

Zer egiteko asmoa duzu orain?

Edozer gauza. Lanerako nago. Egia da Asegarcek, lehen, eta Bainetek, gero, etsaiak sortu izan dituela; Vocento taldea eta EITB ez ditugu oso lagun izan urte hauetan. Lan asko egingo nituzke, eta ez derrigor kirol arlokoak. Beharbada, Bainetetik deitu egin beharko naute itzultzeko eskatuz.

Pilotako emankizunez zer balantze egiten duzu?

Balantze ona. Eman diogu pilota emanaldiei nahi genuen kolorea, gauza asko aldatu dira. Aldendu egin gara emankizun etnografikoetatik eta kirol moderno eta gazte batera hurbildu dugu ikuslea. Dena den, esango nuke duela bost urte emankizun hobeakegiten genituela gaur egun baino. Konpetentziarik ezak erlaxazioa ekartzen du; nabaritu egiten da ez dagoela beste telebistarik pilota profesionala ematen. Bestalde, ardura eta eginbehar asko izanditut Baineten, eta ez dut deusen damurik. Une zoragarriakkontaezinak izan dira. Gustuko lana izan dut eta horrek asko balio du.

Urte askoan gaztelaniaz aritu zinen. Nola hartu zenuen berriro euskaraz aritzea, ETBren eta Baineten akordioa zela medio?

Oso gogoz. Pilota mundua zabaltzeko helburua pixka bat txikiagotu zitekeen ETBri esklusibotasuna ematearekin. Baina ETBk ere egin ditzake akordioak beste telebista batzuekin. Nik asko estimatu dut larunbateko emankizunak euskaraz egiteko aukera. Horrek birziklatzea ekarri zidan. Lagunak izan ditut horretan, oso serio hartzen bainuen nire lana. ETBko azken lau urteak gozoak izan dira.

Egongo dira herritarrak galdetuko dutenak ea ez ote dagoen pilota gehiegi ETBn, ezta?

ETB1en ikusle datuak legebiltzarrean aurkezten direnean, faltsuak izan daitezke, ehuneko handi bat pilotarenak baitira. Baina zer egiten dugu kirola gogoko ez duten euskaldunekin? Ongi dago pilota ematea, baina hainbeste orduz? Esango nizuke ezetz, batez ere kate horrek beste gauza asko egin beharko lituzkeelako. ETBk azterketa sakon bat behar du. Euskal politikariei ahaztu egin zaie ETB zertarako sortu zen.

Herri Irratian hasi zinenetik, nolako bilakaera ikusi duzu euskarazko komunikabideetan?

Hedabideetan profesionalen aldetik, bilakaera zoragarria. Euskarazko kazetariak erdarazkoak baino askoz hobeak dira. Laguntza publikoak eta gizartearen parte hartzea hedabide horiek aurrera ateratzeko, aldiz, eskasak dira, zerbait egin dugu gaizki. Boto abertzale asko dago, euskararen alde itxuraz, baina ez gara gauza euskarazko egunkari bat bere irmotasunean eusteko. Euskarazko prentsako kazetariek irabazi beharko lukete EITBkoek edo Vocentokoek baino gehiago, eta ez da horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.