Bertsoak presentzia berezia izan du Gabirian (Gipuzkoa), «adierazkorra bezain kuriosoa, modu naturalean» bizi eta transmititu izan dena. Halaxe dago jasoa Gabiriako bertsolaritza eta Gabirian bertsolaritza ikerketa proiektua aurkezteko dokumentuan. Gaur bertan, urteroko jaialdiak bilduko ditu zaleak plazan, urte luzeetako tradizioari segida emanez. Ekitaldi eta zale berriak badatozen bezala, ordea, badira badoazenak ere, presentzia horren lekuko bizi izandako asko tartean. «Hogei urtean galdu ditugu pertsona asko, ederrak, eta beste hogei urte pasatzerako zerbait egin beharra zegoen», azaldu du Aratz Igartzabalek. «Gure bizitzaren parte izan da bertsolaritza, etxean eta herrian», aho batez, Aloña Muruak eta Marian Bidegainek: «Askoren inbidia da Gabiria, baina nahi dugu galdetu: Zergatik? Zaila da jakitea, baina intuizioz badakigu».
Galdera horri tiraka, bertako bertsolaritza eta bertsolaritzak herrian izan duen eragina aztertu nahi dute. Ez dira bakarrak: belaunaldi askotako herritarrak elkartuta, talde lanean egin nahi dute ikerketa, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak zein Gerriko kultur elkarteek emandako beka akuilu hartuta. Lan horretan dabil, besteak beste, Eresti Oiarbide ere. «Interesa eduki zezakeen jendeari esan diogu, ahalik eta gehien», azaldu du: «Lehen bileran jende dezente elkartu ginen, eta saiatu ginen lanak banatzen. Kontziente gara bekak laguntza emango digula, baina borondatez egin beharreko lana izango dela».
Elkarrizketak eta dokumentazio lana izango dira urtebeteko epean gauzatu beharreko proiektuaren ardatza. Goierrin ahozkotasuna ikertzeko beka da eskuratu dutena, baina zehazki, Gabirian eta bertsolaritzan arreta jartzea erabaki dute. «Eta, hala ere, iruditzen zaigu aukeratu egin beharko ditugula gaiak», dio Oiarbidek. Elkarrizketatu zerrenda luzea dute buruan, eta dokumentazioa biltzen ere hasiak dira: «Gero ez dakigu oso ondo zer izango den, zer forma hartuko duen horrek guztiak».
Bertsolariei ez ezik, bertsoaren inguruan mugitu den guztiari ere egin nahi diote leku, heldu nahiz gazteei. Bidegain: «Gabirian, bertsozaletasuna eta, gainera, bat-batekotasun hori, errimekin hitz egin eta erantzuteko joera hori nabarmena izan da egunerokoan». Goitizenak jartzeko ohitura ere lotu dute horrekin. Igartzabalen esanetan, «profesionalak» ziren familian hizketa eta adar jotze horretan: «Goitizenak jartzen ere ikaragarriak».
«Gabiria osoa, nik uste», erantzun dio Bidegainek: «Nik entzundako gaitzizenik ederrena, edo bitxiena: Astopentsamentue. Jarri egin behar zaio pertsona bati Astopentsamentue!». Muruak ere baditu gogoan halako batzuk: «Gure osabak jarri zion bati Puxkalehor. Zen gizon txiki-txiki bat, argal-argala, baina zitala... Bera bezalakoa. Eduki zuen haserrealdiren bat, eta hala jarri zion».
Oro har, emakumeei gutxiago jartzen dizkietela uste du Oiarbidek; gaur egun behintzat, andreei goitizenez deitzeko ohitura gutxiago dagoela. «Astopentsamentue emakumea zen, baina agian, hori galdu egin da orain». «Eta goitizenak jartzen ere gutxiago aritu dira», azaldu du Muruak: «Heziketagatik edo, errespetua-eta... Hegoak motz-motz eginda egon direla betidanik, nik uste. Eta naturaltasun hori falta». Igartzabalek gogoratu du, dena den, bazela ausartzen zenik ere: «Gure amona Bixenta-eta gogorrak ziren horretan!».
Bertsotan bat-batean egiteko ohitura ere zabaldua da herrian: bertso ekitaldietan nahiz bestelakoetan, eta baita egunerokoan ere. Makina bat bada egiteko gai dena, nahiz eta gero herritik haragoko plazetan askorik aritu ez. «Lehengoan, adibidez, festa bat egin zen gau batean, eta dozena bat lagun hemen [herriko plazan] bertsotan aritu ginen, puntuka. Gu baino gazteagoak, 16-20 urte ingurukoak», kontatu du Igartzabalek. «Gure kuadrillan ere pasatu da; herrian, kantatu askok, baina herritik kanpora, ez», Oiarbidek.
Transmisioa eta jarrera
Hor ere nabari da herrena, ordea, Bidegainen hitzetan: «Emakumeak batere ez; lehen ez, eta orain ere ez». «Hori ere transmititu egingo zen», erantsi du Muruak. Urretxuarra izan arren, plazetan dabilen eta Gabiriako partea duen bakarretako bat Maialen Akizu izango dela aipatu dute, hura ere ikerketa proiektuan dabilena.
Gaur egun, 500 bat lagun bizi dira herrian, eta uste dute horrek ere zerikusia baduela ahozkotasunaren eta bertsolaritzaren transmisioa indartsu egotean. Etxean, nahiz etxetik kanpo. Murua: «Herri txikietan, kuadrilla ez da izaten homogeneoa, adin tarte ezberdinak egoten dira. Horrela, transmisioa errazagoa da. Garraioa helduagoek izaten zuten, eta haiekin joaten ginen gu batera eta bestera. 16 urtetik 30era, denak ibiltzen ginen kuadrilla berean. Bizi genuen haiek bizi zutena».
Ez da zaletasun hutsa belaunaldiz belaunaldi pasatzen dena, Muruaren hitzetan; bertsoarekiko jarrera bat ere bada. «Bertsoarekin batera, haren inguruan eduki behar den errespetua ere transmititzen ziguten aurrekoek. Bertso saioa egiten zenean, esaten zen: 'Zer okerrago, bertsoak isiltasuna behar zuen garaian, tontoarena egiten hasten zen bat baino gehiago'. Denok jiratuko ginen; hori zen izugarrizko bekatua».
Errespetu horren adibide da, esaterako, Osinalde sariketako finala, urtero Gabirian egiten dena; inoiz han kantatu duenak sumatzen du zera berezi hori. Bertsozaletasunaren transmisioan ez ezik, herria trinkotzeko bidean ere Osinaldek eta bertsoaren inguruko bestelako ekitaldiek zeregin garrantzitsua bete dutela uste dute ikerketa taldeko kideek. Oiarbide: «Jaso nahi dugu horiek antolatzean herrian zer giro sortzen den. Bertsozalea ez dena ere hor ibiltzen da lanean, eta, azkenean, busti egiten zaitu».
Bertsoak bustitako herria ikergai
Bertsolaritzak Gabirian izan duen eragina ikertzen hasi dira herritar batzuk, talde lanean, Mintzolak eta Kilometroak zein Gerriko kultur elkarteek emandako bekarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu