Ignacio Robles Getxoko (Bizkaia) suhiltzaileak uko egin zion armak garraiatzeari Bilboko portuan, 2017ko martxoan. Ezezko horrek zer piztu zuen?
Batetik, lehen momentuan, elkartasun handia Roblesekin, epaiketa bati aurre egin behar ziolako. Bestetik, ekintza horren bitartez jakin genuen Euskal Herritik arma asko bidaltzen zirela Saudi Arabiara, eta herrialde horrek hemengo armak erabiltzen dituela Yemeni erasotzeko. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldean gai horretan sakontzen hasi ginen: batzorde berezi bat sortu genuen armen trafikoaren inguruan.
Roblesen ezezko hartatik abiatuta idatzi eta zuzendu zenuen Gerra hemen hasten da dokumentala. Euskal Herriko zenbait arma fabrika ageri dira filmean. Erakunde publikoek oztoporik jartzen al diete enpresa horiei?
Ez, alderantzizkoa: lagundu egiten diete. Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi babesa eta laguntza ematen die arma fabrikei. Diru laguntzak ematen dizkie.
Filmaren amaierako kredituetan ageri da ez zutela elkarrizketarik eman nahi izan arma fabrikek, ez Bilboko Portuak, ez EHUko errektoretzak, ez Jaurlaritzako Bizikidetza Sailak. Zergatik?
Oso gai gatazkatsua delako. Ezkutuan egiten duten zerbait da, eta nahiago dute hortaz ez hitz egin. Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiarekin hitz egin genuen, eta hasieran esan zuten parte hartuko zutela, baina, gero, ezetz esan ziguten, dilazio estrategia bat dela medio.
Interneten ikusgai jarri arte, zer bide egin du dokumentalak?
Finantzaketa kolektiboko kanpaina batean 14.000 euro lortu genituen. Horri esker ekin genion filma egiteari. Zabaltzea nahi genuen, eta proiekzio asko egin genituen: Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Italian ere. Bi aldiz egon ginen Italian; Genovako Portuan hango langileek uko egin zioten armak kargatzeari, eta inguru horretan badago kezka gaiarekin.
Zer moduzko harrera izan zenuten Italiako proiekzioetan?
Sekulako harrera. Baina Euskal Herrian bezala, proiekzioetara datozenak herri kolektiboetako militanteak dira, oro har. Sardinian ere izan ginen, eta han badute arazoa arma fabrika bat dela eta. Orotara, 120 proiekzio inguru egin ditugu.
Telebista kateek interesik azaldu al dute dokumentala emateko?
Hamaika telebistak interesa azaldu zuen, eta emititu zuen. Baita Telesur kateak ere. Argia-k multimedia atarian jarri zuen. Filminen jartzeko aukera egon da, eta puntuazio oso ona du bertan. Al-Jazeera telebista kateak emisio eskubideak erosi ditu, baina oraindik ez dute eman. Ekialde Hurbil osoan emateko eskubideak dituzte. Al-Jazeerak ordaindutako dirua gure batzordeko proiektuetarako da.
Azkeneko egunetako eztabaida gaietako bat izan da: Ukrainara armak bidali ala ez. Zer iritzi duzu?
Ez genuke armarik bidali behar. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak ikuspegi hori du: ez dira armak bidali behar gatazka elikatzeko. Negoziazioak sustatu behar dira. Ukraina NATOn ez sartzea eta herrialde neutral gisa gelditzea izan daiteke aukera bat. Armekin ez da ezer konponduko. Baina oso giro belikoa sortu da, eta hedabideetan dagoen mezua da militarki erantzun behar dela. Horrez gain, gauza batzuk telebistan ezin dira esan: NATOren aurka ez du inork hitz egiten. Eta gerra honen sustraian NATOren eta Errusiaren arteko gatazka dago. Telebistan ez da esaten NATO Ekialderantz mugituz eta mugituz joan dela.
Antimilitarismoarekin lotutako ikus-entzunezko lan gehiago behar direla uste duzu?
Bai, lehen hala uste nuen. Eta egun bizitzen ari garena ikusita, are gehiago. Gerraren kontrako informazio gehiago zabaldu behar da, eta dokumentalak ere bai.
Ikusi dokumentala, hemen: