Arte Ederrak eraikinean Hilton hotel bat jarriko dutela iragarri du Donostiako Udalak, eta berriak hautsak harrotu ditu hirian. Hotelak 82 gela izango ditu, baita zortzi suite ere. Hilton katearen Curio luxuzko kategoriakoa da —katearen hotel berezienak dira multzo horretakoak—. SADE enpresa da haren jabea, eta, haren arabera, haiek egingo dira hotelaren kudeaketaren kargu, «markaren helburuari eusteko». Hala ere, icebergaren punta baino ez da Arte Ederrak eraikinean irekiko den hotela. Izan ere, 2016. urteaz geroztik, Eneko Goia udaleko alkate denetik, turistei aterpe emateko 45 hotel zabaldu dituzte, etxe turistikoak kontuan hartu gabe.
Hotelak barra-barra
Zehazki, lau izarreko 11 hotel, bost izarreko bat eta hamabi hotel arrunt zabaldu dituzte. Horrez gain, hamabi pentsio, sei aterpetxe, ikasleentzako egoitza bat, kanpin bat eta hamasei apartamentu dituen eraikin bat zabaldu dituzte Donostian. Lehendik zeuden hotelei gehituta, 132 hotel eta 7.048 lotarako leku daude hirian (2022ko martxoko datuak, INEren arabera). 2005. urtean, hilabete berean, halako 86 establezimendu zeuden martxan, guztira 4.202 leku zituztenak. Horrek esan nahi du, beraz, hamazazpi urteren ostean 46 hotel gehiago daudela Donostian; hau da, 3.000 ohe gehiago jarri dira turistentzat.
Gaur egun erabilgarri dauden lotarako lekuei begiratuz gero, nahiko handia da lotarako leku kopurua, esaterako, Bilborekin alderatuta. Kontuan izan behar da Bizkaiko hiriburuak 346.405 biztanle dituela —Donostiak, berriz, 188.102 ditu—, eta 9.395 pertsonarentzako lekua dagoela Bilboko hoteletan —martxoko INEko datuak dira horiek ere—. Hotelen betetze mailari begira jarriz gero, ordea, ikusi daiteke Donostiako lotarako lekuak %44,12 bete zirela aurtengo martxoan, Gasteizko (%46,02) eta Iruñeko (%45,63) datuetatik hurbil. Bilbon, berriz, apur bat apalagoa da kopurua: erabilgarri dauden lekuen %41,28 betetzen dira. Asteburuetan, turismoa igotzen denez, zenbakiek ere hala egiten dute. Donostiako hoteletako oheen %63,9 betetzen dira.
Hotel kopuruak goia jo zuen joan den urteko azaroan, eta orduan iragarri zuen Donostiako Udalak halako negozioen irekiera geldiaraziko zuela.
Eremu tertziarioak
Eremu batean hotelak edo turistei zuzendutako bestelako lo lekuak zabaltzeko, eremu hori tertziario izendatu beharra du udalak; hau da, hirugarren sektorera bideratutako espazio gisa katalogatu beharra dago. Horretarako, eskatzaileak justifikatu beharko du «interes orokorrari mesede» egiten diola negozioa zabaltzeak. Azaroan, ordea, udalak iritzi zion jada ez zegoela interes orokorrik hotel gehiago zabaltzeko, hiria «gainezka» baitzegoen jada.
Hain da horrela, Donostiako alde zaharra «gainezkatutako» eremu izendatu zuela. Izan ere, hainbat aldiz kexatu dira Parte Zaharreko biztanleak. BERRIAk galdetuta, Parte Zaharrean Bizi elkarteak adierazi du bizilagunak «desagertu» egiten direla horrenbeste turistaren artean: «Esaterako, 2019. urtean 46.000 lagun sartzen ziren uztailean eta abuztuan egunero batez beste Parte Zaharrean». Bestelako arazoak ere salatu dituzte: turista oldeak pilatzen dira kale estuetan, zaborrontziek eta hondakinek gainezka egiten dute non- nahi, zarata eta festa giroa dago goizeko ordu txikiak arte...
Gauzak horrela, nolatan eman dio baimena udalak Hilton hotelari? Azaroan udalak erabaki hori kaleratu bazuen ere, adierazi zuen jada tertziario izendatuta zeuden eremuetan posible izango zela, kasu batzuetan, hotelak eraikitzea. Eta hori da, hain zuzen, Arte Ederrak eraikinaren kasua. «Arte Ederrak eraikina jabetza pribatukoa da, eta hirugarren sektoreko erabilerarako kategoria du aspalditik», esan du Goia alkateak aste honetan egindako adierazpen batzuetan. Gainera, gehitu du obrak egiteko baimena «eskatuta» daukala, «eraikinaren babesa eta kanpoaldearen mantentze lana aurreikusten dituen proiektu arkitektoniko batean oinarri hartuta». Beraz, Goiaren arabera, eraikin horrekin egiten dena ez da udalaren ardura: «Hor Hilton hotel bat eraiki edo ez eraiki, horrek ez dio eragiten udalari».
Azken urteetan, udal gobernuak eraikina interes turistikoetarako erabiltzearen alde egin du. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos horren kontra agertu izan dira behin baino gehiagotan, eta eraikinaren jabeak babestea egotzi izan diote udalari, eta ez Donostiaren interesa. Azken hotelaren irekieraren berri izan dutenean, EH Bilduk gogorarazi du Goiak zer adierazi zuen duela hilabete batzuk: Donostia «gainezka» zegoela, eta ez zuela onartuko beste hotelik zabaltzea. Horrez gain, BERRIAri azaldu diote hotelen eta etxe turistikoen hazkundeak lotura zuzena duela etxebizitzaren prezioarekin: «Eraikin asko bihurtu dira hotel, eta horri gehitu behar zaio etxebizitza turistikoen ordenantza berriarekin ehunka pisu legeztatu direla».
Elkarrekin Donostiak ere adierazi du «egitasmo kulturaletarako» aproposa litzatekeela eraikin hori, baina orain «ordaintzeko gai diren gutxi batzuek» baino ezingo dutela erabili. Alderdi Popularra ere egitasmoaren aurka agertu da. «Tamalgarria da halako eraikin bat hotel bihurtzea eta, gainera, udalak esan ostean ez zuela baimen gehiagorik emango».