Salmentaren itzalaren azpian

Bihar bukatuko da ITP Aerok Zamudion aurkeztu duen 194 langileren erregulazioaren baldintzak negoziatzeko epea. Sindikatuek garbi dute beste aukera batzuk badaudela.

ITP Aeroko Zamudion duen plantako langileek atzo eginiko manifestazioa. Hiru eguneko grebaldiari hasiera emateko egin zuten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zamudio
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bi bilera, gaur eta bihar. Aldaketarik egon ezean, hori da ITP Aeroko langile batzordeak enpresa iritziz aldarazteko duen tartea. Hilabete bateko negoziazio prozesuan aldaketa gutxi egon dira, eta zuzendaritzak, arrazoi produktiboak direla medio, Zamudioko (Bizkaia) plantako 194 langile kaleratzeko asmoz jarraitzen du. Sindikatuek, berriz, neurri ez-traumatikoak proposatu dituzte: aldi baterako erregulazioa luzatzea, egun dauden bezala. «Gure kalkuluen arabera, langile bakoitzari 35 eguneko aldi baterako erregulazioa ezarrita, kaleratzeak ez dira beharrezkoak. Eta hurrengo urterako ordutegietan malgutasun handiagoa onartzeko prest gaude. Baina alferrik da: ez dute erantzun ere egin, kaleratzeekin tematuta daude, eta hori, guretzat, marra gorri bat da». Azalpena Gaizka Aldazabalena da, ELA sindikatuak batzordean duen kideetako batena.

Langileek hiru eguneko grebaldia hasi zuten atzo, eta euri zaparradaren azpian manifestazioa egin zuten. Gaur eta bihar dituzte azken bilerak, eta ez da aldaketa handirik espero. Enpresak herenegun eman zuen pauso txiki bakarra, erretiro aurreratuak hartzeko adina 60 urtetik 59ra jaitsiz. Gauzak horrela, enpresaren kontuak hauek dira: behin-behineko 144 langile kaleratu, hogei finko ere bai, eta hogeita hamar erretiro aurreratu. «Erretiro horiek, baina, beharrezkoak dira», azaldu du David Gago CCOOko delegatuak: «Garbi esan dute. Ukatzen badira, langile horiek kaleratze arrunta izango dute, hogei eguneko kalte-ordaina urteko, eta asko jota urtebeteko soldata egin arte».

Delegatuak etsipenez mintzo dira bilerez, enpresak plan sozial gisa aurkeztu dien hori kaleratzez josita dagoelako. «Ez ditugu arrazoiak onartuko», aurreratu du Aldazabalek. «Gure sektorea aldakorra da: lan karga hilabete batetik bestera alda daiteke. Neurri traumatikoak ez dira beharrezkoak; azken bost hilabete hauetako egoera luza daiteke. Koronabirusaren txertoa aurkituz gero,eskaerek berehala egingo dute gora». ITP Aeron hegazkinen turbinak egiten dituzte.

Aeronautikak azken urteetan izandako osasun onaren seinale dira enpresak azken urteetan izandako irabaziak —260 milioi euro 2016tik 2019ra— eta kontrataturiko behin-behineko langile mordoa. Azken horiei egingo diete kalte handien kaleratzeek, hain zuzen. Aldazabal: «Gehienek bi urte baino gehiago daramate enpresan, eta dagoeneko finko beharko lukete. Gazteak dira, eta askok lana utzi zuten ITPn sartzeko». Lantaldearen %12 dira.

ITP Aero enpresa errentagarria izan da azken urteetan, baina salgai du aldi berean jabe eta bezero nagusi duenak, Rolls Roycek. Batzordeak asmo horren itzala ikusi du negoziazio epean. «Duela bi urte, Indrak erosi nahi izan gintuen, eta hamasei hilabete ibili ziren bueltaka. Rollsek ematen ditu lan kargak; hark dena baldintza dezake». Baina nola? Gagok erantzun du. «Soldaten kostua murriztu nahi dute, merkatu. Erakargarriago bihurtu nahi gaituzte erosle posibleentzat».

Bihar bukatzekoa da negoziazioa, baina partidak luzapena izan dezakeela uste dute batzordeko kide batzuek. Horretarako, baldintza bat ezinbestekoa da. «Inork ez dezala lan espedientea sinatu; tinko mantentzeko eskatu diegu beste sindikatuei», eskatu du ELAk. Espedienteak, baina, Zamudioko plantari ez ezik, Alcobendas eta Aljavirreko (Espainia) lantokiei ere eragiten die, eta langile batzorde bateratua osatu dute. Gagok argi du: «Erabaki traumatikoak badaude, ez dugu sinatzeko asmorik. Bilera handi bat egin behar dela uste dugu, eta guztien iritzia entzun». UGTk ere ordezkaritza du Zamudion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.