Koronabirusa

Lau gako asintomatikotasunaz

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Birusak, giza organismora helduta ere, ez ditu beti sintomak eragiten: asintomatikoak dira positibo asko. COVID-19ari buruzko ezagutzak argitzen joan diren heinean agerian geratu den ondorioetako bat da hori. Oraindik ez dago garbi sintomarik gabeen portzentajea zenbatekoa den; ikertzen den populazioaren arabera, oso aldakorra da. Positiboen erdiak direla diote hainbat iturrik; laurdenak, beste hainbatek. Ezin uka horrek zaildu egiten duela izurriaren kontrola: sintomarik gabe, osasun arazoaren berri izatea zailagoa da, eta gaitza hedatzen jarraitzeko arriskua handiagoa da. Hona kasu positibo asintomatikoen gaineko hainbat jakingarri, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakasle Joseba Bikandiren azalpenak euskarritzat hartuta:

SINTOMARIK EZ, BIRUSA BAI

«Pertsona horrek ez du antzematen inolako aldaketarik; ez du sukarrik, ez du eztulik... Ez du ezer». Birusaren sintomarik gabeko positiboak dira asintomatikoak; normalean, kasu horiek detektatzen dira positiboen inguruko kontaktuen jarraipenerako egiten diren azterketen bitartez. Kutsatu askok inolako sintomarik ez izatea ez da propio COVID-19an gertatzen den zerbait; beste birus eta bakterio batzuen eraginak aztertzean ere frankotan ikusten dira horrelakoak. «Halakoak guztiz normalak dira», onartu du Bikandik. Infekzioen inguruan dagoen ezagutzaren «ideia orokorra» da pertsona asintomatikoek, birus bat edo bakterio bat izan arren, «oso azkar» kontrolatu dutela hura organismoan, eta, ondorioz, birusaren «kontzentrazio baxua» dutela, eta kutsatzeko arriskua ere, beraz, apaldu egiten dela. «Horrek ez du esan nahi, ordea, ezin dutenik birusa transmititu».

BAKARTU EGIN BEHAR DA

Kutsatu asintomatikoek ere positiboei ezarritako bakartze neurriak bete «behar» dituztela ohartarazi du EHUko irakasleak: «Ezin dugu arriskurik hartu. Positiboa bada, ez dago inolako dudarik; bakartu egin behar du». Asintomatikotasuna ez da, gainera, betisintomarik gabeko prozesu infekzioso baten bermea; zenbaitetan, pertsona horrek ez du sintomarik oraindik ez direlako agertu, birusak oraino ez duelako bere bidea egin. «Izan ere, kutsatu batekin kontaktua izan eta lau, bost edo seigarren egunean agertzen dira normalean sintomak», gogora ekarri du Bikandik. «Eta sintomak agertu baino bi egun lehenago jadanik pertsona hori egon daiteke birusak askatzen».Hori da, hain justu ere, arriskua .

ANTIGORPUTZ GUTXIAGO

Immunitate sistemak arautzen ditu gorputzak dituen mekanismoak patogenoen aurrean erantzuteko, haien kontra borroka egiteko. «Batetik, birus edo bakterioen kontrako jaiotzetiko mekanismoak ditugu; horiek ez dira espezifikoak izaten, baina aski izaten dira usu gorputza babesteko», azaldu du Bikandik. «Bestetik, erasoa jo duen mikroorganismoen kontrako erantzun espezifikoa ere gara dezakegu: izan daiteke zelularra, edo antigorputzen bidezkoa». Immunitatearen mekanismoek bat eginda jarduten dute, oro har, infekzioen kontra. Gaitza igarotzeko moduak, sintomen nolakotasunak, eragina du erantzun immunean: «Seroprebalentzia ikerketetan ikusi da: zenbat eta sintoma gehiago izan, antigorputzen kontzentrazioa altuagoa da. Infekzio arinetan, aldiz, oso baxuak dira, edo atzeman ere ez dira egiten». Horrek ez du deus esan nahi, ordea, berrinfekzio posibleei begira; oro har, aurrez infekzio bat izan duten guztientzat, garatu duten immunitate mota era batekoa edo bestekoa izan delarik ere, berrinfekzioak «arinagoak» izaten direla azaldu du Bikandik. Horrekin ez da ulertu behar, hala ere, arriskurik gabeak direnik; gaitza kutsatu egin dezakete oraino berrinfektatu horiek: ingurukoak eritu ditzakete. COVID-19aren lehen berrinfekzio kasuak egiaztatu dituzte ja zientzialariek, baina oraindik argibide asko falta dira eremu horretan.

GENEEN GARRANTZIA

Edadea edo aurrez eriek izan ditzaketen osasun arazoak aldagai dira COVID-19aren pronostikoa larriagotzeko, sintomen ugaritasunean eragina izateko. Hala ere, faktore horiek bakarrik ez dute baldintzatzen sintomen intentsitatea; gauza asko daude oraino argitzeko, eta Bikandik uste du balitekeela genetikaren arloko ikerketek eman ditzaketen emaitzak erabakigarriak izatea: «Erantzun immunean parte hartzen duten geneak dira pertsona batetik bestera ezberdinenak direnak; genetikak parte handi bat izan dezake detektatzen den erantzunaren aniztasunean». Zientziak ekarriko ditu erantzunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.