Espainiak ezin du Pla berriro epaitu etakide izatea leporatuta

Konponbiderako ETAren ordezkaria gaur eramango dute Auzitegi Nazionalera. Frantziak iaz juzgatu eta zigortu zuen etakide izateagatik

David Pla —zutik—, joan den abenduaren 18an, Hendaiako herriko etxean, bere kasuari buruzko udalbatzarrean. BOB EDME.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
David Pla gaur goizeko hamarretan eramango dute Maria Tardon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearengana (h)Alboka auzian deklara dezan, 2008ko maiatzeko ustezko hitzordu bat dela medio, eta orduan ikusiko da epaileak behin-behinean espetxera bidali ala libre utziko duen. Etakidea izatea egozten diote Plari, baina Frantziak iazko otsailean akusazio beragatik epaitu —eta zigortu— zuen, eta Madrilek berez ezingo du berriro horregatik juzgatu. Amaia Izko defentsa abokatuak uste du kasua «oso argia» dela, baina dio ezin dela aurreikuspenik egin. ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» egozten diete (h)Alboka auzikoei. Pla 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) etakide batekin batzartu zela dio auzitegiak, baina Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek egiaztatua du Pla egun hartan Fresnesko espetxean zegoela, bisita batean.

Atzo Espainiaratu zuen Frantziak, auzitegiek aurreko urte bukaeran Madrilen euroagindu eskaera bat onartu ondoren. Hendaian (Lapurdi) utzi zuen Espainiako Poliziaren esku. Ondotik, lehendabizi, Donostiako komisariara eraman zuten, eta, handik, Soto del Real kartzelara (Madril). Bertan pasatu du gaua.

Tardon epaileak aske utziko balu, balegoke beste kontu bat argitzeko: ea Plak Hendaiara bueltatzerik balukeen —han bizi da, familiarekin— urtebetez Frantziako Estatuan bizitzeko daukan debekuagatik —Parisek debeku neurria geldirik izan du euroagindu eskaera ebatzi artean—.

Iazko otsailean Pla eta Iratxe Sorzabal Parisen korrekzional arlotik epaitu zituzten, ez, hasieran aurreikusi bezala, kriminaletik. Frantziak zeritzon ez zegoela arrazoirik kriminaletik jotzeko. Biak 2015eko irailean Baigorrin (Nafarroa Beherea) atxilotu zituztenetik epaiketara artean akusazioan ere egon zen aldaketa esanguratsu bat: atzematean, ETAko zuzendaritzako kidetzat jo zituzten, baina epaiketan gaizkile taldeko (ETAko) kide izatea eta armak edukitzea egotzi zieten. Hala, gehienez ere, hamarna urteko espetxe zigorra ezarriko zieten. Otsailaren 5ean eman zuten epaia: bost urteko espetxea Plari, zazpikoa Sorzabali. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak adierazi zuen bere iritzian epaimahaiak aintzat hartu zuela Euskal Herriko testuinguru politiko berria —ETA 2018an desegin zen—, baita Sorzabalek eta Plak horra iristeko betetako funtzioa ere. Plak 2015eko hondarrean jakinarazi zuen konponbiderako ETAren ordezkaria zela.

Sorzabal eta Jauregi

Sorzabalen kasua ere aztertuko dute gaur, Parisen, Dei Auzitegian: Auzitegi Nazionalak eskatutako laugarren euroagindua. 1996an Donostiako epaitegi batean ETAren izenean lehergailu bat jartzea leporatzen diote. Cachenaut abokatuaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko. Dei Auzitegiak orain arte onartu egin ditu hiru euroagindu eskaerak.

Bestalde, Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Jaione Jauregiren kontrako auzi bat —1981eko atentatu bat; 2004an auzipetu zuten—, preskripzioagatik. 1979tik iheslaria da Jauregi, eta gaur egun Gante-n (Flandria) bizi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.