Zahar etxeetako langileen gatazkak pil-pilean dirau. Duela lau urte hasi zuten greba Bizkaiko zahar etxeetako langileek, eta, bi urteko borrokaren ostean, 2017ko urrian lortu zuten akordioa patronalarekin. Iragan ikasturtean, Gipuzkoako beharginek hartu zuten borrokarako lekukoa, eta 80 bat greba egun egin dituzte. Erabiltzaileei zerbitzu egokiak eskaini ahal izateko, lan baldintzak hobetzea eskatzen dute langileek, orain ez baita hori bermatzen, haien ustetan. Testuinguru nahasi horretan iritsi da Eusko Jaurlaritzak onartu duen zahar etxeetako dekretu berria, eta hautsak are gehiago harrotu ditu.
Uztailaren 30ean onartu zuten dekretuak arautzen ditu zahar etxeek bete beharreko eskakizun materialak, funtzionalak, eta langileen arlokoak. Jaurlaritzak azaldu duenez, martxan dauden zentroek bi urteko epea izango dute langileen arloko eskakizunetara eta eskabide funtzionaletara egokitzeko; ez, ordea, materialetara. Eskakizun materiala egoitza berriek soilik ezarri beharko dute.
Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du dekretu berriak «adinekoen ongizatea eta arreta bermatuko» dituela. Esan duenez, horretarako, zuzeneko arretaren langile ratioak «hobetuko» dituzte. Sindikatuek, ordea, ez dute begi onez hartu egitasmoa; LABek, esaterako, gogor kritikatu du, eta egoerak «okerrera» egingo duela esan du.
Dekretua onartzeko moduak ere ekarri ditu desadostasunak. Sindikatuek gaitzetsi dute langileen parte hartzerik gabe onartu izana. Aldiz, Lide Amilibia Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak argudiatu du dekretua Gizarte Zerbitzuen Kontseiluaren babesarekin onartu zela, eta LABek eta CCOOk ez ziotela «ekarpenik egin». Jaurlaritzaren arabera, dekretuak aldeko hogei boto, aurkako bat eta bi abstentzio jaso zituen.
Kritika ugari
Sindikatuen eta gizarte eragileen artean gaitzespena sortu du araubideak. ELAk «maltzurkeriaz eta arduragabekeriaz» jokatu izana egotzi dio Eusko Jaurlaritzari, eta «atzerapauso» gisara definitu du egitasmoa. Gainera, nabarmendu du dekretuak ez duela arreta zuzena hobetuko.
Ildo beretik jo du LABek ere. Oscar de los Bueis sindikatuko kideak salatu du dekretu berriko ratioekin «lan kargek» bere horretan jarraituko dutela: «Erabiltzaileek zerbitzu oso txarra jasotzen jarraituko dute, eta langileei ez zaizkie lan baldintzak bermatuko, ezta lan osasunerako eskubidea ere».
Eusko Legebiltzarrak zerbitzu sozialetan hainbat neurri ezartzeko galdegin zion Jaurlaritzari 2017an, eta horiek bete ez izana egozten ari zaizkio. Neurri horien artean daude zerbitzu sozial guztiak erregulatzea, araudia berritzea, eta erabiltzaileen zein langileen ordezkarien parte hartzea bermatzea. Izan ere, 1998koa da egun indarrean dagoen dekretua.
Dekretua onartzeko unea ez dute egokitzat jo kritikoek, hala nola Bueisek: «Bitxia da. Hogei urte ezer egin gabe, bi urte Eusko Legebiltzarraren agindurik bete gabe, eta bat-batean uztailaren 30ean ateratzea dekretua. Oso garai txarra da erantzun soziala emateko».
Auzia epaitegietara hel daitekeela ohartarazi dute sindikatuek. Langileen eta erabiltzaileen eskubideak bermatzen ez direla iritzita, legearen bidetik zerbait egin daitekeen aztertzeko asmoa du, adibidez, LABek: «Hausnarketa egin behar dugu. Orain zaila da abuztuan gaudelako, baina ikusiko dugu legez zer aukera dugun helegitea jartzeko».
Ratioak jomugan
Zahar etxeetako gatazkan ratioak izan dira punturik arantzatsuenetako bat. Zentroetako erabiltzaileen arta bermatzeko behar den zuzeneko arreta zehazten dute ratioek, eta Jaurlaritzak jartzen ditu oinarrizko irizpideak. Dekretuari esker, ratioak «hobetuko» direla adierazi du erakundeak, baina oinarri falta egotzi diote langileen ordezkariek.
Ander Rodriguez Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu ohiak uste du aldaketak ratioak okertzea eragingo duela hainbat kasutan: «1998ko dekretuan lanaldi osoaren baitan zehaztu ziren ratioak. Baina, orduan zegoen lanaldia eta egun dagoena ez dira bera. Ratioak arretarako eskaintzen diren minutuen arabera zehaztu behar dira, ez lanaldiaren arabera».
Halaber, Rodriguezek nabarmendu du beharrezkoa dela ratioak ezartzeko, egoeraren «analisi sakona» egitea, erabiltzaileak artatzeko dauden beharrak kontuan hartuta. Jaurlaritzaren dekretua «inongo ikerketarik» gabe egin dela esan du: «Zenbaki batzuk jarri behar zituzten».
2017an Gizarte Politiketako Saileko aholkularitza juridikoak txosten bat argitaratu zuen, eta han biltzen zen, besteak beste, dekretu proiektuan ezarritako ratioak «justifikatu gabe» zeudela. Behin betikoan ere, hala jarraitzen dutela iritzi dute kritikoek.
ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko zahar etxeetako ratioak neurtu zituen urte hasieran, eta kanpaina bat jarri zuen martxan Bi ordu, gutxienez, ez ditugu merezi? leloarekin. Kanpainaren helburua da egunean pertsona bakoitzari gutxienez 120 minutu eskaintzea. Egun, oso bestelakoa da egoera. Sindikatuaren arabera, batez beste denbora hau eskaintzen diete pertsona bakoitzari: Gipuzkoan, 92 minutu; Bizkaian, 60 minutu; eta Araban, zein Nafarroan, 88 minutu.
LABentzat, «zaila» da ratioak neurtzea. De los Bueisen ustez, «arreta egoki baterako ratioak integratu behar dira». Harentzat, ezinbestekoa da zerbitzuaren kalitatea bermatzea, eta zerbitzu hori eskaintzeak ez du «inolako kalterik eragin behar langileen osasunean».
Ikasturte berria ate joka dago, eta Gipuzkoan ez da akordiorik espero epe laburrean. Tirabirak nabarmenak dira. Zahar etxeetako leku gehienak itunpekoak dira, eta, hala ere, aldundiak sindikatuen eta patronalen esku utzi du konponbidea. Horrek, sindikatuen haserrea eragin du. Haien artean ere, adostasun falta: ELA eta LAB protestan ari dira, baina bakoitza bere aldetik. Egoera blokeatuta, ikusteko dago udazkenean zer bide hartzen duen.
Dekretu berri, gatazka zahar
Eusko Jaurlaritzak uztailean onartu zuen zahar etxeetako dekretu berria, langileen aldarriak bizi-bizi daudela. Egoerak hobera egingo ez duelakoan daude sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu