Koronabirusa

Muga, frontera bilakatuta

Lapurditik Gipuzkoara edo Nafarroa Garaitik Nafarroa Beherera egunero joan behar dutenek kontrol gogorrak pairatu behar dituzte. Egoera berezia sortu da Luzaiden.

Espainiako eta Frantziako polizien kontrolak, atzo, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Hendaia - Irun
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia kontrolgune bihurtua dute Espainiako eta Frantziako gobernuek martxoaren erdialdetik. Biriatuko ordainlekua ere bai. Eta Dantxarineako biribilgunea. Eta Luzaidekoa. Bi norabideetara dago Polizia, egun eta gau, hogeita lau orduz. Lapurdira edo Nafarroa Beherera sartzeko, Frantziako Polizia, eta Gipuzkoara edo Nafarroa Garaira joateko, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia. Ez da arinagoa egoera bertze errepide batzuetan. Behobiako zubia, adibidez, harresi bilakatu dute: burdinazko hesi handiak daude, eta ezin da inolaz ere Bidasoa ibaia hortik igaro; ezta baimen paperak edukita ere. Berdin dago Izpegiko lepoa. Ibardingoa. Lizarietakoa. Lizuniagakoa. Konfinamenduko mugen itxierak inoiz baino zatituago ditu Ipar eta Hego Euskal Herria: «Sentsazioa ematen du itzuli garela ez dakit zer urtetara», dio Ana Monge Arozena Hendaiako herritarrak.

Orain poliziaz edo harresiz josia dagoena eguneroko bidea da berez batzuentzat, eta mugen itxierak nekeza bihurtu ditu joan-etorriak inguruko herrietan bizi eta lan egiten dutenentzat. «Ez da erosoa», dio Mongek. Tolosan (Gipuzkoa) egiten du lan, ikastetxe batean, eta, zuzendaritzakoa izanik, gutxieneko zerbitzuak betetzera joan behar izan du hasieratik, astean bitan edo hirutan: «Derrigortuta neukan». Joan-etorri bakoitzean gelditu dute bi aldeetako poliziek, eta bi hitzetan laburtu du azken hilabeteotan bizi izan duenak utzi dion sentipena: «Fronterara itzultzea».

Josebe Etxeberria Azkue Irungo osasun etxean lan egiten duen Hendaiako emaginarentzat ere antzekoa da emozioa: «Sentimendu oso txarra». Eta oraindik ere luzerako izanen dituzte oztopoak bidean, ekainaren 15era arte bederen ez baitute bidea irekiko.

«Egin zidaten Eusko Jaurlaritzan dokumentu bat esanez pasatu behar nuela». Mongek erakutsi zien papera Espainiako poliziei, baina hasierako egunetan ez zioten utzi: «Dekretuan ez zegoen oso argi zein lanetan egin behar genituen zerbitzu minimoak, eta polizia bakoitzak interpretatzen zuen bere modura: batek uzten zizun pasatzen, beste batek ez...». Behin buelta emanarazi zioten. «Argitu zuten arte, egun nahasiak izan ziren».

Baina, lehen egunak igarota ere, paper festa egunerokoa izan da: «Sartzeko, paper batzuk; gero, ateratzeko, beste batzuk, erakutsi behar zenizkionak Frantziako Poliziari...». Frantziakoak, erraterako, eguneratu egin behar dira zubia pasatu aldiro. Hobetu egin da orain, pixka bat: «Orain bakarrik eskatzen digute hemen bizi garela justifikatzen duen dokumentua, eta sakelako telefonoan eraman daiteke, baina egunero aldatu behar zaio data».

Joan-etorrietan ematen duten denbora da kontrolek sortu dieten bertze oztopoa: «Egon naiz ordubeteko ilarak egiten, berrogei minutukoak... Dena kontrolatzen dute, banan-banan; orduan, nahiz eta bakoitzarekin denbora gutxi egon, auto asko pilatzen dira», azaldu du Mongek. Etxeberria ere ordu eta laurden egon zen zain atzo arratsaldean. «Behobiako zubia itxita dago, eta horrek asko egiten du. Kamioiak ere Santiagotik pasatzen dira orain, desastre hutsa da. Ez dakizu noiz ailegatuko zaren etxera. Gero eta nazkatuago gaude».

Egoera berezia Luzaiden

Nafarroa Beherearekin egiten du muga Luzaidek (Nafarroa Garaia), eta bentak dauzka Nafarroa Beheretik oso hurbil, zubitxo bat pasatuta: enklabe moduko bat. Muga ofiziala, ordea, kilometro batzuk lehenago dago: luzaidarrek Arnegiko (Nafarroa Behereko) lurretatik pasatu behar dute euren udalerriko bentetara joateko. «Kontrola Pekotxeta auzoan dago, baina benten auzoa Frantzian sartua bezala dago, eta sarbideak libre zeuzkan», azaldu du Fernando Alzon Luzaideko alkateak. Konfinamenduan, tantaka hurbildu dira Ipar Euskal Herriko bezeroak, «arazorik gabe», baina, Frantziako Gobernuak konfinamendua lasaituta, «jende olde bat» joan zen astelehenean, «tabako bila». «Ilara erraldoiak, auto pilaketak... Pandemiaren ikuspegitik erokeria izan zen». Atzo, Espainiako Poliziak guztiz itxi zien bidea. «Errespetatu izan balitz, ez litzateke deus pasatuko». Bentak ekonomikoki garrantzitsuak dira luzaidarrentzat, eta Alzonek «tristuraz» hartu du itxiera: «Eskatzen dugu mugaz gaindiko espazioa irekitzea. Kontrolak ausazkoak izan daitezela, edo espazio komertziala pasatuta egin ditzatela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.