Astebetean gaitzarekin hil direnen kopuruari dagokionez, beherakada nabarmena izan da Hego Euskal Herrian. Iragan den iganderaino 65 pertsona hil ziren astebetean koronabirusak jota Hegoaldean, hau da, otsailaren 22tik 28ra bitartean. Adierazle horretan aspaldi erregistratu den daturik apalena da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazitakoa: zehazki, irailaren bukaeratik ez da inoiz zenbatu kopuru txikiagorik Hegoaldean. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, azken astean hildako 65etatik 61 Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak dira, eta Nafarroakoak dira gainerako laurak.
Horrez gainera, igandetik aitzina ere izan dira birusarekin lotutako heriotzak. Nafarroako Gobernuak egunero ematen du horien gaineko datua, eta, haren arabera, azken egunetan beste bost pertsona zendu dira herrialdean.Gobernuak zehaztu duenez, hildako guztiak emakumezkoak dira, 86 eta 97 urte artekoak.
Kutsatuen datuei dagokienez, herenegun beste 397 COVID-19 kasu zenbatu ziren Hego Euskal Herrian egindako testetan. Guztira, 10.280 proba egin ziren asteartean, eta horien guztien %3,9k eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, Bizkaian 174 kasu atzeman zituzten; Gipuzkoan, 93; Araban, 66, eta Nafarroan 57.
Azken asteotako datuak ikusirik, oraindik ere, ospitaleetako egoera da kezkagarriena. Asteartean, Hegoaldean 51 lagun erietxeratu zituzten, COVID-19aren sintomak larriagotuta. Hala, azken hamalau egunetako datuei so, 49 pertsona ospitaleratu dituzte egunero, batez beste. Halaber, oraintxe bertan 321 pertsona daude Hegoaldeko zentroetako gela arruntetan erietxeraturik, eta 147 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino sei gehiago.
Santa Marina ospitaleari so
Begoña Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak atzo Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenez, orain arte 23 pertsona kutsatu dira Bilboko Santa Marina ospitalean. Osakidetzak astelehenean eman zuen agerraldiaren berri, eta beste bi langile kutsatu direla jakinarazi zuen atzo. Oraingoz, hiru osasun langile, hamalau gaixo eta sei laguntzaile gaixotu dira.
Koronabirusa
65 pertsona hil dira koronabirusak jota azken astean Hego Euskal Herrian
Irail bukaeratik birusarekin jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa. 397 kasu atzeman dira, eta presioa handitu da ZIUetan: 147 daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu