Distantziak mantentzeko zailtasunak, euskara mailaren jaitsiera, maskarak, positiboekin nola jokatu ez jakitea... Ikasturte hasierari errezeloz begiratzen zioten irakasleek, gurasoek, ikasleek nahiz sindikatuek. Hilabete pasatuta, argi baino itzal gehiagorekin jarraitzen dute. Ikastetxeetarako protokoloak ezarri dituzte, baina buruko min ugarirekin dabiltza: kideren batek positibo ematen duenean nola jokatu, maskara nola erabili, nola eutsi segurtasun tarteari... Aldaketa handiak. Eta ohartarazi dute baliabideak falta direla eskoletan.
«Gogorra», dio Bego Bastarrika Donostiako Zuhaizti eskolako ikasketa buruak, ikasturte hasiera nolakoa izan den galdetuta. Hala esan du Berako institutuko (Nafarroa) zuzendari Igor Arruabarrenak ere: «Ikasturte hasiera gogorra izan da». Antzera mintzatu da Iban Tikoipe ere, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko zuzendaria: «Ez da erraza izan; hainbat gorabehera izan ditugu».
Irailean izan dituzte arazoak, baina, Arruabarrenaren esanetan, lehenagoko jardunaren ondorio da, edo jardun faltarena. Bi momentu gako daude, haren esanetan: aurreko ikasturtearen bukaera eta oraingoaren hasiera. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak «huts» egin du bietan , haren arabera: lehenik, uztailean, sanferminengatik; eta bigarrenik, abuztuan, ikasturtea hasi aurreko asteetan, oporrak zirela eta.
Erakundeek protokoloak sortu dituzte, baina eskoletan ari dira horiekin lanean, eta zailtasunak dituzte. Batetik, segurtasun distantziekin. Zuhaizti eskolan «burbuila taldetan» antolatu dira, ez baitute modurik tartea mantentzeko: «20-23 mahai ditugu. Gela handiak dira, baina metro eta erdiko distantziarekin hamabost bat mahai sartzen dira». Berako institutuan ere «ezinezkoa» da distantzia errespetatzea: «24 ikasgela ditugu, eta bakar batean betetzen ziren distantziak».
Maskaren erabilera da protokoloko gakoetako bat. «Ahal den heinean» betetzen dutela azaldu du Arruabarrenak, eta jolas-orduan ikusten du zailtasun gehien: «520 ikasle ditugu, eta zaintzan gehienez bederatzi irakasle. Ezinezkoa da bederatzi irakasleren artean 520 nerabe arau guztiak errespetatzen edukitzea». Etxepare Lizeoan ere arazo bera dute: «Gela barnean errazagoa da maskarak atxikitzea; kanpora ateratzean, ez gara beti ikasleen gibeletik ibiltzen ahal». Bastarrikak, berriz, ez du horrelakorik ikusi: «Ikasleek eta irakasleek barneratua dute, eta hori betetzen dute».
Positiboekin zer?
Eguneroko martxan sumatu dute COVID-19a. Bi positiborengatik ikasgelak itxi behar izan dituzte Zuhaizti eskolan. Bastarrikak irizpide aldaketa ikusi du: «Orain dela bi aste, gela osoa eta tutorea konfinatzen ziren; joan den astean beste kasu bat izan genuen, eta gertu egon ziren zortzi ume soilik konfinatu dituzte». Nafarroan bestela daude, Arruabarrenak azaldu duenez: «Bigarren Hezkuntzan, gelako batek positibo ematen badu, inguruko ikaskideak ez dituzte hartzen kontaktu estu bezala». Haren hitzetan, gurasoen esku utzi dute ikastetxeari positiboak jakinaraztea, eta eskola bera ari da aztertzen kasuak pilatzen ari ote diren. Tikoipek ere ohartarazi du «lan gehigarria» ezarri dietela positiboen kudeaketan:«Lan anitz ematen du, eta erabaki batzuk hartzera behartzen gaitu, zeinak teorian ez dauden gure gaitasunetan».
Koronabirusak berak soilik ez, sei hilabetean eskolara joan gabe egoteak ere utzi du aztarna ikasleengan. Askok ikastetxean soilik du harremana euskararekin, eta Bastarrikak nabaritu du hutsunea, familia erdaldun dezente baitauzkate. «HIPIko [hizkuntza errefortzurako programa] irakasle gehiago beharko genituzke euskara indartzeko». Arruabarrenak ez du halakorik sumatu Beran —inguru euskaldunagoa da—. Tikoipek beste arlo batzuetan ikusi ditu gabeziak: lan dinamikan eta erritmoan, baita kontzentratzeko gaitasunean ere.
Baliabide faltan
Arazo horiek ikusita, ikastetxeetako ordezkariak bat datoz: baliabideak falta dituzte. «Baliabideak behar dira, batez ere giza baliabideak», nabarmendu du Bastarrikak. Azaldu du ez dietela bidali irakasle gehiago oraindik, eta irakasle bat jarri dutela COVID-19aren arduradun: «Larria iruditzen zaigu ikastetxe bakoitzari agindu izana COVID-19aren protokoloko arduradun bat izendatzea, baina ez inongo laguntzarik bidali ez izana». Baliabide materialen falta ere izan dute; esaterako, gel hidroalkoholikoa. «500 ikasletik gora ditugu, eta iritsi zitzaizkigun gelak, antza, hilabeterako ziren. Astebetean, kito». Tikoipek ere ohartarazi du lizeoan ez dutela baliabide gehiagorik, eta irakasleei lan karga areagotu zaiela: «Sei edo zazpi irakasle ukan ditugu lan geldialdietan kontaktu izanda edo eri izanda testa pasatzeko itxaroten, eta hori antolatu egin behar da». Ikasleek lizeora joan ezin dutenean ere jarraipen pedagogikoa egin behar diete. «Eta hori lan gehigarri izugarria da irakasleentzat».
Koronabirusa
Eskolak, martxa hartu ezinda
Hilabete da eskolak ireki zituztela, baina baliabideak falta dituzte oraindik. Positiboek buruko minak sortzen dizkiete, baita maskarek eta tartea mantendu ezinak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu