Astelehenean estreinatuko dute 'Artxipelagoa' fikziozko podcasta

Eneko Sagardoi, Aitziber Garmendia eta Anartz Zuazua dira audio-fikzioko protagonistak

Eneko Sagardoi Artxipelagoa podcastaren grabaketan. Aitziber Garmendia eta Anartz Zuazua dira bertze bi protagonistak. ULU MEDIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
2103. urtea. Hiru olatuk Europa ia osorik urpean utzi dute. Itsasoaren maila 500 metro igo da, eta salbu geratu diren lur apurrak hiri-estatuetan antolatu dira. Euskal artxipelagoa deiturikoaren kasua da. Bertan Jare bizi da, mundu zaharraren aztarnak ezagutu nahi dituen neska gaztea.

Egoera postapokaliptiko horretan kokatzen du entzulea Artxipelagoa euskarazko fikzio podcast berriak. Ulu Media ekoiztetxeak sortu du, eta datorren astelehenetik aitzinera sareratuko dute astero atal berri bat EITB Podkast plataforman.Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoi eta Anartz Zuazua dira Artxipelagoaaudio-fikzioko aktore protagonistak, eta haiekin batera parte hartu dute Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek eta Klara Badiolak ere. Atzo arratsaldean egin zuten podcastaren aurkezpena Donostiako Kursaal Kubo aretoan. Lehenengoz aurkeztu zuten podcast bat zinema areto batean.

Ulu Media ekoiztetxearena da proiektua, Xabier eta Martin Etxeberria anaiek idatzi dute, eta Oier Aranzabalek eta Juan G. Andresek zuzendu. Podcastak ematen dituen aukerak nabarmendu ditu Andresek: «Soinuak ez dauka mugarik gauzak lantzeko, eta errazagoa eta merkeagoa da ikus-entzunezko bat baino». Artxipelagoa-ren kasuan, irrati nobelatik ihes egiten saiatu dira:«Zinema kutsu bat eman diogu, saiatu gara ez zedin izan antzerki irakurria». Horretarako, bereziki landu dute soinua, soinu-efektu anitz sartuz.

Aktoreen lana ere ezinbertzekoa izan da emaitza hori lortzeko. Aranzabalek eta Andresek zuzenduriko lana izanagatik, aktore zuzendaritzan Anartz Zuazua aktorea aritu da —aktore protagonistetako bat ere bada—, eta haren ardura izan da aktoreen sinesgarritasuna lortzea: «Aktoreentzat erronka handia izan da. Ohituta daude gorputza eta aurpegia erabiltzen, eta oraingoan ahotsa landu behar izan dute», azaldu du Andresek. Hori nabarmendu du Jare protagonistaren rola bete duen Aitziber Garmendiak ere: «Gorputza erabili gabe lan egitea oso zaila egin zait; uste nuen ahotsa gehiago erabiltzen nuela lan tresna gisa, eta konturatu naiz ezetz».

Lehen produkzio «handia»

Otsailean egin zituzten podcastaren grabaketak, bi astez, eta biek nabarmendu dutenez, «intentsua» izan zen. Gainera, lehen aldia da Euskal Herrian eta euskaraz horrelako produkzio bat egiten dutena: «Madrilen-eta egin izan dituzte, baina, gurean sekula ez zen horrelakorik egin. Erreferentziarik gabe lan egitea izan da, hutsetik hastea, eta sekulako irakaspena», nabarmendu du Andresek. Grabazioa eta ondorengo audio diseinuaz Xanti Salvador eta Koldo Corella arduratu dira. eta Rafa Ruedarena eta Aritz Aranbururena da musika.

«Entzule bakoitzak bere artxipelagoa imajinatuko du buruan». Premisa horretatik abiatuta, irudi bidez ere erakutsi nahi izan dute podcastean sorturiko mundu postapokaliptikoa. Horretarako, hiru mapa sortu dituzte, mundu berriko mapa bat eta Euskal Artxipelagoaren bi. Xabier Sagasta diseinatzailea arduratu da soinuari irudia jartzeaz.

Zortzi atal ditu Artxipelagoa-ren lehen denboraldiak, eta bigarrena egiteko aukera ere badela dio Andresek:«Amaiera irekia du, eta bigarren denboraldi baterako tramak pentsatuak ditugu». Bigarrenaren aitzinetik, ordea, astelehenean estreinatuko dute lehenengoa. Aditu aitzinetik kontuan hartzeko gomendio bat egin du Andresek: «Podcasta pentsatua dago ahalik eta entzungailu onenekin entzuteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.