Miren Lazkano. Piraguista

«Europako txapeldun izan banaiz, zergatik ez lortu gehiago?»

Orain arteko lorpenik handiena lortu zuen Donostiako piraguistak aurreko igandean: Europako Txapelketa C1ean, eslalomean. «Merezi» zuela dio, lan handia dagoelako atzean. Eta orain, gehiago nahi du.

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Kontxako pasealekuko erloju ezagunean jarritako topaketara orduan heldu da Miren Lazkano (Donostia, 1997). Metro batzuk harago dago bere kluba: Atletiko San Sebastian. Eta parez pare, hondartza eta itsas zabala. Eslalomeko C1 modalitateko Europako txapeldun berriarentzat, maitaleak dira orain, baina ez zen beti horrela izan.

Hemen hasi zen dena, Kontxako hondartzan. Zer da zuretzat?

Atletikorekin hasi nintzen, duela 13 urte, anaiarekin eta lagun batzuekin, ikastaro batean. Ez zitzaidan batere gustatu. Anaia gustura ibili zen, ordea, eta segitzeko esan zidaten gurasoek eta. Oso giro ona zegoen, eta horregatik jarraitu nuen. Gaur arte. Makina bat ordu pasatu ditut hemen.

Zergatik ez zitzaizun, ba, gustatu?

Beldur handia ematen zidaten olatuek. Oso arriskutsua zen.

Eskerrak beldurrak gainditu eta segitu egin zenuen, ezta?

Pentsatu izan dut utzi izan banu zer izango nintzen piraguismorik gabe. Batek daki.

Beldurra lehen egunean. Orain?

Baita ere. Itsasoan eta ibaietan beldurra pasatzen dut batzuetan, baina adrenalina hori beharrezkoa da. Azkenean, pala bakarra du arraunak, eta, beste aldera eroriz gero kanoa, zailagoa da menderatzea. Bi palarekin errazagoa da ez iraultzea. Europako Txapelketa honetan ere beldurtu egin nintzen Ivreako kanala ikustean, eta esan egin nion entrenatzaileari [Aritz Fernandez], baina pixkanaka atzean utzi nuen; konfiantza hartu, eta aurrera.

Hortaz, Ivreako kanala oso zaila da.

Zeharo, eta oso exigentea, gainera. Jokatu izan dut lehen ere han, eta beti jartzen dituzte ibilbide aldrebesak. Jakinaren gainean joan nintzen ez zela lan erraza izango.

Bi jaitsiera ezin daitezke berdinak izan, edozein lekutan izanda ere.

Ezinezkoa da. Ez dago jaitsiera perfekturik ere. Lehiaren aurretik imajinatu izan duzun jaitsiera ere ez da ateratzen. Egokitzapen lana da gurea. Inoiz ez dugu izaten ur laster bera, adibidez.

Proba baten aurretik, lekuan bertan, zein da entrenamenduen protokoloa?

Entrenamendu ofizialak daude, eta egunean ordubete izaten dugu zirkuituan ibiltzeko. Zatitu egiten dugu kanala, lautan adibidez, eta denetatik pasatuz joaten gara. Betiere, lehiaketan jar dezaketena lantzen, baina kontua da proba egunaren aurretik ez dugula jakiten zein ibilbide jarriko duen antolakuntzak.

Zaila, orduan. Noiz jakiten duzue, ba?

Bezperan, baina ezin da bertan entrenatu. Erakustaldia egiten dute probaren aurretik, eta lehia hasten da.

Are zailagoa ezin baduzue entrenatu aurretik.

Bai. Bisualizazioa lantzen dugu. Lehiaren egunean joaten naiz kanalera, eta ibilbidea aztertzen dugu lehorretik entrenatzaileak eta biok, ibilbidea nola egingo dudan zehazteko: zein ate pasatuko ditudan aurreraka, zein atzeraka [gutxienez 18 izaten dituzte, gehienez 25], pixka bat gorago edo beherago eta abar. Proba hasi aurretik buruan izaten dut zer egin behar dudan une bakoitzean, baina gero, uretan, gauzak aldatu egiten dira, eta egokitzen jakin behar da.

Ondo barneratuta daukazue egokitu egin behar duzuela unean bertan.

Bai, ezinbestean. Urak sekulako indarra dauka, eta jakin egin behar da nondik jotzen duen indartsu; baliatzea komeni bazaizu. Oso tentuz ibili behar da, eta jakin egin behar da unean uneko ur kargak nora eramango zaituen.

Entzuten bakarrik, nekea eta ezinegona sartzen da.

Horrelakoa da gure kirola. Azkenean, 100 bat segundoko jaitsiera izaten da, eta hor jokatzen dugu dena.

Hainbeste entrenatu eta ia-ia inprobisazioaren mende egotea ez al da krudela?

Hala da, baina zirkuituetan jartzen dizkiguten mugimenduak askotan lantzen ditugu entrenamenduetan. Ez da jakiten zein jarriko dizkiguten, baina entrenatu, entrenatzen ditugu.

Ivrean, kanporaketako zirkuituaren berri izatean, zer pentsatu zenuen?

Sailkatzea ez zegoela hain zaila. Baina, hala ere, lehen jaitsiera oso txarra egin nuen, eta bigarrena behar izan nuen finalerdietarako sailkatzeko. Sartu nintzen, eta aurrera.

Finalerdietan, gero, hobeto moldatu zinen: laugarren.

Bai. Zaila zegoen, baina denentzat zen zaila, eta aukera gehiago dago besteek ere kale egiteko. Nik huts egiten badut, pentsatzen dut besteek ere egin dezaketela, eta, azkenean, bukatu arte topera joaten naiz. Nahiko pozik geratu nintzen finalerdietako lanarekin.

Finala ondoren.

Finalerdietako zirkuitu bera izaten da, eta ezagutzen nuen bidea. Jaitsiera horretan, aurrekoan ondo egindakoa berriz egitea da azkenean, baina gauza bat gertatzen zait niri: lasaitu bezala egiten naiz lehen ondo egindako lekuetan. Ondorioz, finaletan eta, lehen gaizki egindakoa ondo egiten dut, eta alderantziz. Hori lantzen ari naiz orain.

Ez zinen, baina, ondo hasi finalean: burua uretan sartuta ibili zinen.

Ilea kaskotik kanpora ere atera zitzaidan! Orduan pentsatu nuen: «Akabo! Beste final bat alferrik galduta». Baina buelta eman nion, pentsatuz besteentzat ere bide zaila zela eta kale egingo zutela. Topera segitu nuen, oso ondo joan nintzen; dena ondo atera, eta oso pozik bukatu nuen.

Pentsamendu horiek guztiak segundo batean.

Amore emateak ez du balio. Ezin dut dena alferrik galdu segundo batean. Niretzat, agian, egundoko hutsa izan dena gero ez da hainbesterako izango. Urte pila bat entrenatzen ibili, eta huts bategatik ezin da final bat utzi. Bukaera arte topera joan behar da. Gainera, errespetu kontua da nirekiko, eta lagundu didaten guztiekiko.

Finala bukatu, eta beste hiru lehiakide falta ziren lana osatzeko.

Lehenengo, poza hartu nuen hirugarren gutxienez banintzela jakitean, hiru horietako lehenak ez zuenean nire denbora hobetu.

Noiz hasi zinen pentsatzen irabaz zenezakeela?

Ez nintzen asko jabetzen ari. Nire munduan nengoen. Aurrean nituen Xabi Etxaniz eta Maialen [Chorraut], eta besteek bukatu aurretik poz keinuak ari ziren egiten. Zerbait susmatzen ari ziren. Azkena sartu zenean, pozez lehertu nintzen.

Sinesten hasi zara zer egin duzun?

[Hunkituta]. Bai. Azkenean, lan handia egin dugu honaino heltzeko, eta pandemiak, gainera, dena zaildu digu. Merezi genuen. Sekulako konfiantza eta motibazioa eman dizkit garaipen honek. Hau lortu badut, zergatik ez gehiago?

Orain, zer?

Espainiako Kopako proba bat dugu maiatzaren bukaeran. Gero, hilabetera, Munduko Kopako bi proba, eta uda bukaeran, beste bi proba gehiago. Irailean, Munduko Txapelketa Bratislavan, eta tartean, Espainiako Txapelketa, abuztu aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.