Amazon Prime Video plataformaren telesail berria da Un asunto privado. Bihar estreinatuko du 240 herrialde eta lurraldetan baino gehiagotan. BERRIAk jakin duenez, euskarara bikoiztuta egongo da, eta euskarazko azpidatziak ere izango ditu, baina oraindik ez dute haren euskarazko tituluaren berri eman. Zortzi atal edukiko ditu, eta 1940ko hamarkadaren amaieran dago kokatuta, Galizian. Aura Garrido eta Jean Reno dira protagonistak.
Emakume batek garai hartako estereotipoen aurka egiten duen borroka islatzen da seriean. Polizia arima duen goi mailako klaseko emakume batek, Marina Quirogak (Aura Garrido), hilabete batzuk dela, hiria zelatatzen dabilen hiltzailea harrapatu nahi du, bere maiordomo leial Hectorrekin batera (Jean Reno). Oztopo guztien gainetik, hiltzailea aurkitzen saiatuko dira, eta ez ditu ezerk geldituko, ez garai horretako genero aurreiritziek, ezta komisario berriaren erresistentziak ere.
Gorka Otxoa aktoreak ere parte hartu du telesailean, baita Angela Molina, Alex Garcia, Tito Valverde, Irene Montala, Pablo Molinero eta Andres Velencosok ere. Teresa Fernandez-Valdesena da proiektua, bera izan baita showrunner-a, eta berak egin baititu ekoizle zein gidoigile lanak ere. Gema R. Neira eta Ramon Camposekin batera sortu du jatorrizko ideia. Bambu Producciones Espainiako telebistako etxeak ekoitzi du telesaila eta David Pinillos, Maria Ripoll eta Daniel Aranyok zuzendu dute.
Ez da izango Amazon Video Prime plataformak euskaraz ematen duen lehen telesaila. Duela bi aste albiste izan zen The Lord of the Rings: The Ring of the Power telesaila ere jarriko dutela euskaraz. Irailaren 2an estreinatu zuten telesaila, eta egun horretatik ikus daiteke euskarazko azpidatziekin. Bikoizketa lanetan dabiltza orain, baina, oraingoz, ez dago euskarazko audioarekin entzuteko aukerarik.
EITBrekin akordioa
Plataformak gaur egun hemezortzi film eskaintzen ditu euskarazko azpidatziekin, eta euskara bikoiztutako sei pelikula ere bai. Uda honetan Sin límites telesailaren euskarazko bikoizketa jarri dute ikusgai: Juan Sebastian Elkanoren mundu birari buruzko telesaila.
Horrez gain, Amazonek eta EITBk akordio bat sinatu dute uda honetan, eta, orain, ETBren zenbait lan plataformaren katalogoan aurkitu daitezke; esate baterako, Go!azen (2008) eta Lain (2012) telefilmak.
Eta, beraz, aurrez lan horiek euskaratu ostean etorri da orain Un asunto privado telesailari buruzko berria.
Monte-Carloko Zinemaldian egin zuten aurrestreinaldia, ekainaren 18an, Monakon. Sail Ofizialean lehiatzeko hautatutako telesailetako bat izan zen.
Plataformak adierazi duenez,ikus-entzuleek harrera bikaina egin zioten aurrestreinaldiari. Hala zehaztu dute prentsa oharrean: «Telesailaren lehen atalaren proiekzioaren ondoren, ikus-entzuleek kanpoaldeetan grabatutako sekuentzien ekoizpen maila nabarmendu zuten, baita jantziak eta kapituluaren irudi zirraragarriak ere».
Prime Videok euskaraz emango du 'Un asunto privado' telesaila
Gutxienez 240 herrialdetan estreinatuko dute bihar seriea. Azpidatziak ere izango ditu euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu