Euskadi Irratiko Mezularia saioan ari zen lanean Ainhoa Etxebeste (Donostia, 1965), eta EITBko zuzendaritzak podcasten plataforma abian jartzeko proposamena egin zion.
Iazko urte hasieran heldu zenion proiektuari, baina konfinamenduko asteetan albistegietan aritu zinen. Bi hilabeteko etenaldiaren ostean ekin zenion berriz. Prozesu luzea, beraz?
Bai, luzea eta zaila izan da. Taldean sei irrati gara, eta sei irratiek egon behar zuten plataforman. Eta ni diskriminazio positiboaren aldekoa naiz: irrati txikiek eta handiek, denek izan behar zuten kabida. Zuzendaritzak erabakita zuen euskarak izan behar zuela webgunearen komunikazio hizkuntza, eta horrek baditu albo ondorioak Googlen puntuatzeko garaian. Dena nola egin pentsatzea zaila izan zen.
Aurkezpenean esan zenuen plataforma lagungarri egingo zaizuela interes jakin bateko komunitateak identifikatzeko lanean. Hasi al zarete aurreneko ondorioak ateratzen?
Bai, hasi gara, baina denbora gehiago behar dugu. Tresnak ondo funtzionatzen duela egiaztatzeko izan dira lehen asteak. Orain, pixkanaka joan behar dugu edukiak lantzen, espresuki plataformarako egindakoak. Gure artxiboko edukiak eta altxorrak arrazoi jakin batzuekin eman ditzakegu pixkanaka: urteurrenen harira, esate baterako.
Ulu Media ekoiztetxearekin eta Jakin aldizkariarekin egin duzue aliantza. Nolako harremana izan duzue haiekin?
Unibertsitateekin ere aliantzak egiteko asmoa daukagu. Ulu Mediarekin hasi dugu bide bat, baina bide horrek askotarikoa izan behar du. Barruan gaude bezalako podcast bat gurean izatea garrantzitsua iruditzen zitzaigun.
Zeren arabera egiten duzu artxiboko altxorren edo perlen aukeraketa?
Aukeraketa oso pertsonala izan da: ni joan naiz edukiak aukeratzen. Baina irratietan badaude edukien arduradunak, eta, pixkanaka, modu egituratuan egin beharko dugu hori. Bide guztiak ditugu urratzeko.
Bidegurutzean telebista saioaren podcastak ere entzungai daude. Telebistako zer eduki eraman daitezke webgunera?
Laborategi bat sortu da Miramonen, Jon Lamarkak zuzentzen duena, eta elkarlanean ari gara. Euskarri berrietan indarra jarriko dugunez, aliantzak sortuko ditugu EITBren barnean. Telebista saio batzuen backstage-arekin ere egin daitezke podcastak.
Gazteak erakartzeko modu bat da EITB Podkast?
Ez bakarrik gazteak, haurrak ere harrapatu nahiko genituzke. Gaur egungo sukaldeetan ez da hainbeste entzuten irratia, baina haurrak erakarri behar ditugu, etorkizun hurbilean gure irratien eta podcasten entzule izan daitezen. Urte askoan neska-mutikoak ez dira aintzat hartu irratietan, eta hori akats handia da. Beti pantaila baten parean jarri beharrean, belarritik ere gauza asko erakutsi dakizkie haurrei.
Estreinaldiaren egunean EITB Podkasten gehiago ziren gaztelaniazko podcastak euskarazkoak baino. Zergatik hori?
Eduki kopuruari dagokionez, euskararen aldekoa izango da apustua. Pixkanaka ari gara gauzak egiten.
Estamos dentro gaztelaniazko podcastean, Juan G. Andres eta La Basu euskaraz mintzo dira lehen minutuetan. Halako gehiago entzungo dira?
Bidegurutzean saioan Evaristo gaztelaniaz aritu zen, eta inork ez du ezer esan. Iruditzen zait plataforma euskaldun berrientzat oso tresna egokia izan daitekeela. Jon eta Jone irrati nobela klik ugari ari da biltzen, adibidez. Euskaltegietarako egokiak izan daitezke eduki asko; haurrei ipuinak kontatzeko ere bai.
Eta irailean Artxipelagoa fikzioa iritsiko da. Apustu handia?
Bai, alde guztietatik egin dugu apustua. Fikzioak kanpoko podcastetan arrakasta du, eta espero dut Euskal Herriko gazteei gustatuko zaiela Artxipelagoa. Umorearentzako ere gordeko dugu lekua plataforman.
Basilika egitasmoaren lehen podcasta estreinatu berri dute. Halakoek tokia izan dezakete zuen plataforman?
Izan dezakete tokia, bai. Dena da hitz egitea eta akordioetara iristea. Aliantzak egiteko prest gaude, eta joango gara ikusten.
Ainhoa Etxebeste. EITB Podkasten zuzendaria
«Euskararen aldekoa izango da apustua»
Larunbatean hilabete beteko da EITB Poskast plataforma martxan jarri zutenetik. Etxebestek azaldu du «bide guztiak» dituztela urratzeko, eta tresna egokia izan daitekeela euskaltegietarako eta haurrentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu