Modu anonimoan aritu dira orain arte sinadura bilketa sustatzen. Eñaut Zearra Garabieta, Patxo Larrinoa, Ibon Iza, Izaskun Rekalde eta Jon Gomez Garai euskaltzaleek sortu dute Netflix Euskaraz taldea. Zera esan du Gomez Garaik: «Euskararen inguruko kontzientzia zabaltzea eta euskaldunen boteretzea izan beharko da, lehenik eta behin, lortu beharrekoa».
Nori bururatu zitzaion Netflixi euskarazko edukiak eskatzeko sinadurak bildu behar zirela? Nola joan zarete taldea osatuz?
Ideia lantaldeko kide batena izan zen, bat-batekoa. Baina sinadura bilketa martxan jarri eta egitasmoak jendartean izan zuen harrera ikusita, lantaldea osatzeari ekin genion berehala. Lantaldeko guztiok genuen kezka hori buruan aspaldian. Euskal hiztun modura, egunerokoan, jarrera kritikoa eta aktiboa izaten saiatzen gara. Ikus-entzunezkoetan, eta streaming bidezko plataformetan zehatzago, euskarak duen presentzia txikiaren aurrean zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen.
Disney Euskaraz taldekoekin izan duzue harremanik?
Haiek txikiengan jarri zuten bereziki arreta, eta oso egokia iruditu zitzaigun. Publiko osoari zuzendutako edukiak euskaraz ez izatea larria da, eta umeei zuzendutako edukietan euskarazko eskaintzarik ez izatea, are larriagoa oraindik. Duela gutxi jarri gara harremanetan haiekin. Bi egitasmoaren arteko elkarlana martxan jarri beharra dagoela uste dugu.
10.000 sinadura biltzeko erronka jo duzue. Zer egingo duzue sinadura horiekin?
Epe motzean, 10.000 sinadura lortzea esanguratsua izan daiteke. Sinadura horiekin indarra egiten hasi gaitezke, eragileengana jo, eta Euskal Herriko talde eta eragile politikoengana. Apirilaren 15etik aurrera ere, sinadura bilketak jarraituko du epe batez martxan. Baina kontuan hartuzEspainiako Ikus-entzunezko Komunikazioari Buruzko Lege Orokor berriaren gaineko zuzenketak datozen asteetan eztabaidatuko dituztela, ordurako gaia eztabaidaren erdigunera ekarri nahi genuen, eta, aldarrikapen horien inguruan masa kritiko sendoa irudikatu.
Iruditzen zaizue streaming plataformak legez behartu behar direla edukiak euskaraz bikoiztera edo ekoiztera?
Bai, hala iruditzen zaigu. Gaztelaniaz egiten duten era berean itzuli eta ekoiztu beharko lituzkete euskaraz, katalanez eta galegoz ere. Euskara ofiziala den heinean, hala beharko luke legez. Zertarako da bestela hizkuntza bat eremu batean ofiziala? Ala lehen eta bigarren mailako hizkuntza eta hiztunak daudela onartu behar al dugu?
Netflixek esaten badu nahikoa egiten duela, eta Handia, Errementari eta Akelarre filmak dituela; ez duela gehiago egin behar euskarazko edukiak jartzeko, alegia... beste eragile batzuengana joko duzue euskarazko edukiak eskatzeko?
Kontziente gara oso zaila izango dela Netflixen gisako konpainia handietan aurrerapausoak ematea. Indar erakustaldi ikaragarria egingo bagenu, agian, kontuan hartuko lituzkete gure eskariak. Bestela ere, bide luzea dago egiteko euskarazko ikus-entzunezkoen arloan, eta, aurrerantzean, aztertu beharko da nola egituratu, zer eragilerengana jo, zer bide izan daitekeen aurrera egiteko eraginkorrena... Aprobetxatu nahi dugu Akelarre filmaren estreinaldiak izan duen arrakasta azpimarratzeko. Euskara hizkuntza gutxitua izanagatik oztopoa ez dela frogatzen du horrek.
Nolakoak izaten ari dira lehen harremanak euskalgintzako eragileekin?
Jarriak gara harremanetan Kontseiluarekin, Topagunearekin eta UEMArekin. Jakin dugu euskalgintzako eragile horiek ere hasiak direla urratsak egiten antzeko helburuekin.
Euskal Telebistarentzat baduzue eskaerarik?
ETB berrasmatu beharra dago, goitik behera; gogoeta eta aldaketa sakon baten beharrean dago. Denborak frogatu baitu, ETBren helburuetako bat euskara sustatzea eta euskararen normalizazioan laguntzea bazen, kontrako norabidean goazela. Gaur egungo errealitatea da ETB2k hartu duela nagusitasuna, ETB1en kaltetan. ETB1ek duen irisgarritasun falta nabaria da; duen ikusle kuota izanda, nekez bete dezake bete beharko lukeen helburua: euskararen sustapena.
Jon Gomez Garai. Netflix Euskaraz taldearen bozeramailea
«Masa kritiko sendoa irudikatu nahi dugu»
Bizkaiko euskaltzale talde bat sinadurak biltzen ari da Netflixi edukiak euskaraz jar ditzala eskatzeko. Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko «ekinaldi integral bat» artikulatu beharra dagoela uste du Gomezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu