Itziar Gomez. ETBko 'Go!azen' telesailaren zuzendaria

«Gazteek euskaraz ikusten duten telesaila zaindu egin behar da»

Gaztetxoentzat euskarazko lanak ekoiztearen garrantzia nabarmendu du Gomezek. «Ezustekorik ezean, zortzigarren denboraldia egongo da», iragarri du. «Horretarako elkarrizketak hasiak daude».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ostiralean bukatuko da ETB1eko Go!azen telesailaren zazpigarren denboraldia. Ikusle datuak «zertxobait» apaldu badira ere, Itziar Gomez zuzendariak (Irun, Gipuzkoa, 1964) denboraldiaren balantze baikorra egin du. «Oso pozik gaude; urte zaila zen, baina uste dut ondo gainditu dugula». Javier Garcia Bikuñarekin batera egin ditu aurten gidari lanak Gomezek —aurrez aktoreen zuzendari ere aritu zen—. Zortzigarren denboraldia edukitzeko makineria martxan hasia dagoela aurreratu du.

Zazpigarren denboraldia bukatzera doa. Zer balantze egiten duzue?

Balantzea ona da. Egia da beste denboraldi batzuekin alderatuta zuzeneko ikus-entzuleen datuak pixka bat apaldu direla, baina, era berean, asko ugaritu dira bestelako euskarrietako erabiltzaileak (app-a, webgunea...). Zoritxarrez, audientziak neurtzerakoan, zuzenean ikusten dena bakarrik hartzen da kontuan. Baina oso pozik gaude: aurten ezin izan dugu promozioa behar bezala egin, eta, hala ere, nolabait mantentzea lortu dugu.

Zeri egotzi diozue beherakada?

Gure ikuslea Internet bidez kontsumitzera ohitzen ari da gero eta gehiago. Pandemia garai honetan, gazteek ere topatu dituzte iturri berriak Go!azen ikusteko; askok ez dute egunean bertan ikusten. Gure indargunea beti izango da telebista, baina errealitate berriei jarraitu behar diegu guk ere, eskaintza zabalduz eta zalea asez.

Beherakadak kalte egin diezaioke Go!azen-en etorkizunari?

Ez dut uste. Go!azen-ek badu ikusle leial bat ostiralero ikusten duena. Azken erabakia EITBko arduradunek hartzen dute, baina uste dut beste denboraldi bati begira gauzak baikor daudela. Gazteek euskaraz kontsumitzen duten telesaila zaindu egin behar da. Ez dut uste erabaki ona izango litzakeenik Go!azen-i amaiera ematea.

Hortaz, esan daiteke zortzigarren denboraldia egongo dela.

Itxaropen hori daukat. Horretan ari gara. Elkarrizketak hasiak daude, eta, ezustekorik ezean,egongo da Go!azen 8.0.

Aktoreei dagokienez, aldaketarik espero da?

Gidoilariak ari dira ideia berriak pentsatzen, jarraipen bat izateko. Kateak aire freskoak eskatzen baititu, baina, printzipioz, ez da aldaketa handirik espero. Normalki, orain arte hiruzpalau urteko zikloak egin ditugu, eta oraindik ez da tokatzen.

Neska biren arteko maitasun istorio bat ikusi da denboraldi honetan. Baita sare sozialetako itxurakeria eta gaizki-ulertuak ere. Nerabeentzako gai interesgarrien aldeko apustua egiten du Go!azen-ek.

Oso kontziente gara aktualitateko gaiak ekarri behar ditugula, eta, era berean, saiatzen gara nolabait mezu didaktikoa helarazi edota hausnarketa bat eragiten gazteei. Harremanarena istorio polita izan da; ikusleei gustatu zaie. Bestalde, harreman toxikoak ere landu dira. Nolabait, Go!azen-ek izan behar du arriskuak ikusteko erakusleiho ere.

Haur eta gazteek euskaraz kontsumitu dezaketen produktu bakanetakoa da Go!azen. Zer esan nahi du horrek?

Poza eta harrotasuna da euskal produktu batek halako fideltasuna lortzea. Oraindik ere badugu gaitasuna gure ikusleengan ikusmin hori sortzeko. Gaur egungo mundu globalizatu honetan hori lortzea erronka oso polita da.

Apustuak funtzionatu duela ikusirik, zer egin behar luke EITBk?

Gazteen esparru hori oso kontuan hartu beharrekoa du EITBk. ETB1 katea indartzeko, askotan marrazki bizidunetan jarri izan da arreta, eta, gero, gazteak alde batera uzten dira. Eta galtzen diren ikusleak erakartzea oso zaila da. Horregatik, halako produktuak kontuan hartzea beharrezkoa du EITB1k.

Euskal aktore gazteei dagokienez, badago etorkizunik?

Potentzial handia dago. Urtero harritzen gara castingak egiterakoan. Baina Euskal Herrian ez da nahikoa ekoizten, eta hala zaila da euskal aktore bat honetatik soilik bizitzea. Tristea da kanpora joan eta beste hizkuntza batean aritu behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.