Donostian liburua aurkeztu eta bi egunera da elkarrizketako zita, Pasai San Pedron. Badia parean. Koldo Izagirrek (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) hamar urte baino gehiago pasatu ditu kronikak irakurtzen eta biltzen —«ez egunero»—. Eskertuta dago Gorka Bereziartuarekin eta Juan Luis Zabalarekin.
Liburuaren azal hegalean, hiru hitz dituen esaldi laburra: «Altxorra irakurketan zegoen».
Irakurri egin behar da. Bestela, betikoa entzun beharko dugu: 'euskaldunok gutxi idatzi dugu...'. Eta zein da problema? Arazoa da idatzi dugun gutxi edo eskas hori ezagutuko bagenu agian ez genukeela esango gutxi idatzi dela. Gainera, gutxi idatziagatik ondo idatzia badago...
Kronikak aurkitzeko kanpora joan behar izan duzu ala etxetik aritu zara?
Denak etxetik atera gabe, Interneten batez ere. Eguna egunkariarekin, adibidez, luparekin begiratu behar duzu eta pazientzia eduki. Baina hor, Eguna-n, sekulako aberastasuna dago; kroniketan ez ezik, kantuetan ere. Batez ere ezagunak ez diren kroniketara jo dut aukeraketan.
Ilunpean zeuden testu eder asko argitara atera dira liburu honekin. Euskal prentsaren historiari beste begi batzuekin begiratuko al dio kronika hauek irakurtzen dituenak?
Uste dut baietz.
Zergatik?
Batetik, haserretu egin daiteke irakurlea, eta esan: «Nola eduki dugu hau ilunpean?». Horrekin adierazten da merezi duen zerbait dela. Liburu hau irakurtzen duenak kazetaritzaren ikuspegi zabalago bat hartuko duela iruditzen zait. Bestetik, liburua oso erabilgarria izan daiteke hezkuntzan: euskalki desberdinak azaltzen dira, istorioak laburrak dira, eta aplikazio asko izan ditzake.
Donostiako aurkezpenean esan zenuen kronika generoari «ez ikusiarena» egin diola euskal literaturaren historiak.
Hala da, bai. Literaturaren historietan edo irakurri ditudanetan ezer gutxi aipatzen da kronikez.
Liburuetatik at gelditu izan da literatura oso aberatsa euskal prentsan. Kronikek eman dezakete aukera euskal literaturaren definizio zabalago bat egiteko?
Noski. Liburuaren sakralizazioa dago; erosoa da liburuka antolatzea historia bat. Baina liburuetan agertu ez diren testu asko daude, eta horiek ere literatura dira. Zatitxo horiek batzen baldin baditugu, osotasun bat sortzen dugu; beraz, beste ikuspegi bat.
Gorka Bereziartuak eta Juan Luis Zabalak zertan lagundu dizute?
Bereziartua izan da nire kontaktua, aholkularia, eta bilduma antolatzen lagundu didana. Bestetik, ni ez naiz batere ona ortografia kontuetan, kopista txarra naiz, eta horretan Zabalak lagundu dit. Zabalak dena errepasatu zuen, goitik behera.
Duela ehun urte baino gehiago argitaratutako kronika batzuetan, Iparraldekoetan, estilo modernoa topatu duzu?
Bai, bai. Iparraldean bazeukaten nafar-lapurtar batua bat. Bestetik, Larresoroko [Lapurdi] apeztegitik pasatutakoak ziren asko, eta sekulako trebetasuna zuten hizkuntzan. Hizkera aberatsa, eta estiloa ere bai.
Diasporako kronika batzuk ere nahiko desberdinak dira.
Beste askatasun bat zuten, beste ikuspuntu bat. Harridura, lan kontuak, bakardadea...
Bada kronika bat, 1898koa, Kalifornian urkatu behar duten preso baten azken orduak kontatzen dituena, adibidez.
Ederrak dira horrelakoak. Halakotestu asko daude Euskal Herritik joandakoek idatziak.
Gerra kontuetan, halaber, estilo oso desberdinak ageri dira Lehen Mundu Gerra, 36ko gerra ala Aljeriako gerra izan.
Aljeriakoek ezin zuten askorik esan [Xipri Arbelbidek idatzitako bi kronika ageri dira liburuan]. Ezin zuten edozer gauza idatzi, mobilizatuta baitzeuden. 36ko gerrako pasadizo asko, berriz, urte asko beranduago daude kontatuak. Material asko dago gerraren ingurukoa, liburutik kanpo.
Asko irakurri duzu, baina ezinezkoa da dena begiratzea.
Eskualdeetako hedabide asko ez ditut begiratu. Ziur nago tokiko aldizkarietan ere gauza interesgarriak daudela: kroniketan, baita elkarrizketetan ere.
Jaso duzu, hala ere, Ondarroako (Bizkaia) 1997ko urtekarian Josu Urrestik Ezkabako ihesaz (Nafarroa) idatzitako testua.
Kasualitatez harrapatu nuen hori. Interesgarria da Urrestik ihesaldia nola pasatu zuen ezagutzea.
36ko gerraren ostean ez al da apalaldi bat nabari, estiloan-eta? Iparraldean ere bai?
Kontuan hartu behar da Iparraldean Bigarren Mundu Gerra izan zutela, eta Euskalduna aldizkaria ez zen oso erresistentziakoa; itxi egin zuten, eta hor makalaldi bat izan zuten. Gero, 1960ko hamarkadan berriz hasi ziren.
Zer gabezia dituzte kronika garaikideek liburuan ageri diren harribitxi batzuen aldean?
Zeruko Argia-ren eboluzioa aipatuko nuke. Franco hil arte, kulturak sekulako garrantzia zuen kroniketan.
[Itsasontzi baten tutu hotsak azalpenak eten ditu].
Baina 1976an politika gailentzen da, ez zegoen beste ezertarako tokia. Euskal Herriko egoera bortitza zen, eta horren kronika gailendu zen aldizkarian. Horrekin esan nahi dut lehen libreagoak zirela kronikak; espazio berak ere aukera ematen zuen libreago aritzeko. Kronika luzeagoak egitea errazagoa zen lehen. Gaur egungo prentsan dena kuadrikulatua dago, eta mini-kronikak dira.
Liburuaren izenburua Gernikako bonbardaketaren kronika batetik dator, ezta?
Bereziartuaren esku zegoen hori. Kronika Joseba Zubimendirena da [Euzko Enda-n, 1939an argitaratua]. Bonbardaketa sufritzen dutenen kronika bat egiten du, oso ona, eta zaldiak agertzen dira Picassoren Gernika koadroan bezalaxe. Ikertu behar hori zergatik.
Zerk bereizten du idazle on baten kronika kazetari on baten kronikatik?
Ez dago bereizterik. Kronika zergatik ez da literatur genero? Genero hibrido bat da. Kronika onek beti dute txispa, estilo borondate bat. Zarpail izatea ere estilo bat da.
Zer behar du gaur egun kronika batek irakurlea harrapatzeko?
Idazten duenak inplikatu egin behar du bere burua errelatoan. Trikitilariek diote teknika ona izan daitekeela, baina sentimendurik ez badago ez duela balio. Sentimenduarekin beste zerbait dago.
Liburuan 89 kronika daude. Beste bilduma baterako 89 harribitxi gehiago topatu al dituzu?
Bai, asko gelditu dira kanpoan.
Horietako baten bat aipatuko zenuke?
Xabier Lizardik Espainiako Kongresuan idatzi zuena. Jesus Maria Leizaolak gonbidatu zuen, 1932an, eta Lizardik kronika zoragarria idatzi zuen. Eta oso aktuala [barreak, badian]. Debatea zen autonomiaz, katalanak...
Koldo Izagirre. Idazlea
«Literaturaren historietan ezer gutxi aipatzen da kronikez»
'Zaldi bat ihes garrezko zelaian' du izenburutzat liburuak, eta azpian azalpena: 'Euskal prentsak ekarritako zenbait kronika gogoangarri (1869-2000)'. Izagirrek 89 harribitxi bildu ditu; eta 'Argia'-k argitaratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu