Kazetari lanera «karanbolaz karanbola» iritsi zela dio Bego del Tesok (Donostia, 1959). El Diario Vasco-n eta BERRIAn —ostiralero, Eppur si muove atalean— idazten du, eta Euskadi Irratian astean bitan aritzen da. Zinema jaialdi batzuekin kolaboratzen du, baita Tabakalerarekin ere.
Zer pentsatu zenuen kazetariek erabakitako sari bat jasoko zenuela esan zizutenean?
Harritu egin ninduen. Neure burua inpostoretzat hartzen dut. Egun inpostorearen sindromea erabiltzen da azaltzeko emakumeok erakutsi behar dugula gizonak baino askoz gehiago garela. Ni, berriz, inpostorea naiz inpostorea izan nahi dudalako, aspaldiko esanahiarekin. Egunero esnatzen naizenean pentsatzen dut gaur deskubritu egingo nautela.
Baina pozik zaude sariarekin?
Bai, gustatu zait kazetarien aldetik jaso dudan maitasuna. Eguneroko lanaren aldeko maitasuna sentitu dut hor. Badakit beste batzuek gorrotatuko nautela, baina ez dago arazorik.
1985ean hasi zinen kazetaritza lanean. Ofizioarekin zenituen espektatibak bete al dira urteotan?
Ez nuen espektatibarik. Gustua hartu nion ofizioari, eta politaizan da gertatu zaidana. Cannes, Venezia eta Berlingo zinema jaialdietan egoteko aukera izan dut. Berlinekin seko maiteminduta nago, eta orain alemana ari naiz ikasten. Hizkuntzak asko gustatu izan zaizkit beti.
Irudimena behar al da kazetaritzan?
Ni soilik behin joan naiz Leioako [EHU, Bizkaia] Kazetaritza fakultatera, eta, irakaslea 5W galderen kontuarekin hasi zenean, ba... Itzultzaile eskolan euskara hobetzen aritu nintzen, eta kazetaritza lanari heldu nion. Argi esaten dut: informazio zehatza nahi duenak ez dezala nigana jo.
5.800 elkarrizketa inguru egin dituzu urteotan. Nolako elkarrizketekin gozatzen duzu?
Kaleko jendea elkarrizketatzen dut. Zinema munduan, Joaquim Jorda zinemagile zena izan da elkarrizketatu dudan ospetsuena. Zezenzalea naiz, eta Morante de la Puebla toreatzailearekin egin nuen elkarrizketa izan da gehien gozatu dudana. Egiten ditudan elkarrizketetan, nik ez dut aspertu nahi; ezin ditut irakurleak aspertu, ezta nire nagusiak ere. Elkarrizketatuekin solasaldi batean nago, eta fabulazioaren alde nago. Fabulazioak testuinguru batean jartzen ditut. Nire elkarrizketak ipuinak bezalakoak dira.
Fabulazio horietan guztietan, batzuk bitxiak eta xelebreak izango ziren, ezta?
Lanbide eta txoko guztietan dago jende interesgarria eta bitxia. Hori bai, behin txakur bat elkarrizketatu nuen, txakurra jabea baino interesgarriagoa zelako. Baina beti izango da norbait interesgarria zure orrialdea betetzeko. Kontua da solasaldian zuk atezuan egon behar duzula.
Ez zabiltza sare sozialetan.
Ez daukat ezer Interneteko sare sozialen kontra. Baina egunero idazten dut, irratian nago astean bitan, eta plaza nahikotan banago. Jendeak badaki nolakoa den nire pentsamendua. Ez dut harrokeriaz esan nahi hori.
Kazetaritzaren kontsumitzaile moduan, zein hedabide dituzu gogoko?
The Guardian, Liberation eta The New Yorker-en zale amorratua naiz.
Kazetari gazteekin hitz egiten duzunean, garai bateko kontuez eta teknologiaz aritzen zara?
Ez, ez dut gogoko iraganeko nostalgia. Gauza bat da sare sozialik ez izatea, eta beste bat Interneteko jakinduriari uko egitea. Interneten fundamentuz bilatzea esploratze lan ikaragarria da.
Paperezko prentsak jarraituko duela iruditzen zaizu?
Elkarrizketak ere aurrez aurre egin behar dira. Gauzak ukitu egin behar dira. Presazko kontuak begiratzeko, telefonoa, bai, ados. Baina patxadaz irakurtzeko, gustura irakurtzeko: papera. Paperezko prentsa luxu bat bihurtuko da. Momentuko berriak Interneten daude, bestalde, eta hurrengo egunean analisiak eta bestelako irakurketak behar dira paperean. Horrek guztiakeskatzen du prentsako kazetariok edertasunez idatzi behar izatea.
Bego del Teso. Kazetaria eta kritikaria
«Ezin ditut irakurleak aspertu, ezta nagusiak ere»
Kazetarien Euskal Elkargoak Euskal Kazetariak saria emango dio Del Tesori asteazkenean, Bilbon. 1985ean hasi zenetik, 5.800 elkarrizketa eta milaka zinema kritika idatzi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu