Donostiako 71. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera. Irati Gorostidi. Zinemagilea

«Langile mugimendutik komunitatean sartzera doaz pertsonaiak»

1980ko hamarkadan Lizason egon zen komunitate baten inguruan ari da bere lehen film luzea prestatzen Gorostidi. Haren lehen urrats modura ondu du 'Contadores', langile mugimenduaren une jakin bat fokuratuz.

GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
1978ko apirilean, Espainiako Trantsizio betean, Gipuzkoan metalgintzako lehen hitzarmena sinatzera doaz, eta ur kontagailuen fabrika batean lan egiten duten gazte militante libertario batzuek sindikatuekiko mesfidantza agertuko dute langileen arteko asanbladan. Bizi ere elkarrekin bizi dira, Mikel Laboaren kantuak eta ahots gora irakurritako Egin-eko albisteak gurutzatzen diren egongela batean. Fabrikan zein etxean, bizitza partekatu baten aukerez eztabaidatzen dute. Atmosfera hori filmatu du Irati Gorostidik (Egues, Nafarroa, 1988) Contadores lan laburrean; Cannesko Kritikaren Astean estreinatu ostean heldu da Zinemaldira.

Zer heldu zaizu filma ikusi dutenen partetik?

Cannestik pasatu izanak ikusgarritasun handia eman dio lanari, eta oso pozik nago ibilbidea horrela hasi duelako filmak. Hemen atzo [asteazkenean] aurkeztu genuen, lagunartean, eta erreakzio oso politak izan ziren. Ez zen feedback kritikoetarako momentua izan. Ospakizun momentua izan zen, baina halakoak ere behar dira lan prozesu luzeen ondoren.

Besteak beste, Euritan (2017, Arantza Santestebanekin) eta San Simon 62 (2022, Mirari Etxebarrirekin) film laburrak egin ondoren eta Anekumen zure lehen lan luzea osatze bidean dela heldu da Contadores. Nola ikusten duzu filma segida horretan?

Contadores-en lehenengoz egin dut fikzio bat elkarrizketekin, eta hor bada salto handi bat. Lantaldearen tamaina ere handiagoa da hemen. Orain arte dokumentaletik gertuago dauden proiektuak egin izan ditut, gero egin nuen Unicornio [2021] fikziozko lehen laburra, baina elkarrizketa gabe, eta hau saiakera moduko bat da proiektu luze baten bidean.

Nola lotzen dira Anekumen eta Contadores?

Anekumen 1980ko hamarkadan Lizason [Nafarroa] egon zen komunitate baten inguruko ikerketa batean oinarritzen da. Proiektu horren gidoia lantzen ari nintzela ohartu nintzen garai hartako testuingurua pelikulan sartzea ere inportantea izango zela. Hortik sortu zen pelikularen hasiera langile mugimenduan oinarritzearen ideia: pertsonaiak langile mugimenduaren parte izatetik komunitate horretan sartzera doaz.

Hemen ageri den lagun talde hau izango da, beraz, film luzean komunitatean agertuko dena?

Bai, halako zerbait.

Kasu honetan, etxean eta lanean filmatu dituzu. Zer izan da inportantea bi espazioak nola filmatu erabakitzean?

Bi sekuentzia dira, eta bakoitzak alderdi bat irudikatzen du. Batetik dago fabrikako giroa; langile mugimenduarekin zer gertatzen ari den islatzeko une esanguratsu bat topatzen saiatu nintzen, eta hori metalaren hitzarmena izan zen. Lehenengoa izan zen Trantsizioaren barruan, eta nolabait Trantsizioko neurri ekonomikoak hor jarri ziren. Sinbolizatzen du aldaketa bat. Etxeko sekuentzian, bestalde, ikusten ditugu panfletoak inprimatzen eta, baina hor gehiago nahi nuen adierazi gazte talde honentzat langile mugimenduaz aparte dauden beste kezka batzuk, eta da nola biziko diren, modu askoz zabalago eta sakonago batean.

Antolaketa afektiboaz hitz egiten dute, esaterako.

Bai. Azken finean, badaramatzate urteak langile mugimenduan militatzen, eta aritu dira iraultzaren inguruan pentsatzen, zer irizpideren barruan nahi duten gizartea pentsatu eta bizi, eta hor bizitzako esparru guztiak sartzen dira: nola biziko duten familiaren kontzeptua edo nola espiritualitatea, adibidez, oso inportantea izango dena bigarren partean.

Azkenengo lanen bidetik, analogikoan grabatu duzu hau ere.

Bai, azken hiru proiektuak hala egin ditut. Asko interesatzen zait nola baldintzatzen duen filmaketan gertatzen den guztia; erabakiak aurretik hartu beharra, filmaketan exijitzen duen diziplina. Horren eta inprobisazioaren arteko nahasketa bat dago filmean. Eta, horrekin batera, garai hartako tresnak erabiltzeagatik ere bada hautua, horrek ekar dezakeelako irudira zerbait. Ez da estetika hutsa.

Pertsonaien ikuspuntua dezepzioarena da. Nolatan hori?

Beraiek langileriaren antolakuntza oso zabala bizi izan dute 1970eko hamarkadan; orduan eskualde honetan, langileak oso modu horizontalean antolatzen ziren, hainbeste bitartekaririk gabe. Haiek kritikoak dira sindikatuekin, langileen atomizazio bat ikusten dutelako, eta horrek dezepzioa eragiten die.

Elkarrizketa biziak dira filmekoak. Kolektiboa izan da idazketa?

Artxiboko materialean eta elkarrizketetan oinarritutako ikerketa bat egon da atzetik. Lan egin dut baita ere orduan Contadoresen lan egiten zuten pertsona talde batekin. Ni joan naiz gidoia idazten eta haiekin berridazketak egiten. Eta aktoreekin lan egitean ere berridazketa prozesu konstante bat egon da, eta berdin muntaketan.

Filmeko irudi indartsuetako bat da langileak, protesta gisa, lerro baten lantegitik paseatzen direnekoa, «suge baten antzera».

Elkarrizketetako batean aipatu zidaten pikete bat egiteko modu hori, sugea deitzen ziotena. Nola pasatzen ziren lankideen artean ilara bat egiten. Ilara horretan bazegoen nolabaiteko tentsio bat, baina ez zen normalean ikusten dugun konfrontazioa. Ez ziren kontsignak esaten, besterik gabe, egiten zen ibilbide bat, greba bat edo asanblada bat zegoenean. Momentu horren eta langileen antolakuntza modu horren adierazle iruditu zitzaidan.

Egun eztabaidatzeko ohitura bera, oro har, apaldu egin dela esan izan da. Bat zatoz?

Ez dakit, egia esan. Zaila egiten zait halako ondorioetara iristea.

Nola doa Anekumen?

Garapen prozesuan gaude, finantzaketa eskatzen, eta orain, udazkenean, castinga hasi behar dugu eta gidoia lantzen jarraitu. Bada gidoi bat filmaketaraino jarraitu beharko duguna idazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.