Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso abesbatzak larunbatean utzi zuen Euskal Herria Balira (Indonesia) joateko. Asiako Grand Prix finalean parte hartzeko aukera lortu zuen duela urte batzuk, etaabesbatzako kideak «ilusioz» eta «gogo handiz» daude horren harira, abesbatzako zuzendari Iñaki Tolaretxipik (Errenteria, 1972) adierazi duenez.
30 ordu baino gehiagoko bidaia izan du taldeak. Autobus bat, sei hegazkin... Bidaiaren luzera zen haien kezkarik handiena, horrelakoetan «neka-neka eginda» bukatzen baitute. 24 ordu bakarrik izan dituzte indarberritzeko. Beste koruek, hain zuzen, abantaila dute horretan; gehienak bi edo hiru ordura egongo dira, eta bidaia motzak izango dituzte.
Balira zoazte... berriro.
Hala da. 2019an egon ginen han, eta horixe bera da itzultzeko arrazoia. 108 koruren aurka lehiatu, eta irabazi egin genuen. Horrek eman zigun Asiako Grand Prix finalean egoteko aukera. Kasualitatez, Indonesian da aurtengo finala. Finala jokatzeko lekua aldatu egiten da aldiro, beste herrialde bat ezagutu genezakeen, baina Indonesiara itzultzea egokitu zaigu. Etxekoak garela esaten digute han.
Nolakoa da mundu osoko 108 abesbatzaren artean lehenak geratzea?
Ikaragarria! (barreak). Landarbasok nazioarteko hemeretzi sari ditu, baina hau da garrantzitsuena. Hamasei modalitate daude, eta, horietako bat irabaziz gero, finalean sartzea lortzen duzu. Gero, hamasei talde horietatik bakarrak irabazten du, eta, 2019an, guk irabazi genuen. Gehienbat, Hegoafrikako koru bat zegoelako harritu gintuen postuak. Koru horrek beti irabazi izan digu, baina orduko hartan guk irabazi genien.
Grand Prix honetara iritsi den Europako lehen abesbatza zarete. Presioa da hori?
Ez du beste inork lortu, ez. Lehia 2021ean egitekoa zen, baina, pandemiagatik, atzeratu egin zuten. Bost koruk parte hartu beharko lukete, baina, azkenean, sei izango gara, 2022an Indonesiako finala irabazi zutenak ere egongo baitira finalean. Presiorik ez daukat; 33 urte daramatzat abesbatzan. Munduan bi Grand Prix daude soilik, Asian eta Europan, eta bizitzan behin edo bitan gerta dakizuke final hori irabaztea. Oso zaila da, lehiaketa bat irabazi behar baituzu aurretik. Guk ahal bezain ondo egingo dugu.
Prestatu al duzue ezer berezirik itxurari edo eszenografiari dagokionez?
Ez askorik. Eszena nahiko indartsua daukagu, hori bai. Finala jokatu ondoren, berriro lehiatuko gara Baliko lehiaketan, han gaudela aprobetxatuz. Aurten berrehun korutik gora daude; ez da erraza izango irabaztea, baina batek daki. Hiru modalitatetan arituko gara, eta hiru jantzi eraman behar ditugu, beraz: polifoniako jantzi beltza da lehena. Serioena. Mistoetan, neskak arrosaz doaz, eta mutilak, berriz, beltzez. Eta, azkenik, folkloreko baserritar jantzia.
Zer moduz doaz entseguak? Zer aldartetan zaudete?
Korua oso entxufatuta dago! Entseguak oso ondo doaz. Igandean emanaldi bat eduki genuen Errenterian, eta oso polita izan zen. Lau urte izan ditugu prestatzeko pandemia dela eta, eta horrek eragina izan du programa hobeto aukeratzeko garaian. Munduan oso garrantzitsuak diren profesionalak izan ditugu gurean laguntzen. Lehiaketa, ordea, azken hilabeteetan prestatu dugu. Aurretik, korua prestatzen aritu gara. Obrak behin eta berriro errepikatzen badituzu, nazkatu egiten zara. Garrantzitsuagoa da teknika prestatzea eta gero obrak lantzea.
Zein da programa?
Programa askotarikoa izateko eskatu digute. Horrek ez dit graziarik egiten, beharbada niretzat eta epaimahaiarentzat askotarikoa ez delako gauza bera. Nahiago dut Italiako konpositore baten obra bat eskatzen badigute, adibidez. Estilo aldetik, erlijioso bat,erromantiko bat, garaikide bat eta bi euskal kanta prestatu ditugu: Jesus Guridiren Akerra ikusi degu eta Javier Bustoren Ametsetan. Argi geneukan euskal kantuak eraman nahi genituela; azken finean, Europako koru bakarra garenez, gu gara exotikoak.
Nolako harrera izango du euskal musikak Indonesian?
Indonesian euskal musika asko abesten da. Badaude munduan oso garrantzitsuak diren konpositore euskaldunak: Xabier Sarasola, Javi Busto, David Azurza, Eva Ugalde... Haurren kontzertu batean egon ginen Indonesian, eta Ugalderen obra bat abestu zuten. Ez da hain arraroa han euskaraz kantatzea. Ezagunak dauzkat han, abeslariak eta zuzendariak, eta, batzuetan, euskarazko hitzak nola ahoskatzen diren galdetzen didate. Badago mugimendu bat, baina ez dute guk bezala abestuko. Ez daukate gure erritmoa.
Zein da finalaren mekanika?
Hogei minutu dauzkagu bost obra kantatzeko. Kronometroa aurrera doa, eta ez da gelditzen bostak kantatu arte. Abesti aldaketak ere hogei minutu horien barruan egin behar ditugu. Jendeak ezin du txalorik ere egin, eta, luzatzen bazara, zigortu egiten zaituzte, nolabait. Sei koru lehiatuko gara: Filipinetako bi, Malaysiako bat, Taiwango bat eta Indonesiako beste bat ditugu aurkari.
Nolakoa da Balira doan taldea?
Landarbaso familia bat da. 6 urterekin hasten dira, eta ,8 urtera bitarte, Musikar taldean ibiltzen dira. 8 urtetik 15era, Kontarin. 16tik 20ra, Dizdizkan. Eta gero, Landarbason: eliteko korua, 18tik gora. Saltoa oso handia da Dizdizkatik Landarbasorakoa, ez dira denak iristen. Lehendabizi, Dizdizkan begiratzen dugu, eta bilatzen duguna hor badago, «etxeko jendea» joango da lehendabizi, noski. Bestela, kanpoko jendea hartzen dugu. 38 abeslari doaz Grand Prixera. Aurten joango direnek 26-27 urte dituzte batez beste, eta gazteenak 18 urte ditu.
Zer duzu esateko aurkariez? Irabazteko itxaropenik baduzue?
Interneten badaude bideoak. Abesbatzako kide batzuk ibili dira ikusten, baina nik nahiago izan dut ezer ez jakin. Badakit oso onak izango direla, haiek ere irabazleak izan baitira. Filipinetakoa eta Indonesiakoa oso eskola garrantzitsuak dira munduan, eta Filipinetako bi koru egoteak ez dit inolako graziarik egiten. Iruditzen zait onak izan gabe lehiaketak irabazi ditugula, eta onenak izanda galdu. Beti ez du onenak irabazten: beste faktore batzuk daude. Guk badauzkagu aukerak, gure hordagoa oso serioa da. Han ikusiko denarekin alderatuta, oso estilo desberdinak eramango ditugu. Irabazle bakarra egongo da, eta, emanaldian arazorik balego, epaimahaiarentzat errazagoa izango da aukeratzea. Uste dut bi edo hiruren artean erabakiko dutela, ez seiren artean. Gu dena ematera joango gara: arriskatzen ez duenak ez du xanpainik edaten!
Iñaki Tolaretxipi. Landarbaso abesbatzako zuzendaria
«Ez dute guk bezala abestuko»
Errenteriako Landarbaso abesbatzak Baliko Grand Prix finalean parte hartuko du, 2019an Baliko Nazioarteko Lehiaketa irabazi eta gero. Hara eramango duten programaren barruan bi euskal abesti daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu