Martin Artiach, 'Mattin'. Soinu artista

«Askatasun falta esploratzen dute nire partiturek»

Sakon ezagutu ditu inprobisazioaren eta zarataren alorrak Mattinek, eta 'Social dissonance' liburuan bildu ditu orain hainbat hamarkadatan ondutako gogoetak. Soinuaren alorretik alor sozialera aldatu du enfasia.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Getxo
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Soinuaren alorretik alor sozialera aldatu behar da enfasia, zatiketa hori fikziozkoa delako, soinuaren pertzepzioa bera jadanik soziala den neurrian». Zarataren bihotza bera gurutzatua du Martin Artiach Mattin-ek bere ibilbide artistikoan (Getxo, Bizkaia, 1977), eta haren osteko espaziotik mintzo da orain. Izen ezaguna da harena mundu osoko soinu artearen, zarataren eta inprobisazioaren alorretan: 70 disko baino gehiago ditu argitaratuak, ehunka diskotan aritu da ekoizle, bizi izan da Londresen, bizi izan da New Yorken, eta Berlinen dago egun; Abject Music estudioa darama bertan. Inprobisaziotik, alor kontzeptualera heldu zen lehenik, eta ildo horretan sakonduz eman du orain argitara Social Dissonance izeneko liburua (Urbanomic), hamarkadako ikerketa artistiko eta intelektualaren ondoren bildutako gogoetekin.

Politikaren, ekonomiaren eta abangoardia artistikoren bidegurutzean bertan dabil haren jarduna. Euskal Herrian ere izan da udan hura aurkezten, eta hala egin du zita BERRIArekin. Elkarrizketa argitaratzeko baldintza bat jarri du, eta elkarrizketa bera eraldatzeko proposamen bat ere egin du. Edukia izan dadila erabilera librekoa, batetik, eta, bestetik, lehen paragrafoko letra tipoak izan dezala, ez ohi duen 9,6ko letra tamaina, baizik eta azken inflazio datuaren araberakoa: %10,7koa, alegia, Hego Euskal Herrian.

Sorkuntzan beharrezkoa duzu deserosotasun puntu bat?

Kontzertu inprobisatuak egiten nituenean, baziren musikari batzuk emanaldiaren ondoren beren buruarekin oso pozik sentitzen zirenak. «Oso ongi egin dugu». Inprobisazioaren aurka zihoan hori, nire ustez, zeren inprobisazioak zeure burua zalantzan jartzera eraman behar zaitu. Nartzisismoa da bestea. Egun bizi dugun egoeran, zeure buruarekin pozik sentiaraziko zaituen zerbait egiten baduzu, egungo gizarte honetan bizitzeak esan nahi dituen gainerako gauza guztiekiko ere poza adierazten ari zara. Gizarte honen arazo eta kontraesanak aztertu behar dira, eta ez poztu.

Liburuan badago bizitza osoan erabat zure izan duzun soinuaren eta inprobisazioaren eszena horri buruzko esaldi bereziki gogor bat. «Bere buruaren parodia bilakatu zen».

Aipatu ditudanak bezalako momentuek eraman ninduten horra. Ohartzen joan nintzen, printzipioz araurik gabekoak diruditen eta esperimentazioak gidatuta omen dauden esparru horietan ere, haiek kontrakoa esan arren, jendeak ez zuela benetan ezagutzen denaren mugara joateko asmorik. Benetan mugan bazaude ez duzulako gertatzen ari dena identifikatzeko tresnarik, eta ezin duzulako ulertu. Balio sistema zalantzan jartzen duten esploratu gabeko gune horietara heldu ezean, niretzat, hori ez da inprobisazioa. Zeure burua zalantzan jartzen du inprobisazioak, zeure ingurukoekin eta, are, baita gizartearekin duzun harremana ere; momentu horretan, umiltasuna behar da onartzeko ez duzula egoera hori epaitzeko erremintarik. Gain egiten dizula. Inprobisazioarekin eta zaratarekin musika genero oso identifikagarriak sortu direla iruditzen zait, eta etengabe autosaboteatzen egon ahal izateak erakarri ninduen ni esparru horretara, egiten duzuna ezin kutxatila bakar batera murriztu ahal izateak eta identifikazioei izkin egin ahal izateak.

Disko dendetako kategorizazio hori saihestea, alegia: Rocka, popa, zarata...

Zarata gisa ere identifikatzeko zaila den baina etengabe hor dagoen zarata hori interesatu zait beti.

Eta hortik iritsi zara liburuaren lehen orrialdeetan datorren esaldi horretara: «Soinuaren alorretik alor sozialera aldatu behar da enfasia».

Esperientziari egindako kritika batetik dator hori. Mota horretako inprobisazio edo zarata horrek fetitxizatu egiten du soinu esperientzia batean murgiltzea, eta niri iruditzen zait halakoetan esperientzia pertsonala nabarmentzen dela, esperientzia pertsonala zer den zalantzan jarri beharrik gabe. Baina esperientzia ere gure gaitasun kognitiboek filtratzen dute.

Liburuan diozuna da ezin dela ahaztu esperientzia hori ere momentu historiko batean, gizarte konkretu batean gertatzen dela.

Hori da, eta nik hori azaltzeko John Cage jartzen dut abiapuntu modura. [Soinu guztiak neutralizatzeko diseinatutako] Areto anekoiko batean sartu zen momentuan, Cagek deskubritu zuen isiltasunik ez zegoela. [Areto barruan ere zarata altu bat eta zarata grabe bat entzuten zituen Cagek. Bere nerbio sistemari zegokion lehena, eta bere odol jarioari bigarrena]. Une horretatik aurrera, isiltasunik ez zegoela konturatu zenez, berak erabaki zuen soinu guztiak hartzea beren kasa ziren bezala, eta objektu estetiko sonoro modura landuko zituela. Isolamendu estetiko horrek, ordea, lotura zuzena du bere interes politiko pertsonalekin, hau da, anarkismoaren adarrik indibidualistenarekin. Eta, beraz, horren arabera, Cageren pentsamenduak aurresuposatzen du zuk baduzula autonomia maila bat indibiduoa zaren neurrian. Eta ideia hori da kritikatu nahi izan dudana. Gaur egun bizi dugun gizartean, soinuak beren kasa isola daitezkeen objektu estetikotzat hartzen dituen ideia hori bezala, ezinezkoa delako bere kasa askatasuna baliatzeko gaitasuna duen indibiduoaren ideia hori ere. Liberalismoaren bertsio azeleratu bat besterik ez da anarkismoaren ikuspegi hori.

Artistaren ustezko askatasunaren eta gizartean nagusi den askatasun faltaren arteko talka da zure liburuaren sakonean dagoen gaia.

Disonantzia kognitibo bat da hori. Leon Festinger-ek proposatu zuen kontzeptu hori, eta deskribatzen du esaten duenaren eta egiten duenaren arteko aurkakotasunean bizi den pertsonak bizi duena. Eta gizarte liberal honi begirada orokorra eskainiz gero, ohartuko gara egiturazko disonantzia kognitibo ikaragarria dagoela gizarteak aldarrikatzen dituen askatasun indibidualaren, berdintasunaren eta demokraziaren balioen eta, praktikan, egunero ezberdinkeria eta zapalkuntza sustatzen dituen sistemaren artean. Horri deitzen diot disonantzia soziala.

Eta zer ahalmen du sortzaile batek horri aurre egiteko?

2017ko Dokumentan hasi nintzen gai hauek lantzen, eta nire ametsa zen Fluxux mugimenduak proposatzen zituen instrukzio moduko partiturak hartu eta horri izaera politiko eta iraultzailea ematea. Baina gehiegizkoa zen. Eta, azkenean, partitura haiekin askatasun falta esploratzea erabaki nuen.

Horraino hel daiteke, beraz, Joseba Sarrionandiak aipatzen zuen poesiaren giltza ttipia?

Bizi dugun ingurua eta askatasun falta hori zenbat eta sakonago ezagutu, agian, orduan eta egingarriago izango da hortik zerbait eraikitzen hasi ahal izatea. Ze uste dut baietz, eraiki daitekeela zerbait, eta sortu daitezkeela aliantzak, sentsazioa dudalako jendea gero eta kezkatuago egongo dela, baldintzak gero eta zailagoak izango direla... Eta, nire ustez, elkartasuna eraiki daiteke disonantzia sozialak eragiten duen frustraziotik abiatuta. Oso-oso mugatuta gaude, eta, agian, oso umilak izan beharko dugu.

2000ko hamarkadan esfortzu handia egin zenuen mundu osoko soinu artisten, inprobisatzaileen eta zarataren alorreko sortzaileen sare moduko bat osatzeko. Nola hartu ditu sare horrek zuk egindako kritikak?

Oso era organikoan gertatu zen saretze hori. Interneti esker gertatu zen. Jende gutxi ginen, leku zehatzetan, baina sekulako hartu-emana zegoen. Oso giro ona zegoen. Nire bizitzako urterik onenak izan ziren. Asko ikasi nuen han, eta, soinu aldetik ere, orduan sentitu nintzen, azkenik, etxean. Gero, behin barruan zaudenean, hasten zara baina batzuk ikusten. Oso abangoardista zen. Etengabe zenbiltzan mugek noraino eman zezaketen kuestionatzen. Era berean, oso eszena gizonkoia erebazen.

Ausartentzako eszena bat.

Perspektibarekin begiratuta, horrek arazo batzuk sortzen zituen, bai, baina bazegoen integritate bat eta esplorazio asmo intentsu bat. Denborarekin, ohartu naizena da hartu-eman biziko une horiek erabat lotuta daudela ekonomiaren oparoaldiarekin. 2008ko krisialdiaren ostean, Japoniako musikariek, esaterako, Europara etortzeari utzi zioten, eta apaltzen hasi zen hartu-eman hura. Jaialdiak ere beherantz hasi ziren. Ni barruan nengoen, baina artea eta artearen teoria ikasi ahala eskuratutako tresna kontzeptualekin pixka bat deseroso sentitzen hasi nintzen mugimendu hartan ikusten nuen formalismoarekin. Nik alor kontzeptualera eraman nuen hori, eta alor sozialagora eraman dut hortik.

«Publikoa instrumentu bilakatzea». Esaldi horrek laburbiltzen du zure azken aldiko jarduna.

Esperientziaren bidez jakintza sortzeko moduak bilatzen ditut. Potentzial handia dute une horiek, eta asko dibertitzen naute. Hitz joko moduko bat ere bada, ezta? Pandoraren kutxa bat zabaltzearen pareko da musika instrumentuak kendu, eta publikoa instrumentu modura erabiltzea, zertarako, eta, hain justu, nola instrumentalizatuta gauden ikusteko. Disonantzia sozialak eragiten duen zarata beti dago hor, eta hori da niri gehien interesatzen zaidana.

Liburu amaieran zerrenda luze bat dator emanaldietan ikus-entzuleen erosotasuna eta segurtasun sentsazioa zartatzeko baliadaitezkeen ekintzekin: entzuleari belarri bat miazkatzea, denen artean saioarekin jarraitu ala ez jarraitu bozkatzea, ikus-entzuleen arteko sare sozialetan zabaltzen duten profilak denen artean eztabaidatzea...

Aldaketa handi xamarra egon da hor. Bost urte joan dira zerrenda hori osatu nuenetik. Oso gogor aritzen ginen orduan, nahikoa inozoak ere baginen, eta asko ikasi dugu geroztik. Zuzenean egindako trolleatze ariketak ziren horiek. Oraindik ez genuen bestelako erreminta landuegirik, eta horregatik ere gertatzen ziren halakoak. Gaur egun orduan baino askoz okerrago ikusten dut jendea, pandemiaren ondoren eta, eta kontu askoz ere handiagoz aritu behar garelakoan nago. Jendea mugan dago, eta ez dago hatza zaurian sartzeko beharrik, zauria zabalik dagoelako.

Goxoago ari zara orain, beraz?

Kontu handiagoz nabil. Bestelako begirada bat behar da orain, bestelakoa delako bizi dugun unea. Gizarteak jadanik trolleatzen gaitu nahikoa, gu ere elkar trolleatzen hasteko. Konfort eta laguntza estrategia gehiago behar dira orain.

Erabat mediatizatuta dago gizartea egun. Aldi berean bizi gara plano digitalean eta analogikoan, esaterako. Egoera horretan zer lor dezake aurrez aurreko performance batek?

Jendearekin denbora pasatze hutsa, elkarrekin zerbaiti arreta jartzea eta egoera pixka bat arraroa konpartitzea izan daiteke bizi duguna partekatzeko modu bat. Elkarrizketaren letra tamaina aldatzea bezala. Hitz problematikoa da zintzotasuna, baina emanaldiek zintzotasunezko egoerak sortzen lagun dezakete, non jendeak bere ezinegonak, ezerosotasunak eta estualdiak parteka ditzakeen. Eraman egiten zaitu denak, bestela; eta oso emankorra izan daiteke geratu ahal izatea eta gaur egun garena mahai gainean jartzea. Merezi du, ze ez dugu denborarik izaten halako gogoetak egiteko. Egunerokoak jan egiten gaitu, eta denak izan behar du funtzionala. Funtzionatu egin behar duzu beti, baina nork funtziona dezake?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.