Irratian eta telebistan eskarmentua duen kazetaria da Naiara Vink (Bilbo, 1982), eta hurbiletik ezagutzen ditu emakumeek halako inguruneetan jasaten dituzten desberdintasunak eta presio estetikoa. Bere larruan bizitakoari tiraka, albistegietako kazetari emakumeek pairatzen duten «estetikaren tirania» ikertu du Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu berri duen doktorego tesian.
Estetikaren tirania izan duzu ardatz tesian. Zer da hori, zehazki?
Emakumeok eta portzentaje baxuagoan gizonezkoek jasan behar dugun karga guztia, edertasunaren eta perfekzio estetikoaren arloan. Karga hori bizi garen gizarte patriarkalaren barruan ezartzen da, eta gugan eragiten du, emakumeak garen heinean. Generoak eragin erabakigarria du estetikaren marko hegemonikoan sartu behar horretan. Tesian, aztertu dugu zer-nolako lotura duen emakumeek pairatzen duten edertasunaren tiraniak haien lidergo gaitasunekin eta garapen profesionalarekin.
Eta zer lotura du?
Kazetarien irudiaren eragina erabakigarria da: mugatu egiten du haren ibilbide profesionala eta lidergo gaitasuna. Profesionalek hainbat kezka partekatzen dituzte; esaterako, ezin dira deigarriegi azaldu, irudiak haien profesionaltasuna kolokan ez jartzeko. Baina, aldi berean, atseginak eta gustagarriak izan behar dute. Guztia loturik dago emakumeak une oro zalantzan jartzearekin.
Telebistako hainbat emakume profesional elkarrizketatu dituzu. Zer bizipen antzeko dituzte?
Elkarrizketei esker, erraietara heldu ahal izan gara, eta kontakizun pertsonalak bildu, funtsean kolektiboak direnak. Segituan ohartu ginen ondorioak kontakizun bateratu bat zirela. Denek pairatzen dute estetikaren tirania, eta ia pasiboki onartzen dute, badirudielako ezin dela horretan esku hartu, berezkoa dela. Frustrazio eta injustizia handiko egoerak jasan behar dituzte. Izan ere, kanon hegemonikoan sartzeak telebistara sartzea ahalbidetzen du, baina barruan, garapen profesionala mugatu.
Jabetzen dira horretaz?
Egoeraren injustizia eta sortzen dien frustrazioa ikusaraztea oso neketsua izan da, oso loturik baitago botere eta indarkeria sinbolikoarekin, errealitate ez-biolento bat den heinean; gerta liteke politikotzat ez hartzea, eta, beraz, garrantzia kentzea. Indarkeria patriarkal ikusezina da. Badakite hor dagoela, baina ez da horretaz hitz egiten espazio publikoan.
Errazagoa da telebistara sartzea kanon hegemonikoaren barruan bazaude?
Bai, itxurak erabat baldintzatzen du telebistarako sarrera. Ez dago inon idatzirik, baina denek dakite hala dela. Lanean, 2016an eginiko inkesta bat gehitu dugu, kazetaritzako ikasleei egina. Telebistako kameraren aurrean lan egiteko baldintzak edo gaitasun nahikoak ez zituztela zioten guztiak emakumezkoak ziren. Zergatia galdetuta, arrazoi estetikoengatik zela zioten: ez zirelako kanon estetikoaren barruan sartzen edo irudiari gehiegizko garrantzia ematen zitzaiolako, eta kamera aurrean agertzea biolentoegia egingo zitzaielako.
Edertasun kanonetan sartu beharrak gutxietsi egiten du kazetarien balio profesionala?
Polita izateak edo kanon estetikoaren barruan egoteak mugatu egiten die garapen profesionala. Bizitza erdia eman behar dute gezurtatzen hor daudela politak direlako. Iruzkin asko entzun behar izaten dituzte, kutsu sexualak dituztenak sarritan. Halako egoerek adoregabetu egiten dituzte, eta lanerako ez dutela balio ere pentsatzen dute batzuetan.
Zu ere telebistan aritua zara. Pairatu duzu tirania hori?
Erabat. Kasu jakin batek asko eragin zidan, eta uste dut une horretan erabaki nuela telebista ez zela niretzat. Gasteizen izan nintzen gertakari bat jorratzen. Egun osoa ibili nintzen lanean, eta gaueko albistegian erabaki zuten zuzeneko bat egitea. Eta nire lankide bat ekarri zuten Bilbotik, taxian. Zuzenekoa berak egin zuen, nik argiari eusten nion bitartean. Katearen irudiari egokitzen zitzaion pertsona zelako.
Naiara Vink. Kazetaria
«Itxurak erabat baldintzatzen du telebistarako sarrera»
Kazetaria da ogibidez Vink, eta bere larruan bizi izan du telebistaren munduan emakumeek jasaten duten estetika presio itogarria. Bizipenetatik abiatuta, estetikaren tirania aztertu du doktorego tesian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu