Aritz Branton. Booktegi kultur elkarteko lehendakaria

«Euskal literaturak lagun gehiago merezi ditu»

Euskal literatura sarean hedatzeko asmoz abiatu zuten Booktegi proiektua duela bost urte, eta, urteurrenaren harira, bazkideak lortzeko kanpaina bati ekin diote, hasierako helburu horri eutsi ahal izateko.

JON URBE / @FOKU.
Inigo Astiz
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Letrak maite dituzte, eta kopuruen babesa behar dute orain. Justu duela bost urte jarri zuen abian Aritz Brantonek (Malmesbury, Ingalaterra, 1964) Booktegi izeneko proiektua, eta sarean euskarazko literatura doan zabaltzeko lanean ari dira oraindik ere. Hilero, 3.000 irakurlek jotzen dute egun orrialdera, eta Booktegi jaialdia antolatu dute urteurrena ospatzeko. Usurbilen (Gipuzkoa) izango da festa, urriaren 22an, eta, idazle eta sortzaile talde bat batuko dute: Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Anari, Asel Luzarraga, Itziar Ugarte, Uxue Alberdi, Amorante... Baina aurrerantzean ere handitzea da Booktegikoen asmoa, eta bazkidetza kanpaina abiarazi dute horretarako. Zehazki, mila bazkiderena da buruan darabilten langa.

Zer balorazio egiten duzue bost urteko ibilbideaz?

Hasi ginenean, ez genuen ideiarik ere zer erantzun jasoko genuen. Beharbada berehala desagertuko zela pentsatzen genuen. Erantzun ona nahi genuen, noski, eta erantzuna oso beroa eta oso-oso ona izan da. Datuak oso onak dira, eta ikusten dugu jendea poztu egiten dela webgunearekin.

Eta zein dira datu horiek?

Webgunean baditugu 267 liburu, eta liburu bakoitzak gutxi gorabehera mila deskarga izan ditu, eta, beraz, ia 300.000 ale deskargatu dira. [Barre txikiaz] Ez dakigu horien artean zenbat irakurle egongo diren, baina hori da datua. 125 audioliburu ere baditugu, Xerezaderen artxiboa orriarekin elkarlanean sortuak askotan, eta bideoak dira ehunetik gora: elkarrizketak, saio bereziak, Eguzkilore... Gaur-gaurkoz, Booktegik izan duen arrakasta ikusita, Booktegi kultur elkartea sortu dugu, eta bazkideak bilatzen ari gara.

Zein da helburua?

Bi esparrutan indartu nahi dugu proiektua bereziki. Iradokizunak eta ideiak partekatu nahi ditugu, batetik; eta alde ekonomikoa ere hobetu nahi dugu, bestetik. Aurten jasoko dugun diru laguntza aurreko urteetakoa baino txikiagoa izango da, baina Booktegi pil-pilean dago, eta gure proiektuak eta gure anbizioa ere gero eta handiagoak dira. Finantzaketa gutxiago izatea larria da; horregatik, bazkideei eskatzen diegu zerbait emateko. Bakoitzak jakingo du zenbat eman nahi duen, eta ekarpen txikiak ere oso ondo etorriko dira.

Eta zergatik murriztu dizkizuete laguntzak?

Oraingoz dakiguna da Gipuzkoako Aldundiak ematen zuen laguntza txikiagoa izango dela, eta espero dugu Eusko Jaurlaritzakoak bere hartan eutsiko diola. Esan digute gure puntuazioa igo egin dela, baina eskaria egin duten proiektuen kopuruak ere gora egin du, eta, beraz, horri dagokio jaitsiera. Euskararen aldeko proiektu gehiago daudela esan nahi du horrek, eta hori ona da, baina guretzat arazo bat da.

Eta zenbat bazkide lortzea duzue burutan?

Mila.

Eta nor izan daiteke bazkide eta nola?

Gure helburuarekin bat egiten duen edozein izan daiteke bazkidea. Hau da, euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko gogoz dagoen edozein. Batez ere, euskararen aldeko ekintza da Booktegi, eta aurrerantzean ere dena dohainik eskaini ahal izateko eskatzen diegu laguntza. Bakoitzak aukeratzen du zenbateko kuota nahi duen, eta bazkidetzen direnei eskaintzen diegu webgunean ez dagoen liburu berezi bat, artelanen eta eskuizkribuen zozketetan parte hartzeko aukera, gure emanaldien berri beste inork baino lehenago jasotzeko aukera... eta urtean lau buletin berezi ere jasoko dituzte.

Booktegi zer den azaltzen hasieran baino lan gutxiago izango duzue orain.

Bai, baina niri, oraindik ere, ezezagun xamarra iruditzen zait. Datu batzuk eman ditugu, eta onak, printzipioz, baina ezagutu ditut unibertsitateko irakasleak eta irakurle porrokatuak Booktegi zer den ez dakitenak. Baina gure lanaren parte da edukiak ezagutarazten jarraitzea.

«Euskal liburuak denen eskura». Esaldi horrekin laburbiltzen duzue proiektuaren asmoa, baina proposamen hibridoa da, liburuez harago doana, eta, urteekin, gero eta multimediago bihurtu da, gainera. Zerk bultzatuta?

Ikusi dugulako horretarako aukera dagoela, baina gure helburu nagusia ez da aldatu. Euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko helburuaren zerbitzura daude audioak eta bideoak ere. Aberastu egin dugu eskaintza.

Koronabirusak eragindako osasun krisiagatik ezarritako itxialdian, webguneko edukien deskargak aurretik halako zortzi izan ziren.

Itxialdiaren aurretik hilero 2.000 bisitari inguru genituela uste dut, eta, itxialdia ezarri zen hilabetean, bat-batean, 14.000 bisitari izan genituen. Geroztik, noski, kopurua apaldu egin da, baina, hilero gutxienez 3.000 bisitari ditugu orain. Batetik, hori ondo dago, eta, bestetik, oso gutxi da.

Oso gutxi direla diozu, gehiago izan daitezkeelako?

Bai, eta uste dudalako euskal kulturak eta euskal literaturak lagun gehiago merezi dituela, eta, noski, lagun izan daitezkeen horiek ere merezi dutelako euskal literatura.

Egun osoko egitaraua prestatu duzue urriaren 22rako, Usurbilen (Gipuzkoa). Urteurrena ospatu eta jendea erakartzeko?

Batez ere ospatzeko. Literaturarekin, musikarekin, arte ederrekin, poesiarekin... Elkartearen egoitza Usurbilen dago, eta hango hainbat lagun izango ditugu, eta, haiekin batera, baita gonbidatu berezi batzuk ere. Uxue Alberdi idazleak eta Amorante musikariak, esaterako, han estreinatuko dute Booktegirentzat eta propio egun horretarako sortutako emanaldia: Meza Nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.