Xabier Monasteriok (Bilbo, 1959) Iparreko eleak. Ipar Euskal Herriko testu laginak (Testu Zaharrak, 2020) saiakera karrikaratu du. «Lehenbiziko testu idatziak Ipar Euskal Herrian sortu zirenez», klasikoen testu laginak hautatu, eta beren testuinguruan kokatu ditu, «idazlearen bisita txartelak» eginez. Funtsean, idazle haiei «gorazarre» egiteaz gain, «Iparraldeko lehengo idazleen eta Hegoaldeko oraingo irakurleen arteko zubi txiki bat» eraiki du Monasteriok, «mugaz alde batetik bestera zabaldu den amildegia sakonagoa izan ez dadin».
«Eskuarazko liburu bat gehiago. Pfu...[...] Zerentzat? Nork irakurtuko du? [...] Ez duzue, dohakabeak, ikusten Eskual-Herria egunetik egunera ttipitzen hari zaukula?», idatzi zuen Jean Barbierrek 1926an, Piarres eleberriaren aitzinsolasean.
Hainbeste kritikatua izan den Jean Barbier duela mende bat ari zitzaigun abisatzen gure herria bestelakotzen ari zela kanpotarren eta gure utzikeriaren eraginez. Mende bat geroago, badu zerikusirik. Ez dugu prezatzen daukagun ondarea; arbuiatu eta kritikatu ere egiten dugu: gure literatura berantiarra, kaskarra, urria dela, beti gai berberei buruzkoa...
Saiakera hau izkiriatu duzu literatura klasikoa estimatu eta autoestimua altxatzeko?
Iparraldea eta Hegoaldea bata bestetik gero eta urrunago daude, politikoki zein soziokulturalki. Normaltzat hartzen dugu normala ez dena: hiru administraziotan banatua egotea. Mugak komunikaziorik eza ekarri du, eta, horregatik, aldentzen ari zaigu hizkuntza. Hala ere, ez da sumatzen kezka handirik dagoenik, politikatik hasita, herritar xumearenganaino. Nik bai, badut. Batez besteko irakurleak ez du ezagutzen Ipar Euskal Herriko literatura. 40 urteko hezkuntzak ez du ziurtatzen Axular edo Joanes Etxeberrikoa nor diren transmititzea, edo Lehen Mundu Gerlan zer gertatzen zen. Amildegi horretan nire hondar alea ekarri dut.
«Jendearen gogoan betiko gelditzen direnak. Sortzaile handi horiek geroko idazleen eredu bihurtzen dira, eta, horretara, haien eragina ez da inoiz desagertzen». Zerk du egiten idazle bat klasiko?
Idazle klasikoak urtero halako erreferendum moduko bat gainditu behar du: gazteek bere liburuari heltzen badiote, bizirik irauten du. Betiko galderei egoki erantzuten jakin izan dutelako, belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira, eta hor dago baliagarritasuna. Guk ere baditugu gureak, askotan umiliatu ditugunak: lau abade zoro zirela. Ba, eskerrak horiei. Zergatik izan ziren abadeak? Bi inperiok menderatutako herri batez ari garelako. Zer azpiegitura zuen euskarak? Mende urrun haietan, eliza zen bakarra idazten eta irakurtzen zekien jendea zeukana. Daukaguna daukagu, eta, mespretxatu beharrean, maitatzen ikasi beharra dugu. Perlatxoak ere badira: Axularren mezuek barregura eragin dezakete, baina pasadizo batzuk bizirik irautekoak dira.
Eliza testuak, bai, baina ez soilik.
Eguneroko bizian erabiltzen zituztenak ere badira: almanaka, aldizkariak... Biblia bera ere bai. Jende hori kapaza izan zen gutunak euskaraz idazteko, ahal bezala, Kanadako senideei; edo gerla denboran, postalak igortzen zituzten etxekoak lasaitzeko. Axular eta Etxeberri bezain inportanteak dira horiek. Dena kontra eduki duen jendea da.
Preseski, dena kontra zutelarik «hizkuntza idatziaren bidea urratu» zutela diozu.
Gaur egun dugun eredua horren ondorengoa da. Euskara batuaren sorrerak badu zerikusi handia lapurtera klasikoarekin. Idazle apal horiei omenaldia egin behar zaie, garai zail haietan euskaraz idazteko hautua eta ausardia izan baitzuten. Joanes Leizarragak, adibidez, Biblia itzultzeko agindua jaso zuelarik, 1531n, ez zeukan batere eredurik. Edukitzekotan, Etxepareren liburuaren berri izanen zuen. Huts-hutsetik eredu bat sortu behar izan zuen Europa osoan itzultzen ari ziren liburua itzultzeko. Ele bakoitzean zalantza izanen zuen, eta, hala ere, barne kode bat asmatu zuen euskara transkribatzeko. Aitzindari xumeak eta txiroak izan ziren, ezer ez nehor ez baitzeukaten alde.
Idazleen «bisita txartelak» egin dituzu; nori zuzenduak dira?
Testu liburuetan egin dugun huts nabarmenetarikoa izan da testu zatiak testuingururik gabe ematea; horrela nekez uler dezakezu balioa eta esanahia. Kokatu behar da humus horretan: aitzindaria izan ote zen, kontserbadorea, zer gertatzen zen inguruko herrietan, bakana izan zenetz, edo Europa osoan arrunta... Horregatik, lagin bakoitzari hamaika lerroko sarrera ezarri diot, nire aukeraketa azaltzeko, testuinguruan, garai hartako Iparraldean kokatzeko, eta, gero, testu lagin oso solteak. Hau gomit bat da: gustukoa izan baduzu, segi zenezake irakurtzen. Batez besteko irakurleari begira egin dut: zertxobait jakin bai, baina gehiago jakin nahi duen horri begira. Ikerlariak behar dira, baina, horien aldean, honelako dibulgazio xumeagoak behar ditugu; elkarren osagarriak dira.
Lehenbiziko testu idatziak Ipar Euskal Herrian sortu zirela diozu, bertsotik saiakeraraino.
Bernart Etxeparetik Jean Etxeparera klasiko deitzen ditugun horien balioa erakusten saiatu naiz, baina horiekin batera ezezagunagoak ere ekarri nahi izan ditut: Donibane Lohizuneko alkatea izan zen Martin Bilbo, edo lehen operak idatzi zituen Etienne Decrept. Historia bat erakutsi nahi badugu, agertu behar dute. 28 kapitulu egin nahi nituen, kostata, baina denetarik erakutsi nahi izan dut.
Zergatik euskaldunek «gutxietsi eta baztertu» egin dute beraien literatura?
Gure literatura neurtzeko parametroak kanpokoak izan ziren, nire ustez. Literaturaltasunari gehiago begiratu zaio, soziologiari edo egoerari baino. Ahaztu dugu literaturak zerikusi zuzena duela garaian-garaian herri batek bizi duen egoera politikoarekin. Gure garai oparoenak noiz izan ziren? Lapurdin balearen arrantzaren hazkunde garaian: Sarako eskola sortu zen orduan, XVI. eta XVII. mendeetan. Hori ahantzi eta konparatu nahi badugu gure egoera auzoko bi inperioen garapenarekin, beti galtzaile ateratzen gara. Kubatarrei gertatzen zaien bezala, alde guztietatik kritikatzen dituzte, baina haiek diote: «Konpara nazazu nire heineko herriekin, Antillekin; ez besteekin». Oker handia da hori.
Zailtasunak baduia gozamenik?
Gozamena izan da liburu hau egitea, izugarri irakurri baitut. Konturatu naiz gure literatura bere dimentsio osoan hartzen dugunean gure herriaren dimentsioarekin bat egiten duela, beraz ez dela hain urria eta kaskarra. Arnaut Abadiaren deskribapenak, adibidez, marko batean jartzekoak dira. Kepa Altonagak eman du ezagutzera. Natur zientzietan irakurri beharko litzateke.
Xabier Monasterio. Idazlea
«Klasiko deitzen ditugun horien balioa erakusten saiatu naiz»
'Iparreko eleak. Ipar Euskal Herriko testu laginak' saiakeran, Xabier Monasteriok duintasunez birzentratu du literatura klasikoa. Irizten baitio gehiegitan «arbuiatu» dela. Alta, idazle haiek «urratzaileak» izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu