Oihana Aldai. Futbolaria eta erizaina

«Hasieratik argi izan nuen lagundu egin nahi nuela»

Aldai Realeko eta Eibarreko atezain ohia da. Pozoalbensen jokatzen ari zen, baina, koronabirusaren krisia hasi zenean, etxera itzuli zen, eta Zumarragako ospitalean ari da lanean orain.

OIHANA ALDAI.
ainara arratibel gascon
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Oihana Aldaik (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1992) arratsaldeko lan txanda du ospitalean. Goiza entrenatzeko aprobetxatu du, oraindik ez baitago ziur zer gertatuko den Espainiako Bigarren Mailako futbol ligarekin.

Pasatu dira aste batzuk Zumarragako erietxean erizain lanetan hasi zinenetik. Zer moduz?

Hiru aste daramatzat lanean. Aurreko astea zertxobait lasaiagoa izan zen, baina aste honetan jende gehiago ospitaleratu dugu. Hau ez da amaitu. Egunak mugimendu handikoak dira.

Hasieratik erabaki zenuen itzultzea eta erizain lanetan hastea?

Konfinamenduak Kordoban harrapatu ninduen, baina ikusten nuen leku guztietan erizainak eskatzen ari zirela; beraz, pentsatzen hasi nintzen lagundu egin behar nuela. Euskal Herriko erietxeekin jarri nintzen harremanetan zuzenean, horrek aukera ematen baitzidan etxera bueltatzeko. Baina ez nuen arazorik beste lekuren batera joateko.

Babeserako materialaren falta izaten ari da osasun profesionalek duzuen kezka nagusietako bat. Iritsi al zaizue materiala?

Guk alde horretatik ez dugu arazorik izan. Baina asko neurtzen da material hori nola erabiltzen den, ezer gabe ez geratzeko.

Egunak aurrera doaz, eta nekea pilatuz joango zaizue, ezta?

Bai, igartzen da. Egoera ez da erraza. Gainera, zu jakitun zaude lanera joaten zarenean kutsatzeko arriskua hor dagoela. Kontu handiz ibili behar duzu egiten duzun guztiarekin. Horrek berak nekea sortzen du. Neke hori psikologikoa da batez ere, baina fisikoki ere antzematen da.

Etxekoek nola daramate?

Ondo. Jakitun daude arriskuaz, eta badakite kutsatuz gero beraiek ere kutsa daitezkeela. Baina pozik daude, etxean nagoelako eta laguntzen nabilelako.

Osasun profesionalak txalo eta esker keinu asko jasotzen ari zarete. Baina izan dira mehatxuak eta irainak jaso dituztenak ere. Nola bizi duzu hori?

Ezinegona sortzen dizu. Gure onena ematen ari gara, egoera eta baldintza gogor batzuetan, eta bidegabea da halako zerbait bizi behar izatea. Gainera, ez gara gu bakarrik halakoak jasaten ari garenak; janari saltokietako langileak, adibidez, ere bai.

Pertsonalki eta profesionalki zer ari zaizu erakusten esperientzia hau?

Duela lau urte amaitu nituen ikasketak. Ordutik ez nuen aukerarik izan hainbeste denbora erietxe batean lan egiteko. Hori niretzat garrantzitsua eta pozgarria da aldi berean. Gainera, sentitzen duzu erizainak beti hor gaudela, laguntzeko. Hori sentitzeak asko betetzen nau. Pertsonalki, berriz, espero dut guztioi balio izatea ditugun gauza txikiei balioa emateko, horietaz disfrutatzeko. Zer pribilegiatuak garen jabetzeko.

Gertatzen ari zaizuna ikusita, burutik pasatu zaizu futbola uztea?

Nik beti esaten dut erizain izatea pila bat gustatzen zaidala. Gainera, gu ez gara futboletik bizi. Baina egia da futbolean aritzeko urteak hauek direla. Beraz, hori aprobetxatzeko garaia da. Ziurtasuna dut, gainera, erizain lana beti egongo dela.

Baduzu denbora entrenatzen segitzeko?

Bai, aktibo mantentzen naiz. Egunero egiten dut kirola, eta txanden arabera antolatzen naiz. Dudan denboraren arabera egokitzen ditut entrenamenduak. Izan ere, sasoiari eutsi behar diot, oraindik ez baitakigu liga itzuliko den edo ez. Federazioak esandakoaren arabera, ez dirudi. Baina ez dago ezer zehaztuta.

Urtarrilean utzi zenuen Eibar, eta Pozoalbensera joan zinen. Egokitzen ari zinela hau gertatzea pena da, ezta?

Hala da. Bi hilabete eskas neramatzan han. Oso gustura nengoen, eta futbolari gisa sentipenak berreskuratzen. Gainera, taldea emaitza onak lortzen ari zen. Ematen du denboraldi honetan martxa hartu ezinik nabilela. Baina ez da horretan pentsatzeko garaia. Liga itzultzen bada, egongo da denbora berriz horretan jartzeko arreta.

Sasoi hau gogorra izaten ari zen zuretzat Eibarren, eta aldaketa bat behar zenuelako erabaki zenuen joatea. Zer dela eta?

Sasoia ilusio handiz hasi nuen, eta gogotsu nengoen. Baina gauzak okertzen hasi ziren. Arrazoi batzuk tarteko, ez nengoen ondo, eta aldaketa bat behar nuen. Ezin nuen beste bost hilabete horrela segitu. Eskerrak eman behar dizkiot Eibarri, joatea errazteagatik.

Jokatzea behar zenuen?

Alde batetik, bai, futbolari guztiok nahi duguna jokatzea baita. Baina, bestetik, atezainak jakitun gaude gure postuak duen berezitasunaz, eta batek bakarrik jokatzen duela. Baina gehiago izan zen beste arrazoi batzuengatik.

Pozalbensen segitu nahiko zenuke?

Ez dut horretaz hitz egin klubarekin. Behin jakinda txapelketak segitzen duen edo ez, hasiko gara erabakiak hartzen. Ez dago ezer ziurra. Egoera honek denok harrapatu gaitu ezustean. Baina, jarraituz gero, neure burua kanpoan ikusten dut. Hemen aukerak murritzak dira, eta ez dut arazorik kanpora joateko. Egongo da denbora etxera bueltatzeko.

Laster urtebete beteko da Realarekin Espainiako Kopa irabazi zenuenetik. Zein oroitzapen ekartzen dizkizu?

Bizi izan genuena oroimenean grabatuta daukat. Bideoren bat ikusten dudan aldiro, oilo ipurdia jartzen zait. Oso berezia izan zen, Realzalea izanda, zure betiko taldearekin titulu bat irabaztea.

Realean sasoi bakarra egin izanaren arantza geratu zaizu?

Pena apur bat, beharbada, bai. Izan ere, behingoz zure taldera iristen zara, eta segitu nahi duzu. Baina baloratzekoa da sasoi bat egin nuela, eta ederra izan zela, Kopa irabazita. Horri ematen diot balioa. Asko ikasi nuen.

[Youtube]https://youtu.be/hN5h9xG7KD4[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.