Challenger Series txapelketa jokatzeko txartela eskuratu du Garazi Sanchezek (Getxo, Bizkaia, 1992). Ez da lorpen makala, surfeko gorengo mailara igotzeko aukera ematen duen lehiaketa baita. Maiatzean ekingo dio, Australian; gogotsu dago, eta disfrutatzea eta ahalik ondoen egitea du asmo. Patxadaz erantzun die galderei.
Caparician (Portugal) jokatutako txapelketaren ondoren, Challenger Series-erako sailkatzea lortu zenuen. Gustura zaude?
Bai, erronka zaila izan da. Emakumezkoen surfeko maila igotzen ari da, abiadura handian. Erronka anbiziotsua zen. Gainera, ez zegoen akatsik egiteko tarterik. Izandako konstantziarekin gustura nago. Nahiko nuke txapelketa batean final-laurdenetako barrera hori pasatu izan banu, baina pozik nago izandako jarraitutasunarekin. Kostatzen zitzaidan zerbait zen.
Aurtengo helburuetako bat zen sailkapen hori lortzea?
Bai. Azkenean, Challengerrean egoteak aukera ematen dizu surfean ametsa izan daitekeen hori lortzeko: CTra igotzea eta olinpiadetan egotea. Gero, lana dago aurretik bi helburu horietako bat edo biak lortzeko, baina pausoz pauso joan behar da. Eta aurrena hori da. Inportantea da aukera izatea munduko onenen aurka lehiatzeko eta borrokatzeko.
Konfiantza ematen dizu?
Erregularra izatea kostatu egiten zitzaidan: oraintxe txanda onak egiten nituen, eta gero beste batzuk txarrak. Konstantzia hori izatea garrantzitsua da. Entrenamenduek eragina dute, baina askotan handiagoa du alde emozionalak; anbiguoena eta konplexuena izan ohi da. Kasu honetan, kirol heldutasunak ere eman dit hori. Lehen, uretan lan asko eginda ere, ez nuen egonkortasuna lortzen, eta frustratu egiten nintzen. Konstantzia lortu izanak konfiantza ematen dit datorrenari aurre egiteko.
Jarraitutasuna lantzen aritu zara, beraz.
Bai. Azkenean, ligak, zirkuituak eta beste ez dira lortzen txapelketa edo txanda batean. Batzuetan, kostatzen zaigu presioa kudeatu eta ondo egitea. Apurka, esperientziak eta erronkak pilatuz joanda, eta horren ondo egin ez duzun horretatik ikasita, lortzen zoaz. Baina lan asko egin behar duzu, eta arduratu egindako akatsez eta gabeziez. Asko lantzen dut atal hori. Kirol honetan, erabakiak hartzea, ziurtasuna, frustrazioa eta itsasoak ematen dizun ziurgabetasun hori kudeatzea ez da erraza; eta askotan hori dena etxetik kanpo egin behar da. Atal mentala lantzea, psikologikoa eta emozionala, emaitzak ematen ari zait.
Eta orain, nola helduko diozu sasoiari? Zer erronka dituzu?
Erronka argi dago. Aukera dut Challengerretan egoteko, eta prestatu behar ditut. Aurreko urtean lehiatu nintzen lehen aldiz, eta horren ongi kudeatu ezin izan nituen gauzak landu nahi ditut. Presio handia sentitu nuen; denboraldiak jota utzi ninduen. Bigarren aldian esperientzia apur bat gehiagorekin zoaz, eta badakizu zeri egingo diozun aurre. Esperientzia hori erabiliko dut modu libreago batean lehiatzeko. Uste dut hori dela lehiatzeko era onena. Ez horrenbeste beldurrez, baizik ilusioz eta gozamenez.
Udan Tokioko Olinpiar Jokoak jokatu ziren. Han egoteko xedea zenuen, baina ez zen posible izan. Arantza gelditu zaizu?
Egia da kolpe gogorra izan zela. Urte askoan nengoen ilusio horrekin; begiz jota neukan. Orain, denbora pasatuta, beste modu batera ikusten dut: egia da gustatuko litzaidakeela egotea, baina ikasketa handi bat ere izan zen. Eta hori ere ari zait egun emaitzak ematen. Oxala, 2024an Parisen egongo banintz, baina ikasi dut niretzako sanoena eta justuena aurten dudanari erreparatzea dela. Gauza asko ez daude nire esku. Hasieran 2020an ziren Jokoak, gero bizkarreko ebakuntza bat izan nuen, pandemia bat... Luzera ere begiratu behar duzu, baina batik bat luze gabe. Disfrutatzen saiatzea eta Australiako lehiarako prest egotea da orain egin dezakedana.
Ibilbide oparoa duzu. Besteak beste, Espainiako txapeldun izan zinen 2017an eta 2018an, eta Europako txapeldunorde 2017an. Gero, lesio batek markatu zizun ibilbidea. Gogorra izan zen?
Bai, ustekabean etorri zen. 26 urte nituen, urte eta erdi falta zen Tokiorako, urtebete sailkapenerako... Horrez gain, hasieran esan zidaten ezingo nuela gehiago surf egin. Lehen orduetan ez nekien berriro ibiltzerik izango nuen ere. Handi samar geratu zitzaidan. Uste dut inoiz ez zaudela prestatuta; inoiz ez duzu halakorik espero. Baina uste dugun baino askoz indartsuagoak gara. Gogorra ez zen izan entrenatzea, errehabilitazioa... Niretzat gogorra esperantza izatea izan zen, merezi zuela pentsatzea: mediku batek ezetz zioen, hurrengoek ere berdin, eta beste batek, agian. Eta hala ere operazio gelan sartzeari aurre egitea... aukera ere bazen ez operatzea. Ibili ahal nuen, baina ezin nuen kirola egin. Erabaki asko hartu behar izan nituen, ziurtasunik izan gabe. Gogorra izan zen, baina ikasketa prozesu handi bat ere bai. Dena ondo atera zen, eta zortea izan nuen. Indarrak atera behar dituzu ez dituzun tokitik. Alboan, baina, jende asko izan nuen.
Fisikoki bakarrik ez, psikologikoki ere lanketa handia egin behar izan duzu.
Bai. Iruditzen zait kirolari batentzat errazena entrenatzea eta gimnasiora joatea dela. Zailena, lesioak alde batera utzita, sakrifizioei aurre egitea da. Kirolari izatea erabakitzen duzunean, zer ez izan ere hautatzen duzu, zer ez egin: ez egotea zure bizitzako momentu inportante batzuetan. Eta lesioak zulo hori ireki zidan: ez banaiz surflaria, nor naiz? Horri aurre egitea gogorra izan zen. Gero, itzulitakoan, beste askatasun bat eman dit horrek. Sentitzea kirolari izatea erabaki bat dela, eta ez behar bat. Laguntza handia izan dut, Gorka Alegriarena eta kirol psikologoarena.
Aurrerantzean, zein dira zure helburuak edo ametsak?
Nire ametsa, orain, apur bat gehiago disfrutatzen saiatzea da. Gozamenez eta ilusioz aritzea, ez horrenbeste beldurrez eta presioarekin. Uste dut, gainera, hobeto lehiatzen naizela horrela. Eta gustatuko litzaidake bidea txikitatik ondoan izan ditudan pertsonekin partekatzea. Gustatuko litzaidake hori guztia integratzea, eta horrek emaitzak ekartzea. Baina horrenbeste sakrifikatu gabe nire bizitza. Hainbeste bakartu gabe; hori gero bueltan dator. Uste dut hori izan daitekeela egiteko modu bat. Nahiko nuke Parisen egotea, CTra sailkatzea, baina, izan dudan esperientziagatik, gertura begiratu nahi dut: Australia dut laster, eta han zenbat eta hobeto egin, gertuago egongo naiz helburu horietatik.
Garazi Sanchez. Surflaria
«Atal mentala lantzea emaitzak ematen ari zait»
CTrako sailkatzea eta 2024an Jokoetan egotea ditu amets Sanchezek, baina urratsez urrats joan nahi du; Australian du arreta jarria. Argi du nola lehiatu gura den: gozatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu