Leire Baños. Realeko jokalaria

«Levantek baino talde joko indartsuagoa daukagu»

Duela aste batzuk Ligan Levanteren aurka 3-0 galdu arren, Leire Bañosek uste du gaur aukera dutela hari irabazi eta Espainiako Superkopako finalerako sailkatzeko.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Lan saioa hasteko 30 minutu falta dira, eta jada kirol arroparekin jantzita dago Leire Baños (Irun, Gipuzkoa, 1996). Patxadaz erantzun ditu galderak. Hainbat taldekideren txantxak eta keinuak jasan behar izan ditu. Umorez hartu ditu. «Giro oso ona dugu; oso talde batua gara».

Ligan Espanyoli nagusitasunez irabazi eta gero (4-1), nola helduko diozue gaur Espainiako Superkopari?

Lehiatzeko gogotsu gaude, pizgarri asko dituen txapelketa delako. Batetik, estreinakoz jokatu den lehiaketa da; eta, bestetik, aurkariak oso indartsuak dira.

Pena izango duzue finalerdiak astegun batean jokatu, eta zailagoa delako zaleak Salamancara bertaratzea, ezta?

Bai. pena da. Baina ea finalerako sailkatzea lortzen dugun, eta igandean etor daitezkeen. Nire senideek, behintzat, egina dute hotelaren erreserba. Ederra litzateke berriro ere Granadakoa errepikatzea.

Levante izango duzue aurkari gaur finalerdietan, hiru kontrario posibleen artean samurrena, itxura batean. Baina ligan 3-0 irabazi berri dizue, eta bolada onean da. Asteburuan 6-2 hartu zuen mendean Granadilla. Nolako lehia espero duzue?

Hiru aurkari posibleak ziren gogorrak, Ligan lehen hiru postuetan sailkatuta dauden taldeak direlako. Egia da, berriki Levantek 3-0 irabazi zigula. Baina uste dut emaitza engainagarria dela, eta gehiago merezi izan genuela partida hartan. Izan genuen gol aukeretako batean asmatu izan bagenu, ziurrenik gauzak bestelakoak izango ziren.

Zer aldatu behar duzue partida hartatik, irabazi eta finalerako sailkatzeko?

Alde batetik, Levanteren ate aurrean eraginkorragoak izan behar dugu, zirt edo zart egiteko partida hauetan funtsezkoa baita. Bestetik, haiek zelai erdian duten mugikortasunari aurre egitea lortu behar dugu, min handia egin baitziguten horren erruz. Jokalari asko pilatzen dituzte zelaiaren gune horretan, eta horri esker lortzen duten nagusitasuna baliatzen dute partida kontrolatu, eta erasoan aukera gehiago izateko.

Horrez gain, zer nabarmenduko zenuke Levanteren inguruan?

Buruz buruko jokaldietan oso jokalari onak dituela zelai erditik aurrera, kalitate eta maila handikoak: Esther, Maitane, Marta, Claudia... Eta elkartzen direnean min handia egiten dute. Bestalde,jokatzen uzten duen taldea da. Ez da atzean sartzen den horietakoa, eta guretzat hori ona da. Asmatu behar dugu zuloak topatzen eta aprobetxatzen. Helmantico zelai handia da, eta aukera gehiago izango dugu horretarako.

Nolako lehia komeni zaizue: trabatua edo joan-etorrikoa?

Nik uste dut partida lehiatu bat komeni zaigula, nor baino nor gehiago arituko garen norgehiagoka bat. Beharbada, buruz buruko jokaldietan Levante talde hobea da, baina guk talde joko indartsuagoa dugu, eta futbola joko kolektibo bat da.

Eta finalera iritsiz gero, nor nahiago duzu kontrario: Bartzelona edo Atletico Madril?

Gutxietsi gabe, Atletico Madril ez dabil aurreko sasoietan bezain fin. Baina biak sekulako taldeak dira. Beraz, ez nuke bat aukeratuko. Gainera, urratsez urrats joan behar dugu, eta lehenbizi Levante kanporatu behar dugu gaurko partidan. Hori baino ez dugu buruan orain.

Espainiako Kopa irabazi eta gero, taldea indartsuagoa da zirt edo zart egiteko txapelketetan? Ikasi egin duzue halako partidak jokatzen?

Talde gaztea gara, baina ikasi egin dugu halako partiden inguruan sortzen den guztia kudeatzen: urduritasuna, lehiakortasuna… Gainera, Espainiako selekzioarekin nazioartean lehiatu garen hainbat jokalari gaude, eta han bildutako eskarmentua oso baliagarria zaigu. Taldea oso prestatuta dago halako txapelketak jokatzeko.

Posible ikusten duzu halako beste balentria bat errepikatzea?

Bai, noski. Edozer irabazteko gaitasuna daukagu, eta jada ez gara ezuste bat.

Espainiako Kopa irabazi izanak asko aldatu du multzoa?

Ez. Argi dago jokalari batzuk etorri eta besteak joan direla, eta, alde horretatik, aldaketak izan dira. Baina aurreko denboraldian bezain talde batua izaten segitzen dugu, eta hori funtsezkoa da. Gure indargune nagusia da.

Sare sozialetan egiten dituzuen argitalpenetan oso giro ona antzematen da, behintzat, zuen artean.

Hala da. Talde gaztea gara, eta diziplina handia dugu. Baina, aldi berean, txantxetarako eta ondo pasatzeko tarteak ditugu. Hori inportantea da, eta giro on horrekin segitu nahi dugu.

Ligan nola ari zara ikusten taldea?

Ondo: gogotsu, bizi eta zaleentzat erakargarria den jokoa eginez. Horiek dira taldearen ezaugarri nagusiak, eta azaroan izandako txakalaldia pasatu eta gero, berreskuratu egin ditugu. Denboraldia luzea da, eta beti daude gorabeherak. Baina orain ondo gaude, konfiantzaz.

Merezi baino apur bat atzerago zaudete sailkapenean?

Ziurrenik bai. Berdindu ditugun hainbat partida irabaztea merezi izan dugu, Betisen eta Rayoren aurkako neurketak ditut gogoan. Baina gustura gaude, eta balio handia ematen diogu merezi izate horri. Deportivoren aurka atzeratua dugun partida irabazteak bultzada eta konfiantza handia emango liguke. Baina hortik harago, pozik gaude egiten ari garen lanarekin. Izan ere, jokalari bat edo beste zelairatu, taldea oso ondo ari da lehiatzen. Gonzalo [Arkonada entrenatzailea] txandakatze asko ematen ari da, eta taldeak ez du antzematen. Hori funtsezkoa da, fisikoki eta mentalki ondo heltzeko datorkigunari. Otsailean astean bitan jokatu beharko dugu. Denak prest gaude, eta denek dugu denen beharra. Oso talde batua gara. Hilabete gogor baina erakargarri bat dugu aurretik. Partida bakoitzera presiorik gabe eta konfiantzaz irten behar dugu, eta horrek modua emango digu lehiakorrak izateko eta goian egoteko.

Eta zu nola zaude? Nola ari zara ikusten zeure burua? Izan ere, taldeak gorabeherak izan zituenean jokalari onena izan zinen, eta fisikoki oso indartsu zeundela antzeman zitzaizun.

Jokatzen ari naiz, eta horrek konfiantza ematen dit. Fisikoa beti izan da nire ezaugarri nagusia, eta, arlo horretan ondo nagoenean, nire onena eman diezaioket taldeari. Izan ere, euskarrian ondo har dezaket lekua taldeari oreka emateko, baita baloiari eutsi ere taldeak aurrera egiteko. Bi gauza horiek ondo egiten ari naiz, eta, alde horretatik, gustura eta pozik nago.

Ardura handiagoak hartuz ikusten zaizu zelaian. Eroso zaude horrekin?

Bai. 23 urte besterik ez dut, baina dagoeneko taldeko beteranoetako bat naiz. Beharbada, duela lau urte ez nengoen prest ardura horiek hartzeko, baina, orain, helduago ikusten dut neure burua, eta naturaltasunez hartzen ditut, pozik. Ez dut horretarako arazorik eta beldurrik. Zelaian dudan postuak ere badu zerikusia horrekin, baita izaerak eta gauzak adierazteko moduak ere. Izan ere, nortasun handia dut. Baina jokalari guztiak ari gara dagozkigun ardurak hartzen, eta denak gara inportanteak.

Gero etorriko da Espainiako Kopa: Madril egokitu zaizue etxean, gustura?

Bai. Aurreko sasoian balentria handia egin genuen, eta orain beste sasoi bat da. Baina ilusio eta gogo berarekin lehiatuko gara. Egia da Madril ez dela egokitu ahal zitzaigun aurkaririk gogorrena. Baina ez da erraza izango mendean hartzea. Izan ere, azken jardunaldietan emaitza onak lortu ditu, eta neguko azokan oso ondo indartu da.

Lan hitzarmenaren sinadura asko ari da atzeratzen. Nola ari zarete bizitzen egoera?

Egia esan, asko eragiten digun kontua da. Izan ere, gure lan eskubideez ari gara, eta eskatzen duguna zerbait justua da. Tristea da, baina borrokan segitu besterik ezin dugu egin, eta gauzak ondo egin.

Gainontzean, beste greba mugagabe batera dei dezakezue?

Ez dugu ezer baztertzen. Baina espero dugu askoz gehiago ez atzeratzea, eta sinatzea.

Zer iruditu zitzaizun Maddi Torre taldekidea grebaren alde ez zegoela esatea?

Eskubide guztia zuen hori esateko, eta greba ez egiteko. Multzoak errespetatu egin zuen, eta, alde horretatik, ez da arazorik egon. Taldeak berdin segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.