Bi itsasoren artean dago Baiona

Lapurdiko hiriburuko taldea txukun aritu da Top14ko lehen itzulian. 27 puntu ditu, eta sei puntura ditu jaitsiera postuak. Hala ere, nahi baino urrunago ditu oraino Heineken kopako postuak.

Clermonteko eta Baionako jokalariak, aurrez aurre, ahalegin betean, uztartze batean. SYLVAIN SENCRISTO.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2014ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Jokatu da Top 14ko lehen itzulia, eta sasoiaren lehen balantzea egin du Baionak, nahiz Eguberrietan bakantzarik ez duen izanen: bost partida irabazi, bat berdindu eta zazpi galdu. Hori da Baionak hamahiru partidatan izaniko emaitza. Sailkapenean, ez gora ez behera utzi du balantze horrek. Arroxelari, zeina jaitsiera postuetan baitago, sei punturen aldea kentzen dio. Montpellier, zeina Heineken kopako postuetan baitago, lau puntura du. Itzulikoek finkatu beharko dute Baionak gora begira egin dezakeen ala atzetik heldu direnei kezkati begiratu beharko dien.

GAZTEAK, MAILA EMATEN

Zalantza handiak piztu zituen uda hastapenean Baionak harrobiko gazteen alde egin izanak. Alain Afflelouk presidentetza utzita, sos faltan gelditu zen kluba, eta, halakoetan ohi den bezala, gazteen alde egin zuen. Orotara, hogei dira lehen taldean ari diren harrobiko gazteak —35 jokalari daude guztira—. Ez da batere kopuru makala, eta, orain arte, gazteak ongi aritu dira.

Gazte batek baino gehiagok ardura handiak izan ditu. Iragan sasoian errotutako Rouet, O'Connor, Fuster eta Ugalderen ondoan izen berriak azaldu dira. Deigarriak dira bereziki Etrillard Mugerreko aztalkari gaztearen eta Ollivon hirugarren lerro senpertarraren kasuak. Lehenak ederki jokatu du, eta Roumieu ahantzarazi. Bigarrenak, berriz, Frantziako selekzioaren deia jaso du, bikain aritu ostean.

Hemendik aitzina gazteak mailari eusteko gai izanen diren, hori da galdera. Ugalde, erraterako, gorabeheratsuago ibili da. Baina gibeletik ere badatoz gazteak. Otazo ziburutarra bi urte min hartuta pasatu ondoren itzuli da. Challenge kopan ere Loustalot zuberotarrak eta Sayerese hegalekoak oso itxura ona eman dute. Kontuan hartzekoa da Gayrauden lana ere. Tamalez, belaunean min hartu du, eta udaberria baino lehen ezin izango da itzuli zelaietara.

LIDERRAK ETA

EZUSTEKO ATSEGINAK

Gazteei bidea erakusteko, haien mailan jardun dira Baionako liderrak. Spedding gibelekoak sekulako partidak egin ditu, eta Frantziako selekzioan lekua ere irabazi du, jaiotzez hegoafrikarra izan arren. Rokocoko eta Chisholm ere haien mailan aritu dira. Bustos Moyano gorabeheratsuago jardun da, defentsan batik bat, baina zangoz asko lagundu dio taldeari, joan zen astean Bordeleri irabazitako partidan, kasurako.

Baina, agian, azken urteetan pattalago aritu ziren beteranoen iratzartzea izan da berrikuntza handiena. Multzo horretan sartzekoak dira Monribot eta Muller. Hirugarren lerro frantziarra behetik gora joan da. Azarotik hona sekulako maila ematen ari da. Defentsan plakatze eraginkorrak egiten ditu, eta bere lasterraldiekin betetzen duen zelai kopurua harrigarria da. Baionara iritsi zenetik, erdi itzalita jardun da, baina azken asteetan Agenen kapitain izan zeneko sasoia berreskuratu du.

Harroin hegoafrikarrak, berriz, iragan sasoian erakutsitako etengabeko garapenari eutsi dio. Harrabotsik egin gabe, eskuinaldeko uztartzearen jabe egin da. Udan, Jgenti georgiarra ikusten zuen anitzek postuaren jabe. Baina haren buru berokeriek aulkian utzi dute, eta hegoafrikarrak isil-isilik postua irabazi du. Uztartzean sendo dabil, defentsan lan bikaina egiten du, eta bere mugikortasunak protagonismoa eman dio erasoan ere. Horrez gain, minutuak pilatzeko gaitasuna du, eta sarri jokatu du partidako 80 minutuetan.

EZINEAN ETXETIK KANPO

Gustura egoteko arrazoiak falta ez badira ere, Baionak oraino ahul jarraitzen du hainbat alderditan. Ahulezia handiena, dudarik gabe, etxetik kanpo erakusten duen ezina da. Aspaldiko afera da. Iragan sasoian Miarritzen baizik ez zuten irabazi. Sasoi honetan ere behin baino gehiagotan huts egin dute aukera. Parisen eta Lyonen gertu izan zuen garaipena. Castresen eta Grenoblen, ordea, pattalago jardun zen. Baina, oraino, ez du irabazi Jean Daugertik kanpo. Horrek presio handia ematen dio etxean ari denean, eta sasoi honetan bi aldiz galdu du zaleen aurrean: Toulon eta Montpellierren aurka. Hori ikusirik, oso probetxugarria izan zen Arroxelaren zelaian berdintzea.

FUNTSEZKO LAU PARTIDA

Heineken koparekin amesten has daiteke Baiona ala mailari eusten aski lan izanen du? Galdera horrek aski fite izanen du erantzuna. Hurrengo lau partidak funtsezkoak izanen dira Lapurdiko taldearentzat. Bigarren Mailara jaisteko hautagaien aurka jokatuko ditu laurak. Oyonnaxen eta Briveren zelaira joan beharko du, lehenik. Lyon eta Arroxela jasoko ditu ondotik. Parada ederra da etxetik kanpo lehen garaipena eskuratzeko, eta etxean puntuak pilatzeko. Hori eginez, gora begira jartzen ahalko da. Baina, gauzak okertuz gero, oso egoera arriskutsuan sartuko da sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.