Pilota. Lau eta erdiko finala. Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Oso-oso pozik nago; ez da erraza barneratzen»

Beste mugarri bat ezarri du: zazpigarrenez jarraian jokatuko du lau eta erdiko finala. «Sekulako balioa» eman dio: «Gauza handia da ikustea zure lana egiten baduzu goian eusten diozula».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Finala jokatu aurreko lehen egitekoa bete du Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996): elkarrizketa pila bat eman. Azkar egin nahi izan ditu, igandeko partida buru-belarri prestatzeko.

Aitor Elordiren aurka jokatu bezperan zenioen «sekulakoa» zela zazpigarren aldiz jarraian lau eta erdiko finalerdiak jokatzea. Nolakoa da zazpigarren aldiz finala jokatzea?

Are itzelagoa. Oso-oso pozik nago; ez da erraza barneratzen. Baina orain beste helburu bat dut, eta hori besterik ez dut buruan.

Aurreko aldietan baino poz handiagoa duzu?

Bai; poz handiagoa dut. Oso zaila da berriro finala jokatzea, eta kontuan hartzekoa da zazpigarrenez jarraian izatea. Behin finala jokatuta, saiatzen zara irabazten, eta gauza ederra da lortzea; baina aurretik egindako lana hartu behar da kontuan. Horregatik, sekulako balioa ematen diot zazpigarrenez jarraian finala jokatzeari.

Gero eta zailagoa delako?

Dudarik gabe. Gero eta aurkari gehiago daude, eta gero eta gehiago jokatzen dute: hiru txapelketa besterik ez dago urtean, eta guztiok oso ondo prestatzen ditugu. Ondo ez bazaude, eta aurkaria bete-betean, irabazi egiten dizu. Ez da erraza gorabeherarik gabe aritzea. Zorionez, halaxe ari naiz, eta oso pozik nago.

«Gero eta aurkari gehiago» daudela diozu, eta horren erakusle da bost aurkariren aurka jokatuko duzula finala. Baina zuk tinko eutsi diozu. Horrek zerbait esan nahi du.

Beti diot garai ona harrapa dezakezula, eta gora iritsi, baina goian eustea dela zailena. Nik eusten diot, eta horrek sekulako indarra eta konfiantza ematen dit. Gauza handia da ikustea zure lana egiten baduzu gai zarela goian eusteko.

Peio Etxeberria eta Elordi nabarmendu dira. Argi geratu da guztiek asko jokatzen duzuela.

Ez da topikoa, inondik inora. Txapelketa bat aurkezten dutenean, beti aipatzen dira zenbait faborito, baina hemen pilotari guztiek jokatzen dute asko.

Goian egon behar izateak presioa eragiten du. Nola egiten duzu presioari eusteko?

Zure lanean buru-belarri aritzea da modurik onena. Beti entzungo dituzu era guztietako iritziak, baina horrek ezin zaitu kezkatu; jendeak eskubide osoa du pilotari bat gehiago edo gutxiago gustatzeko. Zure lanean buru-belarri aritzea: horixe da egin behar duzuna.

Azkenaldian nahi baino gehiagotan hartu duzu min. Mesede egin dizu gelditzeak?

Ez, baina geldirik egonda, saiatu naiz txarrenari onena ateratzen: buruari atseden emateko eta indarberritzeko aprobetxatu dut, berriro ilusioz eta gogoz ekiteko.

Gustura zaude egin duzun txapelketarekin?

Oso gustura; aurkari onak izan ditut. Ondo hasi nintzen; gero, partida kaskarra jokatu nuen; baina azken bietan oso gustura aritu naiz.

Esan duzu irabazi dituzun sei txapeletatik bakarrean jokatu dituzula partida onak «hasi eta buka». Oraingoan jada jokatu duzu partida txar bat, Peio Etxeberriaren aurkakoa.

Oso-oso zaila da hasi eta buka bete-betean aritzea. Lau partida dira, eta sasoi ezberdinean harrapatzen zaitu bakoitzak, eta aurkariak ere ezberdinak dira. Haiek egin dutenak eragin handia du. Garrantzitsuena dena da berriz hor nagoela, ilusioz eta gogoz gainezka.

«Desastre aritu naiz», esan zenuen Peio Etxeberriaren aurka galdu berritan. Aspaldi ez zenuela halako etsipenik sentitu?

Halaxe sentitu nintzen, eta sentitzen dudana esaten dut beti. Aspaldi ez nituela horrenbeste pilota huts egin. Baina gertatu egin zen, eta aurrera egin nuen.

«Badakit halakoei buelta ematen», adierazi zenuen. Esan eta egin. Nola egiten da hori?

Hemen ez dago sekreturik: lehenbizi, ondo aztertu behar dira gaizki egindakoak; eta, gero, gogor entrenatu behar da, berriro gerta ez daitezen. Arreta osoa jarri behar da hurrengo neurketan, eta barruan duzun guztia eman.

Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko duzu finala. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Gogorra izango da; halakoak dira Josebaren aurkako lehia guztiak, asko jokatzen baitu. Saiatuko naiz dena ematen, eta ea zortea dudan. Baina zaila izango da irabaztea; sekulako pilotaria da Joseba.

11. aldiz jokatuko duzue elkarren aurka lau eta erdian. Sekretu gutxi izango dituzue, ezta?

Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta partida garrantzitsu asko jokatu ditugu elkarren aurka. Batzuetan bera nagusitu da, eta beste batzuetan, ni. Baina garrantzitsuena da biok ari garela gorenean.

Zertan da ona?

Abiadura handiz aritzen da, eta eskuin oso indartsua du; min handia egiten du, erritmoa aldatzeko gai baita. Saiatu behar dut haren eskuina saihesten.

Bi final jokatu dituzue elkarren aurka, eta bietan irabazi dizu. Zer oroitzapen duzu?

Hura gehiago izan zela; horregatik izan zen txapeldun. Irabaz diezadake, baina baita nik hari ere.

Errebantxarako gogoa duzu?

Ez, behin baino gehiagotan irabazi baitiot, eta baita hark niri ere. Pilota ez da final hau bakarrik; txapelketa askotan jokatu dugu elkarren kontra, eta beti izan dira garrantzitsuak partida horiek. Batek besteari irabazi dionean txapeldun izan da gero, edo, behintzat, gertu izan du txapela. Biak ondo ari garen seinale da hori.

Aurreko bi finalak Iruñean jokatu zenituzten, Nafarroa Arenan. Oraingoan, berriz, Bilbon ariko zarete. Mesede egiten dizu?

Ni gustura aritzen naiz Bilbon, baina Joseba ere bai. Biok oso ondo ezagutzen dugu frontoia.

Zein izango da gakoa?

Bietako inork ez dugu irabaziko defentsan arituta; agindu egin beharko dugu, eta dena eman kantxan. Erdigunea bere gain hartzen duena izango da txapeldun.

Irabaziz gero, zazpigarren txapela zenuke, eta 26 urte besterik ez duzu.

Ederra litzateke, baina erotu gabe, hankak lurrean izanda. Ondo entrenatu eta atseden hartu: hori da egitekoa orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.