Itxaso Uriarte. Realeko jokalaria

«Taldeak oinarri sendoak ditu hazten segitzeko»

Realeko jokalariak Zubietako egunerokoaz disfrutatzen ari dira berriro. Uriartek dio eskertu dutela berriz batera egotea eta zelaian jokatzea.

REALA.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Itxaso Uriarte (Gasteiz, 1991) jokalari funtsezkoa izan dadenboraldi askotan Realean. Lan isila egiten du, baina eraginkorra. Eguneroko lanak eraman du entrenatzaileen konfiantza izatera, eta beste horrenbeste lortu nahi du Natalia Arroyorekin.

Nola izan da Zubietako egunerokora itzultzea COVID-19aren pandemiak eragindako eten luzearen ostean?

Taldea gogoz zegoen itzultzeko, zaila baita etxean gauzak egitea eta sasoiari eustea. Eskertu dugu, gainera, egunerokoan elkarrekin egotea eta zelaian jokatu ahal izatea.

Asko aldatu da Zubietako egunerokoa birusaren ondorioz?

Ezarri dizkiguten osasun eta segurtasun neurriak bete behar izatea da aldaketarik handiena: ariketa fisikoa egiten ari ez garenean maskara erabiltzea, distantziak mantentzea, txandaka joatea dutxatzera aldagelan jende asko ez pilatzeko... Guztion onerako da neurriak betetzea, eta horretan ari gara.

Zubietako egunerokoan ez ezik, aulkian ere izan duzue aldaketa. Zer moduz lehen egunak entrenatzaile berriarekin, Natalia Arroyorekin?

Ondo. Lehen hartu-emana izan dugu harekin, eta pixkanaka ari da berak ezarri nahi duen jokatzeko erari buruzko ideiak azaltzen, eta gu horiek barneratzen. Gauzak argi eta zuzen azaltzen ditu, eta hori inportantea da jokalariontzat. Gainera, iritsi diren jokalari berriekin ere ari gara lanean zelaian eta zelaitik kanpo, ahalik eta azkarrena egokitu daitezen.

Gonzalo Arkonadaren oso desberdina? Zerk eman dizu atentzioa lehen egun hauetan?

Argi dago entrenatzaile bakoitza desberdina dela, eta bakoitzak bere lan egiteko modua daukala. Guk egin behar duguna da horretara ahalik eta azkarrena egokitu. Baina garrantzitsuena da taldeak aurreko sasoiko taldearen bizkarrezurrari eutsi diola. Horrek asko lagunduko digu.

Klubak zabaldutako entrenamenduetako irudietan ikusi da baloia oso presente dagoela ariketa gehienetan. Hori gustuko duzue, ezta?

Bai, are gehiago denboraldi-aurre honetan. Izan ere, denbora asko generaman baloia ukitu gabe, eta berriro ere lehen bezala sentitu behar dugu. Baina argi izanda, era berean, arlo fisikoa ere landu egin behar dugula, eta denboraldi-aurrea ere oso inportantea dela hori lantzeko, urtean zehar baino denbora gehiago duzulako hori modu zehatzagoan lantzeko. Pixkanaka ari gara horretan ere, lesioak eragozteko.

Nolako Reala ikusiko da datorren denboraldian?

Taldearen bizkarrezurrari eutsi diogu, eta uste dut oinarri sendoak ditugula hazten segitzeko. Azken sasoietan ikusi da talde ausarta garela, hutsak egiteari beldurrik ez diona. Baloia dugunean,erasoan gauzak proposatzea gustatzen zaigu, eta jokoaren ekimena izatea. Garbi izanda, halaber, atzean sendo egon behar dugula. Izan ere, hori lortzen badugu, taldeak baliabide onak ditu zelai erditik aurrera gola sartzeko aukerak sortu eta horietan asmatzeko. Uste dut bide horretatik jarraituko dugula, horretarako jokalari aproposak ditugulako, eta Nataliari ere jokatzeko era hori gustatzen zaiolako.

Gonzalo Arkonadarekin hiru sasoi egin eta gero, behar zenuten aldaketa, halako pizgarri bat?

Argi dago Gonzalok sekulako lana egin duela; ikusi besterik ez dago. Baina, orain, beste aro bat hasten da, eta ez dugu atzera begiratu behar. Asko aipatzen da entrenatzaile berri bat beti dela pizgarri bat, baina nik uste dut motibazio edo pizgarri hori jokalari bakoitzak izan behar duela berez, eta horrek laguntzen dizula hazten eta hobetzen. Betiere entrenatzailearen laguntzaz.

Fitxatu berrien artean zeinek eman dizu atentzioa?

Ez nuke izen bat aipatuko. Uste dut denak egiten ari direla beren ekarpena lehen egunetik, eta asko lagunduko digutela. Sannik [Franssi] izan ezik, beste guztiek ondo ezagutzen dute liga, eta horrek asko laguntzen du. Jakitun dira zein lehiakortasuna dagoen, eta ezin dela lo hartu.

Nolako aurrelaria da Franssi?

Aurrelari bati bi gauza eskatu behar zaizkio: golak sartzea, eta presioan laguntzea, askotan harengandik hasten baita. Bi gauzak dituela uste dut. Ikusten zaio egiten dituen mugimendu guztietan aurkariaren atea duela buruan, goleatzaile petoa dela. Gainera, oso bizkorra da. Langilea dela ere antzematen da, eta defentsan laguntzeko ere beti dagoela prest.

Ahoz aho dabil Nahikari Garciaren izena. Joango balitz, zer esan nahiko luke taldearentzat?

Une honetan guk dakiguna da hemen segitzen duela, eta bere onena ematen ari dela egunero entrenamenduetan. Profesional betea da, eta hori beti erakusten du. Inork ez dezala horretan zalantza egin. Argi dago asko ematen digula, baina denak gara garrantzitsuak, eta talde moduan arreta jarri behar dugu denboraldi-aurre on bat egitean.

Zer esan nahi du Amaiur Sarriegi Athleticetik etorri izanak?

Athleticen oso denboraldi ona egin du Bigarren Mailan, eta jarraipena eman nahi zion maila gorenean. Donostiarra da, eta hemen ikusi du horretarako aukera. Denen artean lagundu behar diogu bide horretan jarraitzen, ezaugarri oso onak dituelako.

Etenaldia, Real Madril Ligan egotea, bi talde gehiago aritzea... Aldaketa asko dira. Nolako txapelketa espero duzu?

Oso garrantzitsua izango da denboraldi-aurre indartsu eta ona egitea. Zalantzak eta urduritasunak izango dira lehen jardunaldietan, egoera berria izango delako, eta denbora asko daramagulako lehiatu gabe. Hori dela eta, hasierara ondo iritsi behar dugu. Hortik harago, liga orekatua eta lehiatua espero dut. Baina erregulartasun eta oreka bat lortzen badugu, bai emaitzetan, baitazjokoan ere, gora egoteko aukerak izango ditugu. Hori da helburua, eta batez ere lehiakorrak izatea.

Zuk zeuk beti lortu duzu entrenatzaileen helburua. Arroyorekin hori lortzea da zure erronka?

Beste denboraldi batez nire onena emango dut; nire izaeraren parte da. Lan eginez lortu dut lortu dudana, eta hala segituko dut. Egunero dago zer hobetua; entrenamendu eta partida bakoitzean horixe lortu nahi izaten dut. Horrek eramaten du jokalari bat entrenatzailearen konfiantza izatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.