Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari otsailean baimen bat eman zioten espetxetik ateratzeko, astean hiru egunetan. Boluntario gisa lan egiteko zen, eta adineko senide bat zaintzeko. Generalitateko Justizia Kontseilaritzak eman zuen erabakiaren berri. Bada, orain, Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du fiskaltzaren helegitea, eta kendu egin diote baimen hori —baliogabetze horrek ez dio eragingo uztailaren 14an eman zioten hirugarren graduari, eta espetxetik irteten segitu ahalko du—. Gainerako buruzagi independentista presoen egoeraren inguruan ere hark ebatziko du.
Gorenaren arabera, ez dago inongo loturarik onartutako tratamendu programaren eta egindako delitua dela-eta bete beharreko gizarteratze prozesuaren artean, eta baimen hori «justifikaezina» dela iritzi du. Berria jakin ostean, Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak berehala gaitzetsi zuen Gorenak hartutako erabakia: «Ez nau harritzen; auzitegi horrengatik ez dut justiziarik espero, badakit mendekua dela». Forcadellekin bat egin zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak ere, eta ebazpena «lotsagarria» zela adierazi zuen: «Injustizia bat da beste injustizia baten gainean».
Azken ebazpen horrek ondorioak izango ditu. Izan ere, horren bitartez, Auzitegi Gorenak adierazi du eskumena duela espetxe araudiaren 100.2 artikuluari buruz erabakitzeko, eta, beraz, aldatu egin du orain arte erabiltzen zen irizpidea —lehen, espetxe zaintzako epaileak erabakitzen zuen—. Gainera, Gorenaren arabera, fiskaltzaren helegitea nahikoa izango da 100.2 artikulua eta hirugarren graduak bertan behera uzteko.
Gradu horren kasuan, fiskaltzak oraindik ez du helegiterik aurkeztu, baina laster aurkeztuko duela espero da; azken erabakiaren ondotik, logikoena Gorenaren ebazpena baimenaren kontrakoa izatea da. Hori horrela, buruzagi independentisten zigorra malgutzeko aukera murriztu egin da.
Hirugarren gradua
Joan den ostiralean hasi ziren espetxetik irteten Kataluniako buruzagi independentista presoak, hirugarren gradua baliatuta.
Baimen horrekin, asteburuak etxean igaro ahal izango dituzte, eta astelehenetan itzuli beharko dute espetxera. Halere, egunez ateratzeko baimena izango dute astean zehar, baina, betiere, zortzi eta 11 ordu bitartean egin beharko dituzte presondegian.
Hiru espetxeetako tratamendu batzordeek presoei hirugarren gradua ezartzea proposatu zuten uztailaren 2an, eta Kataluniako Gobernuak ontzat eman zuen proposamena. Fiskaltzakaukera izango du erabaki horren kontrako helegitea aurkezteko espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hala egingo balu, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza, eta baliteke baimenaren aurkakoa izatea.
Carme Forcadelli kendu egin diote espetxetik lanera irteteko baimena
Gorenak hartu du erabakia, baina ez du eraginik izango hirugarren graduan. Gainerako buruzagien baimenen inguruan ere ebatziko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu