Sektoreko lan hitzarmena negoziatzeko, hemezortzi bilera egin dituzte sindikatuek FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioarekin, baina ez da akordiorik lortu. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen ustez, «patronalak ez du interesik izan sektoreko lan baldintzak hobetzeko edukiak negoziatzeko». Ondorioz, patronalaren aldetik «negoziazioa blokeatuta» dagoela ikusita, elkarrizketa mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek bat egin dute bost greba egunera deitzeko, eta lanuzteetara deitu dituzte metalgintzako Bizkaiko langile guztiak.
Lau sindikatuen arabera, «sektoreko enpresetan urte askotan hainbat langilek ez dute soldata igoerarik izan, ezta lan baldintzen hobekuntzarik ere». Maiatzaren 23an egingo da lehen greba, eta, gauzak aldatu ezean, ekainean beste lau greba egun izango dira, hilaren 6an, 7an, 20an eta 21ean. 50.000tik gora beharginek egiten dute lan Bizkaiko industriarik garrantzitsuenean, eta ez dute hitzarmen berriturik; 2011koa da sektoreko azken ituna.
FVEM patronalaren ustez, sindikatuek egindako deialdia «atzerapausoa da akordioa lortzeko bidean». Federazioak ukatu egin du negoziazioa blokeatua duela, eta zehaztu du 2018ko otsailean negoziazioak berriz abiatu zirenetik «bost soldata proposamen» egin dizkiela sindikatuei, «aldi bakoitzean aurrekoa hobetuz». Azken eskaintza urtarrilean egin zuen: 2018. urterako KPI+%1,75, (%2,85); 2019rako KPI+%0,25; eta 2020. urterako KPI+%0,25.
Enpresa elkartearen aburuz, «argi gelditu da FVEM une oro prest egon dela soldata taulen igoera duina negoziatzeko eraginpeko langile guztientzako». Soldata igoerez gain, beste zenbait gai «giltzarrietan» ere eskaintzak egin dituela esan du patronalak, hala nola, lan istripuen eta lan gaixotasunen aldi baterako ezintasunen osagarrietan, berdintasunean, ultraaktibitatean eta ituna ez betetzeko aukerari uko egitearen inguruan.
Mahaiko sindikatu guztien deialdi bateratuari buruz, patronalak esan du sindikatuen aldetik «negoziazio guztian ez dela izan eragintasun orokorreko hitzarmena posible egiten zuen proposamenik». Hain zuzen, asteazkenean sindikatuei leporatu zien ez zirela ados jartzen «ezta negoziazio mahaiaren hurrengo bilera zehazteko ere».
Plataforma bateratua
Bada, grebara deitzeaz gain, lau sindikatuek Bizkaiko metalgintzako hitzarmenerako plataforma bateratua ere erregistratu dute Lan Harremanen Kontseiluan, euren eskakizun nagusiekin. Besteak beste, 2018ko urtarriletik pilatutako atzerapenak ordain diezazkieten nahi dute; bai eta itun posiblearen kontura aurreratutako ordainketak itzuli beharrik ez izatea ere, haiek itunak jasotzen dituenak baino handiagoak diren kasuetan. KPI+%2ko igoera eskatzen dute tauletan, eta KPI+%1ekoa soldata errealetan, itunaren indarreko urte bakoitzeko.
Subrogazio eskubidea eta lan erreformatik blindatzeko neurriak ere nahi dituzte: tartean, mugagabeko ultraaktibitatea eta klausula bat, non enpresak uko egingo dion hitzarmena ez aplikatzeko aukerari. Zortzi orduko lanaldi murrizketa, aldi baterako kontratuak eta ABLE aldi baterako lan enpresak kontratatzeko aukera mugatzea, eta genero berdintasuna areagotzeko neurriak dira beste eskaera batzuk.
Bost greba egun Bizkaiko metalgintzan
Deialdi bateratua egin dute negoziazio mahaiko sindikatu guztiek: ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk. Lehen greba, maiatzaren 23an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu