Arrauna. Aiora Sorozabal. Tolosaldea taldeko patroia

«Patroi izateak bidea ireki dit»

Tolosaldea estreinakoz ari da lehiatzen Euskotren ligan, baita Sorozabal taldeko lemazain gaztea ere. Gorengo mailako profesionaltasunak eta arraunak berak mugitzen duen oldeak harritu du gehien Orexakoa.

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Mikel O. Iribar.
Orexa
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Azken egunotako bero oldea atzean utzita, lanbro itxi-itxiak esnatu du Orexa (Gipuzkoa), isilik. Itsas mailatik 420 metrora egon arren, Aiora Sorozabalek (Orexa, 2002) sarri eramaten du kresalaren arrastoa haren eta Orixe euskal idazlea zenaren jaioterrira; Tolosaldeko patroia baita. Herriko ostatu eraberrituan jarri du solasaldirako ordua. «Hemen egiten dut lan». Ruper Ordorikaren Martin Larralde abestia atzetik entzuten dela hasi da galderak erantzuten, luze eta zabal, elastiko urdina soinean duela.

Orexako bat, patroi?

Mendiz inguratutako herri batean bizi naizela eta, bitxia da. Mendi tontorretik itsasora.

Herritarrek zer esaten dizute?

Herrian babes handia daukat, eta haiei ere ilusio handia egiten die herriko bat traineru batean patroi joateak. Telebistaz ikusten dituzte estropadak, eta kalean tarteka gelditzen naute.

Nolatan heldu zinen arraun luzea hartzera?

12 urte nituen, eta, lagun batek bultzatuta, udan, Tolosaldeko arraun elkarteak antolatutako ikastaro batean eman nuen izena. Arraunean hasi, eta gustatu. Handik lau urtera, patroi gisa probatzeko gogoa sartu zitzaidan barruraino. Saltsan egotea gustatzen zait. Orduko entrenatzaileak aukera eman zidan, eta, kate bat bestearekin lotuz, duela bost urtetik Tolosaldea taldeko traineruko patroia naiz.

Lemazaina izateak zer eman dizu?

Bidea ireki dit, eta, alde horretatik, zorte handia izan dut; oso zaila baita behetik hasi eta gorengo mailara heltzea. Arraun munduan, patroi oso gutxi daude, eta asko kostatzen da bat topatzea. Taldeak bat hartzen duenean, patroiak lotura handia izaten du. Nire kasuan ere, halaxe izan da.

Baduzu ereduren bat?

Hasieran, bateletan aritzen ginenean Nerea Perez [Donostiarrako patroia] izan nuen eredu; hark bultzatu baininduen arraunera. Azken urteetan, Ander Etxegoien [Orioko lemazaina] izan dut. San Pedron aritzen zenean, batera entrenatzen ginen. Askotan sartzen zen gure trainerura, eta aholkuak ematen zizkidan, ziabogetan edota itsasoan trainerua ondo eramaten jakiteko. Gainera, presio eta tentsio guztiak lasaitzeko asko laguntzen zidan. Patroi batek beste patroi bati gehiago ulertzen dio arraunlari bati baino.

Patroi batek zer dohain eduki behar ditu?

Ezinbestean, egoera larrietan arraunlariei bi hitzetan lasaitasuna igortzeko erraztasuna izan behar du. Unean-unean, hitz egiten jakin behar du, eta hori patroiei ez diete irakasten. Gero, betikoa: teknikoki trebea izan behar zara, adibidez, olatuetan eta ziabogetan.

Ontziaren txopan jarduteko sena izatea ere garrantzitsua da?

Barrutik kanpora atera behar zaizun zerbait da. Berezko ezaugarriak beharrezkoak dira. Isilik egotekoa den bat, agian, ez da egokia patroi izateko.

Sarri hitz egitekoa zara?

Bai. Zeregin hori barru-barruraino sartuta daukadanez, ardura handia dudala sentitzen dut; arraunlariak piztuta mantendu behar ditut, eta lan ona egiten dutenean, zoriondu.

Ahotsa urratzen zaizu?

Odola jariatzen amaitu izan dut estropada askotan, ahotsa hainbeste urratzeagatik. Farmaziara joan-etorri asko egitekoa naiz. Lemazain asko daude eztarrian ebakuntza egin diotenak. Oihu egiten jakin egin behar dugu, sabeletik; ikasten ari naiz.

Sei urte hauetan, zuretzat zein izan da garairik gozoena?

Urte bakoitzean garai oso politak bizi izan ditut; azkena, Euskotren ligara igo ginenekoa. Asko markatu ninduen horrek. Bestalde, lehen bi urteak oso gogorrak egin zitzaizkigun, ez genuelako emaitza onik lortu; ostera, hurrengo bi denboraldietan, Patxi Frances entrenatzaile zela [orain Oriokoa], banderak irabazten hasi ginen, bata bestearen atzetik.

Zerorrek ere hobekuntzarik nozitu duzu?

Sasoi horietan patroi bakarra nintzenez, estropada guztiak jokatzen hasi nintzen, eta ardura handiagoa nuen. Pilatutako esperientziari esker, jauzi handia eman dut, arraunlariek bezalaxe.

Nolakoa da Tolosaldea arraun elkartea?

Atzetik sei urtez lanean egon den eta Euskotren ligan dagoen elkarte bat da. Uste dut kostaldeko arraunlariei bitxia egingo zaiela lehorreko herri batean arraun elkarte bat egoteak. Gu, berriz, harro gaude. Barrualdeko taldea izate horrek berezitasun handia ematen dio. Hori bai, gure lana meritutzat ez dugu hartzen.

Iaz, Euskotren ligara igo eta gero, arraunean etenaldi bat egiteko erabakia hartu zenuen.

ETE ligako azken bi sasoietan lehenak amaitu ostean, Euskotren ligara igotzeko presioa sentitzen genuen. Nik patroitza lana presio horretan ikasi nuen. Patroi batek ziaboga txar bat egiten badu edota estatxa garaiz hartzen ez badu, patroiak berak jaten du.

Egoera gehiago belztu zitzaizun?

Presio horrek gain hartu zidan. Une batzuetan oso gaizki pasatu nuen, eta ezin nuen horrela segi. Bestalde, jakin egin nahi nuen arraunetik kanpo 20 urteko gazte baten bizitza zer zen. Sasoia amaitu genuenean, taldekideei esan nien etenaldi bat egingo nuela. Aurretik erabakia hartuta neukan, baina isilpean gorde nuen, taldea zintzilik uzteko sentipena bainuen. Halere, hitzeman nien laguntza behar bazuten alboan izango nindutela.

Eta hala zaude, txopan berriz ere.

Ramonek [Erostarbe entrenatzaileak] maiatzean deitu zidan. Betidanik nire taldea izan dena ezin nuen utzi esku hutsik. Taldean beste bi patroi gazte ditugu, eta bide onetik doaz. Ramon ere patroia izan zen, eta horrek asko erraztu zidan erabakia hartzeko orduan.

Itzulera horretan, nolako estreinaldia izaten ari da?

Ilusioz eta motibazioz gainezka egon arren, arraunlariak bestelako aurpegiekin ikusten ditut. Azken urteetan, nahiz eta estropada ez hain onak egin, banderak irabazten genituen. Gorengo mailan, ordea, arraunean gozatzea ez da nahikoa emaitza ona lortzeko. Jauzi ikaragarria dago ETEtik Euskotren ligara. Arraunlariek sekulako eskarmentua dute. Gu haiekin alderatuta, berri-berriak gara. Pixkanaka, taldea egonkortuko da.

Zerk harritu zaitu gehien?

Profesionaltasun handia dago Euskotren ligan. Arraunlariak prestatuagoak daude, zailduago. Lehen telebistaz ikusten nituenak, orain, ondoan ditut. Horrez gain, gorengo mailak arraunzale asko mugitzen ditu. Hori bai dela arrauna!

Donostiarra nahi baino urrunago duzue?

Orain arteko sei estropadek eman dutena ikusita, gu baino gehiago dira. Oraindik asko geratzen da, eta harrapatzen saiatuko gara.

Orexatik San Pedrora. Kilometro asko pilatuko dituzu.

Bi ordu inguru igarotzen ditut joan-etorrian, baina niretzat ez da oztopoa. Horretara ohitu naiz.

Zu txopan, eta zure ahizpa, tostartean. Zuk xaxatuta?

Nik egin ditudan urratsei hark jarraitu egin die. Ez nuen inoiz imajinatuko biok traineru berean egongo ginenik. Ilusio handia egin dit, baita etxekoei ere.

Aita, Jokin Sorozabal, bertsolaria. Eta zu?

Ez, ez [barrez]. Halere, pena dut azken urteetan aita ez dudalaaurrez aurre oholtza gainean ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.