Mitxel Lakuntza. ELAko idazkari nagusia

«Erreformak estatuko lan itunak lehenetsi ditzake, argi»

Beste legegintzaldi baterako idazkari nagusi izendatuko duen kongresuaren atarian, ELAko buruak esan du datorrenaz «ohartarazi» nahi diotela gizarteari.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
xabier martin
Bilbo
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Pentsioen erreformaren nondik norakoak erabaki ditu Espainiako Gobernuak, eta lan erreforma azken fasean da. ELAk zabalik du haien aurkako greba orokorrera deitzeko aukera, baina ez du urrats hori egin oraindik, eta zain dauka gehiengo sindikalaren beste hanka nagusia: LAB. Mitxel Lakuntzak (Iruñea, 1976) berretsi du edukiak aztertu gabe ez dutela lanuztera deituko, nahiz eta epeak oso estuak gerta daitezkeen.

Greba orokorrera deituko du ELAk datozen asteetan?

Erreformen edukien arabera izango da. Balizko greba horrek helburu zehatza eduki behar du: lan erreforma eta pentsioena baldintzatzea. Eta eragiteko dugun bide zuzenena da egungo gehiengoak baldintzatzea.

Nola?

EH Bilduk eta EAJk bozkatzen dutenaren arabera baldintza daitezke gehiengoak, Madrilen.

Edukien berri izan arte ez baduzue deitu behar, 2021. urtearen barruan ez duzue deituko, ezta?

Ez dakigu.

Ez al dira epeak estuegiak abenduan greba batera deitzeko?

Ez dakigu nolakoak izango diren Madrilgo epeak. Gure esku dagoena da mobilizazioak martxan jartzea, eta abiarazi ditugu, bakarrik eta beste eragileekin ere bai. Gizarteari datorrenaz ohartaraztea da gure helburua orain; horretan ezin dugu huts egin. Hortik aurrera, eduki zehatzak ezagutu behar ditugu ezer erabaki aurretik. Ez dakigu oso denbora gutxian erantzun beharko dugun edo epeak malgutuko dituzten. Bruselak eta Madrilek dakite hori.

Erreformen aurkako manifestazioetara deitu du sindikatuen gehiengo zabal batek. Greba orokorraren deialdi bat egituratzen hasi zarete?

Guk hor ez dugu hitz egin greba orokorrari buruz. Alor horretan ELAk eta LABek ez dute ikuspuntu bera. Guk erreformekin lotu dugu, argi eta garbi, eta orain zera egin dugu: mobilizatzeko beharra konpartitu sindikatuen artean. Eta bada garrantzitsua gai izatea batera mobilizatzeko, desberdintasunak desberdintasun.

Lan erreforma forma hartzen ari da. Entzuten den musika horretatik, zer atsegin duzu gutxien eta zer gehien?

Agiriak irakurri nahi ditugu, Europako funtsekin egin genuen moduan. Hura irakurri eta gero, inork esaten ez zuena esan genuen: erabat baldintzatuta etorriko zirela, murrizketen truke. Orain argi geratu da.

Erreformaren negoziazioaren gorabeherak esanguratsuak dira ELArentzat?

PSOEk eta Unidas Podemosek sinatutakoak jasotzen duena dakigu erreformari buruz; gero zenbait gauza gertatu dira, eta ez norabide onean: PSOEk pisua hartu nahi izan du negoziazio mahaian, eta Calviño jarri du, Bruselarekin lotura egiten duen ministroa. Lehen abisu horren ondoren, beste agiri bat adostu dute gobernuko bi alderdiek, eta kontraesan handi bat jaso: «lan erreforma indargabetuko dugu, eta patronalarekin egingo dugu», esan dute. Hori ezinezkoa da: gezurra da.

CEOEk betoa dauka erreformaren negoziazioan?

Bai, jakina. Erreforma indargabetu behar badute, patronala gabe izan beharko du. Eta konplexurik gabe egin beharko lukete hori, PPk egin zuen bezala. CEOEk esan zuen espero zuen baino gehiago eman ziola PPk. Zergatik egin beharko lioke uko orain horri? Eskuinak egin zuen hori zergatik ez du orain egiten ezkerrak, PSOE horrela izendatzerik badugu? Hain zuzen, nire ustez ezin dugulako PSOE ezker gisa izendatu.

ELAk bi marra gorri ipini ditu, eta, behintzat, horietako bat gurutzatuko du erreformak: kaleratze erraz eta merkeena.

Estatalizazioa eta kaleratze kolektiboak azpimarratu ditugu. Kaleratzeak tramite bat bihurtu dira, eta oztopo bakarra sindikatuak gara. Batzuetan, epaileek geratzen dituzte, baina aurretik erresistentzia sindikala dagoelako. Araudi hori ez aldatzea marra gorri bat gurutzatzea da. Bestea lan itunekin lotua dago. Prebalentzia aldatzera doa, baina ez dakigu nola. Eta hemen arrisku handi bat dago euskal langileentzat: enpresa itunak azpiratzea estatuko itunak gainetik jarrita. Euskal alderdiek ontzat eman behar dute hemengo itunak Espainiakoek azpiratzea?

Esaten ari zara sektoreko itunei lehentasuna ematen badiete ez direla herrialdeko hitzarmenak aplikatuko, estatukoak baizik?

Horretarako arriskua badela esaten ari gara, gerta daitekeela erreformak estatuko itunak lehenestea, argi, edota edukien arabera erabakitzea prebalentziak: soldatak, ordutegia eta abar. Zer sektore itunetan eta zer edukitan ezarriko dituzten lehentasunak, hori da gakoa hemen.

Estatalizazioak indar hartzeko aukera ere bada, orduan?

Ez da sekretua CCOOk, UGTk eta CEOEk beti nahi izan dutela negoziazioaren monopolioa.

Unai Sordo gai ikusten duzu Espainiako ituna ezartzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metalgintzan, adibidez?

Zertarako egin genuen lanbide arteko euskal esparru akordio bat? Estatuko itunei muga bat jartzeko. Espainiako sindikatuak gai dira, noski.

Eragiteko eskatu diozue EAJri. EH Bilduri ere aldiro erreparatzen diozue; zertarako?

EH Bilduri esan diogu ez gaitzala saldu Madrilen. Erreforma indargabetzeko akordioa egin du gobernuarekin, eta koherente izateko baizik ez diogu eskatzen. EAJri eskatzen diogu 1994an egin zuena egiteko: orduan eragin egin zuen, mehatxu hori gauza ez zedin. Egin dezala berriro.

Gizarte kotizazioak handituko dira baby boom-aren auziari aurre egiteko. Konforme?

Ez da nahikoa pentsio publiko duinak bermatzeko. Bukatu gabe dago erreforma, eta argi dago zein den haren norabidea. Eraso koordinatu baten aurrean egon gaitezke, Bruselak funtsen baldintzak direla-eta zer dioen ere entzun behar baita. Belaunaldien arteko Ekitate Tresna onartu dute, eta azken helburua pentsioak murriztea da. Pentsioen kalkulua egiteko epea gehiago luzatzeko aukera dagoela berretsi dio Madrilek Bruselari. Hamabostetik 25era pasatu gara, eta 35era luzatzeko atea zabalik dago.

Eta nola konpondu behar da sistemaren bideragarritasun arazoa?

Diru sarrerak handituz, noski, orain erabaki duten neurri horri, kotizazioak igotzekoari, beste hainbat lotuz. Eta aberastasunaren banaketa oinarrizkoa da pentsio sistema publikoa sendotzeko. Murrizketa egin beste biderik ez dagoela zabaltzen dute etengabe, eta ez da egia.

Diru sarrerak handitu behar direla diozu. Nola?

Beste herrialdeetan egiten duten moduan: zergen bidez.

Baby boom-aren ondorioz, asko ugarituko dira pentsiodunak. Zein da ELAren proposamena: politika fiskala aldatzea?

Irakurketa osoa egin behar da. Demografia hor dago, baina jarduera tasari eta beste aldagai batzuei ere erreparatu behar zaie. Aurrekontu orokorrak dira erantzunaren zati handi bat, eta, horiei lotuta, politika fiskala, jakina.

Inflazioa %5etik gorakoa da. Enpresetan ez ote dira arazoak egongo soldatak koska hori guztia igotzeko?

Hitzartuta dagoena errespetatuko den ala ez, hori da kontua. Euskal Herrian, KPIa da erreferentzia historikoa. Ez dugu onartuko sinatuta dagoena errespetatzea ez den beste ezer. Soldatak ez dira arazoa, soluzioa baizik.

Lan gatazkak areagotuko dira enpresa ugari saiatzen badira itunaz besteko igoerak egiten?

Egoera hori gertatzen bada, bai. Badakigu batzuek zer-nolako saioak egiten dituzten aldiro. 2022an zenbait hitzarmen handi berritu behar dira, gainera...

Zer esan nahi duzu horrekin?

Guretzat ez dela negatiboa konfrontazio hitza; etsipena, isiltasuna... horiek dira hitz zakarrak gure hiztegian.

Iceta legeak atea zabaldu die ordezko langile publiko batzuei funtzionario izateko, oposizio arrunt bat gainditu gabe. Bidezkoa da soluzio hori?

Auzi honetan arduradun bat dago: administrazioa. Behin-behinekotasuna alor pribatuan halako bi da kasik alor publikoan. Nola konpondu behar da hori? Kalera joan behar dute behin-behineko langile horiek guztiek, orain? Une jakin batean konponbide bat eman behar zaio auziari, eta halako formula batek emango lioke irtenbidea, hein batean behintzat. Baina hemen asko dago konpontzeko oraindik. Ikusteko dago ireki den ate horretatik aurrera egingo duten administrazioek, eta nola. Berme nahikorik ez dugu ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.