Suella Braverman Erresuma Batuko Barne ministroak argi hitz egin zuen atzo Alderdi Kontserbadorearen urteroko konferentzian: «Mantxako kanala zeharkatzen duten ontziak gelditu behar ditugu. Denbora gehiegi iraun du honek». Izan ere, Londresek Mantxako kanala gurutzatzen duten etorkinei asiloa ez emateko asmoa dauka. Gobernuko iturriek hedabide batzuei filtratu zietenez, Bravermanek gobernuaren esku dauden «tresna guztiak» erabiltzeko konpromisoa hartu du «legez kanpoko» etorkinek kanala gurutzatu ez dezaten. Barne ministroak, baina, ez zuen zehatz-mehatz halakorik ahoratu konferentzian.
Londresek emandako datuen arabera, aurten 33.000 lagunek baino gehiagok zeharkatu dute kanala ontzi txikitan, iazko kopurua gaindituz. Horietatik 7.767 irailean heldu ziren; abuztuaren 23an soilik, 1.295. Gobernuak ohartarazi duenez, baliteke kopuru hori 60.000ra heltzea urte amaierarako.
Barne ministroak toryen bilkuran azpimarratu zuenez, immigrazioaren kontrolaz hitz egin behar da. «Ez da intolerantea esatea sistemaz baliatzen diren asilo eskatzaile gehiegi ditugula. Ez da xenofoboa esatea immigrazio masiboak eta azkarrak presioa eragiten duela etxebizitzen auzian, zerbitzu publikoetan eta harreman komunitarioetan». Bravermanen esanetan, kanala zeharkatzen dutenetako «asko» iristen dira «herrialde seguruetatik», eta Albania jarri zuen adibide gisa. Gobernuak filtratutako informazioaren arabera, «arauen gehiegikeria» amaitu nahi du Londresek, eta, immigrazioarekin lotuta, «ekonomiaren beharrak» asetzen ez dituzten etorkinen kopurua murriztu.
Iturri horien arabera, lege berriak egun indarrean dagoen legeriatik harago joango dira, eta Britainia Handira legez kanpo heltzen diren etorkinek debeku orokor bat izango dute.
Ekain hasieran, asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko hegaldi bat antolatu zuen Londresek, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertan behera utzi zuen, azken orduko errekerimendu baten ondorioz. Bravermanek atzo azpimarratu zuen bere «ametsa» litzatekeela immigranteak Ruandara bidaltzea, horrekin «obsesionatuta» dagoela, baina «denbora askoan» ez dela gertatuko, lege auziak direla medio.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu zuen Erresuma Batuko Gobernuaren migrazio politika «katastrofikoa» zela, eta Ingalaterrako Elizako buruzagitza osoak esan zuen «moralik gabekoa eta lotsagarria» zela.
Londresek, berriz, «kezka» agertu zuen Estrasburgoko auzitegiaren erabakiaren «izaera opakoagatik», azken orduan eman zuelako agindua, eta argudiatu zuen asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzea «moralki arduratsua» eta egokia dela «legez kanpoko immigrazioari» aurre egiteko.
Londresek asiloa debekatu nahi die Mantxako kanala igarotzen duten etorkinei
Bravermann Barne ministroarentzat, sistemaz «baliatzen» den immigrante «gehiegi» dago, eta «tresna guztiak» erabiliko ditu hori eragozteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu