Alemaniako kantziler Angela Merkelen eta AEBetako presidente Joe Bidenen kabineteek jakinarazi dutenez, luzea izan zen bi gobernuburuen arteko bileraren gai zerrenda: klima aldaketa,COVID-19ak eragindako pandemia, Txinaren garapen ekonomikoa... Horien artean, baina, leku berezia izan zuen Errusiak. Izan ere, bi gobernuen arteko adiskidetza agerian uzteko eginiko bilkurak Nord Stream 2 gas hodian topatu zuen desakordio konponezina. «Lagun onek desadostasunak izan ditzakete», adierazi zuen Bidenek, ulermen ezari garrantzia kendu nahian; bestalde, «proiektuaren gaineko ideia ezberdinak» dituztela esan zuen Merkelek. Biek ere Ukrainaren segurtasuna bermatzeko «neurri bateratuak» ezartzeko asmoan jarri zuten arreta.
Baltikoa zeharkatuz, Errusia eta Alemania batuko ditu Nord Stream 2 AG enpresa eraikitzen ari den azpiegiturak, eta, Errusiako presidente Vladimir Putinen arabera, laster martxan izango da. Etxe Zuria, ordea, eraikuntzaren aurkakoa da. Donald Trump presidente izandakoaren agintaldian hasi zen Washington proiektuaren aurkako neurriak hartzen, etazigor ekonomikoak ezarri zituen hainbat enpresaren kontra.AEBetako Estatu Departamentuak zigorrei eusteko moduko jarduerak egitea leporatu die aurten Nord Stream 2 AG eta haren zuzendaritzari, baina, «estatu interesak» tarteko, horiek bertan behera utzi zituen Antony Blinken Estatu idazkariak. «Presidentetzara iritsi nintzenean %90 eraikita zegoen. Beraz, zigorrak ezartzeak ez zuen zentzurik», azaldu zuen Bidenek herenegun.
Erabaki hark gaiaz lasaiago hitz egiteko aukera eman die bi aldeei, eta, proiektuaren inguruko adostasunik lortu ez duten arren, gai izan dira gutxiengo batasun bat agertzeko. «Nord Stream [proiektuari] buruzko nire kezka berretsi arren, uste dugu Errusiak ezin duela erabili energia bere bizilagunak hertsatzeko eta mehatxatzeko arma gisa; bat gatoz horretan», adierazi zuen Bidenek: «Gure aliatuak Errusiaren erasoetatik babestu behar ditugu».
Dirutza jokoan
Izan ere, hodi berriak Ukrainan izan dezakeen eragina da AEBen kezketako bat. Egun, herrialde hura da Errusiako gasa EB Europako Batasunera garraiatzeko bide nagusia, eta, Moskuk handik igarotzen diren hodien erabilera baztertuz gero, Ukrainako Gobernuak urtero 2.000 milioi euro bereganatzeari utziko lioke. Merkelek, ordea, aukera hori baztertu du, eta nabarmendu Nord Stream 2 hodiak ez duela Ukrainako hodi bidea ordezkatuko: «Gure asmoa da Ukrainak gas naturalaren igarobide herrialde izaten jarrai dezan». Hala adierazi zion Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri ere, hark ardura adierazi ostean, biek aste hasieran eginiko bileran.
AEBek eta Alemaniak Ukrainako presidente ohi Viktor Janukovitxen aurkako estatu kolpea babestu zuten 2014an, Maidan delakoan, eta, ordutik, gogor salatu dute Moskuk Ukrainarekin izan duen jarrera; hala nola Donbassko herri errepubliken defentsa eta Krimeako penintsularen anexioa.
Ukraina Errusiatik babesteko asmoa berretsi dute Merkelek eta Bidenek
Agintariek ez dute erdietsi adostasunik Nord Stream 2 gas hodiaren inguruan. Alemaniak esan du egungo bideei eutsiko dietela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu