Susana Perez de las Heras. Oroitu zentroko zuzendaria

«Espezialistarengana bideratzeko denbora gutxitu ahalko du»

Dementzia antzemateko aplikazio bat probatu dute neurologia arreta berezia eskaintzen duen zentro batean. Bertako buruaren iritziz, detekziorako «tresna on bat» izan daiteke.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Gaixotasunak garaiz antzematea«klabea» da Susana Perez de las Heras medikuaren ustez (Getxo, Bizkaia, 1963). «Eta horretarako ezinbestekoa da medikuntza prebentiboa». Hori sustatu ahal izateko esperimentu bat egin dute Getxon, Oroitu neurologian arreta berezia eskaintzen duen zentroan. «Dementzia unitate bat dugu». Hango zuzendaria da Perez de las Heras: «Detekzioan laguntzen duen edozein tresna da ona». Elkarrizketaren ondoren, Galdakaoko ospitalera (Bizkaia) joatekoa zen, koronabirusaren krisia dela eta «txanda» zuelako.

Ahotsaren bidez dementzia detektatzeko AcceXible start-up-ak egindako aplikazioa probatu duzue Oroitun, neurologia arreta berezitua eskaintzen duen zentroan. Zer ondorio atera dituzue esperimentutik?

Gu, mediku bezala, tresna teknologikoekin gaixotasun bat diagnostikatzeko garaian eszeptikoak izaten gara hasieran, batik bat narriadura kognitiboari dagokionean. Egia esan, erronka bat izan da esperimentua. Batetik, haiek ikusi nahi zuten ea pazienteentzat erraza ote zen erabiltzeko; eta bestetik, narriadura kognitiboa detektatzeko orduan, jakin nahi zuten ea korrelazio on bat egon zitekeen haien algoritmo eta ahotsen analisien eta gure datu basean diagnostikatuta ditugun pazienteen artean. Narriadura kognitiboa dutenei dagokienez, oso zabala da gure datu basea.

Nolabait esateko, Oroituk pazienteak jarri ditu. Eta AcceXiblek aztertu du, bere matematikarien bidez eta pazienteen ahotsa aintzat hartuta, narriadura kognitibo hori detektatzeko aukera. Gure datu basean diagnostikatuta dauden pazienteekin korrelazioan jarri du, eta ikusi du baietz, korrelazio on bat dagoela tresnaren eta guk kontsultan detektatukoaren artean. Korrelazioa, sentsibilitatea, oso ona da, %90 ingurukoa. Hori bai, argi utzi nahi dut ez duela diagnostiko bat egiten, hori medikuok egiten baitugu. Tresnaren bidez egindakoa arazo bat detektatzeko proba bat da.

Zer egin behar dute erabiltzaileek proba horretan?

Hainbat test bateria erabiltzen ditugu, hizkuntzarekin, memoriarekin, orientazioarekin, exekuzio ahalmenarekin eta arazoak konpontzeko gaitasunarekin lotutakoak. Narriadura kognitiboari dagokionez, bereziki interesa dutenak dira memoria, hizkuntza, eta exekuzio ahalmena. Orduan, hori iPad-ean sartzen da, eta test bateriak bidaltzen zaizkio erabiltzaileari. Aplikazioa grabatzen hasten da erabiltzailea ahotsaren bidez aginduei erantzuten hasten denean.

Zuen pazienteei zer iruditu zaie?

Oso ondo hartu dute, ez diote uko egin. 20 minutu inguru irauten du probak. Ohiko kontsulta batean 40 bat minutu behar dituzu detektatzeko. Are gehiago, proba hori ez du zertan mediku batek egin; gurean psikologoek egin dute. Horrek ahalbidetzen digu kontsultak oso bideratuak izatea. Hau da, narriadura kognitibo bat antzematen dela? Arazo bat dago, eta espezialistaren esku geratzen da.

Hau da, nolabait lan bat aurrezten dizue?

Bai; lehen kontsulta horri begira lan bat aurreztu dezake. Paziente arinez ari gara, e? Etortzen zaizkigu kontsultara esanez gauza batzuk ahazten dituztela, ez duela ondo lan egiten... Kasu horietan, tresna horrek detekzioa ahalbidetzen du. Ondo trebatutako erizainek edo psikologoek ere egin dezakete proba hori. Gero sartzen gara gu, diagnostikoa egiteko.

Egin duzuen esperimentuaren emaitzan egon al da ezustekorik?

Oso gutxi. Egia da, dena den, ondo hautatutako pazienteak zirela; hau da, narriadura kognitibo arina dutenak. Gero, noski, konparazioa egin dugu sano daudenekin, narriadura kognitiborik ez dutenekin. Frogatu behar duzu tresna gai dela bi talde horiek bereizteko.

Aplikazioaren zer alderdi nabarmenduko zenuke?

Detekzioaren azkartasuna, batez ere. Erabili ahal izango lukete egiazki espezialista ez direnek ere.

Eta norberak etxean?

Ez dakit autoadministraziora iritsi ahal izango den... Abantaila da espezialista batengana bideratua izan aurretiko denbora gutxitu ahalko dela. Pentsatu ezazu memoria arazo bat duzula, eta esaten dizutela neurologoari itxaron behar diozula detekzio bat egin dezan. Bada, detekzio hori lasai asko egin ahal izango luke erizain batek lehen mailako arretan, neurologoarengana bideratua izan aurretik. Detekzioa medikuntza prebentiboa da, eta horretara jo behar da.

Tresna komertzializatu ahal izateko beharrezkoak diren ziurtagiri batzuen zain dago AcceXible. Arazoren bat egon daiteke komertzializatua izateko orduan?

Tresna honek batzorde etiko baten iragazkia pasatu beharko zuen, bestela guk ezin izango genuen-eta pazienteekin probatu. Euskadiko batzorde etikoak onartu zuen, eta uste dut ez dutela arazorik izango ziurtagiriak lortzeko, printzipioz emaitza onak eman dituen tresna bat baita. Hiru arrazoi sendo daude komertzializaziorako: detekzio denbora laburtuko du, espezialista izan gabe osasun arloko langile batek aplikatu dezake, eta hogei minutu irauten duen proba bat da.

Antzeko tresnarik ba al dago?

Beste gaixotasun batzuetarako badaude. Baina narriadura kognitiborako... Nik ez dut antzeko beste tresnarik ezagutzen. Kontuan hartu behar da, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko 65 urtetik gorako populazioaren %9k narriadura kognitiboa duela. Horrenbestez, tresna on bat izan daitekeela uste dut. Gaur egun oso arraroa da pazienteak dementzia handi edo larri batekin etortzea kontsultara. Ohikoena paziente gaztea da, 55 eta 65 urte artekoa, esaten dizuna da ez dakiela zer gertatzen zaion, gauzak errepikatzen dituela, ahazten dituela.

Alzheimer Europa fundazioak joan den otsailean plazaratutako txostenaren arabera, zortzi bat milioi pertsonak dute gaixotasun hori Europan, eta 2050ean kopurua ia bikoiztu egingo da. Zuek nabaritu duzue kasuak ugaritzen ari direla?

Bai. Logikoki, etorkizuneko gaitza izango da. Dementzia hor dago, bizi itxaropena handiagoa delako, mundu estresagarri batean bizi garelako. Egin kontu, uneotan koronabirusa dela eta bizitzen ari garenaren harira: narriadura kognitibo arin bat duen pertsona bati arazo bat sor dakioke etxean konfinatuta egoteak. Hizkuntzaren bidezko komunikazio gabezia horrek narriadura kognitiboa handitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.