Ainhoa Labaka eta Mar Soriano. Solidary Wheels

«Migratzaileak modu eredugarrian antolatu dira»

Labakak eta Sorianok azaldu dute joan den astean Melillako hesia gurutzatu zuten migranteak antolatzen ari direla beren eskubideen alde: «Haiek badaukate ahots propioa».

BERRIA.
jone arruabarrena
Melilla
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Melillara (Espainia) igeri iritsi eta beren burua hiritik irten ezinik ikusi duten gazte marokoarrekin biltzen da Solidary Wheels elkartea. Hartan ari dira Ainhoa Labaka (Durango, Bizkaia, 1999) eta Mar Soriano (Bartzelona, 1997), boluntario eta abokatu lanetan.

 

Zer egiten duzue elkartean?

AINHOA LABAKA: Asistentzialismo hutsetik urrundu nahi dugu. Espazio bat sortzen dugu horizontaltasunetik abiatuta, noiznahi laguntza emateko. Esaterako, abokatu batekin auzitegira joatea, babes internazionala eskatzea... Astean bi aldiz, afariak ere ematen ditugu elkarrekin egoteko guneak sortzeko.

Zer ezaugarri dauzkate zuekin biltzen diren migratzaileek?

MAR SORIANO: Melilla Europako Batasunaren eta Afrikaren arteko mugan dagoen hiri bat den heinean, migrazio mota ezberdinak dauzkagu. Guk, zehazki, kalean egiten dugu lan, eta 15 eta 23 urte arteko gazte marokoarrak aurkitzen ditugu. Muga igeri pasatzen dute, eta asko bidean hiltzen dira. Normalean, banaka igarotzen dira. Afrikako beste herrialde batzuetako biztanleek ezin dute igerian zeharkatu, ez dietelako uzten Marokoko porturaino iristen; horregatik pasatzen dira hesiaren gainetik.

Nolako ibilbidea egiten dute azken horiek hesira iristeko?

SORIANO: Marokoko Gurugu mendian egon ohi dira. Beste herrialde batzuetatik Nadorrera heltzen diren migratzaileak derrigortuta daude han bizitzera, ez baitute besterik. Espainiaren eta Marokoren arteko akordioaren ondoren, Polizia askoz modu bortitzagoan oldartzen zaie mendi horretan kanpalekuak eraiki dituzten migratzaileei. Hori izan da azken asteko gertakariaren eragileetako bat.

Zer egoeratan heltzen dira hona datozen migratzaileak?

SORIANO: Guztia pentsatuta dago hona heltzen direnean hemendik kanporatzeko. Marokoren aldeko hesiek marrazak dauzkate, eta kalte asko egon ohi dira horiengatik. Aurretik egin duten migrazio prozesu guztiak ere nabarmen eragiten die osasunean. Emozionalki eta mentalki, berriz, karga handia izan ohi dute. Bai bidaiagatik, eta bai Marokon ematen dieten tratuagatik.

Azken asteetako gertakarien harira zabaldu da «oldarkorrak» direla sartu ziren migratzaileak.

SORIANO: Uste da Espainiak hartuko dituela, eta, horren ordez, esaten diete ilegalak direla, erasokorrak direla... Garrantzitsua da migratzaileak ez infantilizatzea, eta ikustea nola antolatu diren hesia gurutzatzeko: modu eredugarri batean, beren eskubideak defendatzeko. Eta hori ikusten ari gara azken hilabeteetan. Beraz, ezin dugu beraien ordez hitz egin; beraiek badaukate ahots propioa.

Behin Melillara iristean, guztiak bidaltzen dituzte CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroetara?

SORIANO: Guztiak ez. Gazte marokoarrak ez dituzte onartzen, debekatuta daukate, eta ez dute inolako azalpenik ematen debeku hori justifikatzeko. Horregatik, guk kalean geratzen diren marokoarrekin egiten dugu lan. Oraingoan, gainera, berrogeialdia egitera behartu dituzte azken astean CETIan sartu diren gazteak, heldu zirenean antigeno testak egin zizkieten arren. Horregatik esaten dugu atxiloketa ilegal bat dela berrogeialdia baino gehiago.

Zentro horietatik irtetean, zer gertatzen da haiekin?

SORIANO: Martxoan hesia gurutzatu zutenek eta aste honetan pasatu direnek ere babes internazionala eskatu dute, beren herrialdeetan gatazkak daudelako, edo indarkeria klimatikoagatik. Martxoan eskatu zituztenetatik, guztiak onartu dituzte tramiterako, eta, beraz, penintsulako beste leku batzuetara mugitu ahal izan dute.

Eta kalean geratzen diren marokoarrekin?

SORIANO: Askok ez dute eskatzen babes internazionalik, uste baitute ez dietela onartuko. Baina, orduan, ezin dira atera Melillatik. Hiri hau eta Ceuta Schengen eremuaren salbuespena dira, eta, orduan, dokumentazio legalik ez daukatenak ezin dira atera hemendik. Beraz, hemen geratzea beste aukerarik ez dute izaten. Horregatik, batzuk hasiak dira babes internazionala eskatzen, eta Melillatik atera ahal izan dira, hemen kalean bizitzea besterik ez daukatelako.

Babes hori izateko eskubidea daukate?

SORIANO: Espainiak nazioarteko babeserako akordioa sinatu zuen, eta, beraz, bete beharra dauka.

Joan den astean hesia gurutzatu zuten migratzaileak berrogeialdian daude, baina zer gertatu da gurutzatzea lortu ez zutenekin?

SORIANO: Zabaldu diren bideoetan ikusi daitekeenez, CETIetan sartu zirenak baino gehiago iritsi ziren Espainiara, baina legez kanpo bueltatu zituen Poliziak Marokora. Behin Espainiako lurra zapalduta, Poliziak debekatuta dauka hori egitea; araudi internazionalaren kontrakoa da, eta, modu horretan, gainera, ezin da jakin adingabeak diren edo babes internazionala jasotzeko baldintzak betetzen dituzten.

Espainiako eta Marokoko gobernuek ez dute azalpen argirik eman joan den ostiralean gertatutakoaren inguruan.

LABAKA: Bi gobernuetatik independentea izango den ikerketa bat egiteko eskatu dugu. Argitu behar da Espainiak eta Marokok sinatutako akordioak zer ondorio izango dituen migratzaileengan. Kooperazio hori izango bada Melillara sartzeko saiakera bakoitzean 37 hildako egotea, eztabaidatu egin beharko da Espainiako Gobernuaren norabidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.